Basque Audiovisual Canneseko MIPTV azokan izango da euskal ikus-entzunezko sektorea ordezkatuz

Bizkaie! 2012-03-27 11:33   Barriak

Basque Audiovisual markeagaz honako euskal ordezkari honeek joango dira: Baleuko, Dibulitoon Studio, EiTB, EPE/APV, Exppresive, Idem 4, Mediabask, Pausoka, Somuga eta Ubiqa.

Basque Audiovisual marka Canneseko MIPTV azokan egongo da aurten, barriro be. Ikus-entzunezko edukien eta eduki digitalen nazinoarteko azokea munduko garrantzitsuenetakoa da, plataforma guztietarako entretenimendua sortzeko, produziduteko, erosteko, saltzeko, finantzetako nahiz banatzeko. Euskal ikus-entzunezkoen nazinoarteko markeak seigarren aldiz hartuko dau parte ekitaldi honetan, eta barriro be, stand bat eukiko dau Riviera pabiloian, ekitaldiaren erakustokiaren gunean, hain zuzen.

Basque Audiovisual markeagaz honako euskal ordezkari honeek joango dira: Baleuko, Dibulitoon Studio, EiTB, EPE/APV, Exppresive, Idem 4, Mediabask, Pausoka, Somuga eta Ubiqa. Horreek guztiak R31.29 standean egongo dira. Standa azokeak iraungo dituan lau egunetan zabalik egongo danez, apirilaren 1etik 4ra, profesionalen arteko topaketak antolatuko dira, eta MIPTV azokan egongo diran hainbat euskal enpresaren lanak erakutsiko dira.

Eiken Ikus-entzunezkoen Euskal Klusterraren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko baterako ekimen horren bidez, euskal ikus-entzunezkoaren presentzia bermatuko da eta enpresen merkataritza lana sustatuko da nazinoarteko erakustoki nagusi horretan. Horren harira, azokan bertan egongo diran enpresez gan, Basque Audiovisualen standak sektoreari eta bere produkzinoei buruzko informazino zuzena eskainiko dau, horretarako egindako nazinoarteko katalogoaren bidez. Informazino guztia webgune honetan eskuratu daiteke: www.basqueaudiovisual.com.

Antolatzaileen datuen arabera, 2012ko MIPTV azokeak 100 herrialdetako 11.500 parte-hartzaile batuko ditu. Helburu nagusia industriaren merkataritza alderdiari erraztasunak emotea eta sektorea sustatzea da; hain zuzen be, 1.500 erakusle eta balizko 4.000 erosle baino gehiago erregistrau dira. Era berean, azokeak iraungo dauen lau egunetan, hainbat hitzaldi eta lantegi egingo dira, eta munduko ikus-entzunezko industriaren arduradun nagusiek parte hartuko dabe.

Aurten, azokeak sei atal nagusi izango ditu: nazinoartean ekimen mota horreek bultzatzera bideratutako koprodukzino bati buruzko goi bilera bat; 2012an emongo diran telebistako proiektu nagusien aurkezpena; marka handien jarduerea eta telebistagaz daben alkarreragina -besteak beste, Urteko markearen bigarren edizinoaren banaketea-; plataforma eta euskarri digital barrien bidez produktuak monetizetako gaitasuna; animazinoa, eta 3Dko telebista.

Hizlarien artean, Josh Sapan AMC Networks enpresako zuzendari nagusia egongo da, besteak beste. 2012ko MIPTV azokearen hitzaldi nagusiaren arduraduna da Sapan, eta gero eta lehiakorragoa dan munduan entretenimenduko marka bereizgarriak sortzeko aukereari buruz berba egingo dau. Era berean, Jonathan Mildenhall Coca-Cola enpresako Publizidade Estrategiako lehendakariordeak berba egingo dau, entretenimenduaren arloan markearen eta bezeroaren arteko hartu-emonei buruz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu