Jardunaldiak Bilbon Gerardo Diegoren heriotzearen 25. urteurrena ospatzeko
2012-04-16 14:29 jardunaldiakBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gerardo Diegoren (1896-1987), 27ko belaunaldiko kide garrantzitsuaren, heriotzearen 25. urteurrena ospatuko dau, Juan Larrea (1895-1980) poeta bilbotarragaz izan eban literatura eta adiskidetasun lotura estua aztertuko daben bi jardunaldigaz. Topaketak hilaren 19an eta 20an izango dira Bidebarrietako Liburutegian.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gerardo Diegoren (1896-1987), 27ko belaunaldiko kide garrantzitsuaren, heriotzearen 25. urteurrena ospatuko dau, Juan Larrea (1895-1980) poeta bilbotarragaz izan eban literatura eta adiskidetasun lotura estua aztertuko daben bi jardunaldigaz. Topaketak eguenean eta barikuan izango dira Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta sarrerea librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.
Gerardo Diego gogoratuz izenburu orokorragaz, apirilaren 19ko lehen jardunaldian José Fernández de la Sota poeteak —2010eko Euskadi Literatura Sariak—, hartuko dau parte. Fernández de la Sotak, bi poeten arteko adiskidetasun sakona aztertuko dau, baita literatura hartu-emonak be, izan be, Gerardo Diegok, idazle euskaldunarengan eragin handia izateaz gan, frantsesetik gaztelaniara itzuli eban Larrearen lanaren parte handia.
Izan be, Larrea, Gerardo Diegoren eta Vicente Huidobroren bitartez, liluratuta geratu zan poesiagaz, eta poesia horretan urtekerea bilatu eutson inguruan eukan errealidade kaskarrari. Nahiko bizimodu lasaia eukan, artxibozain eta liburuzain moduan, baina inguruneagaz eta bere buruagaz eukan deskontentuak iges bikotxera eroan eban: lehenengo Parisera, eta bertan gaztelania baztertu eta frantsesa hartu eban sorkuntzarako hizkuntzatzat; bere igesaldiaren bigarren faseak Mundu Barrira eroan eban, eta bertan buru-belarri sartu zan Colonen aurreko kulturen azterketan.
Poeta legez, Larrearen lanak oso hasiera indartsua izan eban, izan be, Gerardo Diegok leku garrantzitsua eskaini eutson bere Antologian, poema azpimarragarriak ezagutarazoz, gitxi izan baziran be. Halan da be, erbestearen ondorioz, ia erabat ezezaguna izan zan Espainian. 60ko hamarkadearen amaieran, surrealismoaren eta abangoardien aurreko interes barriaren ondorioz, Larrearen poesia lan osoa argitaratu zan, Versión celeste izenburupean.
Kontuak kontu, jardunaldiak José Fernández de la Sotak zabalduko ditu, Diego-Larrea: 1912-2012 cien años de un encuentro izeneko poesia berbaldiagaz. Horrezaz gan, Andrea Uñak eta Udane Goikoetxeak bi egileen poemak irakurriko ditue.
Apirilaren 20ko jardunaldiaren protagonista, barriz, Pureza Canelo (Cáceres, 1946) poetea, Gerardo Diego Fundazinoaren Zuzendaria, izango da. Palabras para Gerardo izeneko berbaldi-errezitaldia eskainiko dau. Egile horrek jaso dituan sarien artean honako honeek azpimarra daitekez: 1970eko Adonais saria, Lugar común lanari esker; Espainiako Liburuaren Institutu Nazionalak emoten dauen Juan Ramón Jiménez Saria 1980an, Salamancako Hiria Saria 1999an, No escribir lanagaitik, eta Literatura Sorkuntzako Juan March bekea 1975ean, besteak beste. Bere poesia lanen artean Celda verde, El barco de agua, Pasión inédita eta 1995ean idatzitako Moraleja azpimarra daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!