Herensuge hegalduna izango da maiatzaren 4tik 11ra egingo dan Fant, Bilboko Zine Fantastiko Jaialdiaren irudia

Bizkaie! 2012-03-15 13:27   Barriak

Fant, Bilboko Zine Fantastiko Jaialdia martxan dago honezkero. Barriro be, aurrerapena, fantasiazko generoagaz dogun urteroko hitzordua iragarteko diseinau dan kartelaren eskutik dator. Joan dan urtean Bilbo txikitero zonbiek inbadidu baeben, eta aurreko urtean Mom aramua bazan bizi bildurgarria hartu ebana, oraingo honetan mehatxua airetik dator, herensuge hegaldun moduan.

Fant, Bilboko Zine Fantastiko Jaialdia martxan dago honezkero. Barriro be, aurrerapena, fantasiazko generoagaz dogun urteroko hitzordua iragarteko diseinau dan kartelaren eskutik dator. Joan dan urtean Bilbo txikitero zonbiek inbadidu baeben, eta aurreko urtean Mom aramua bazan bizi bildurgarria hartu ebana, oraingo honetan mehatxua airetik dator, herensuge hegaldun moduan. Herensugea gure uriko zeruan ibiliko da, nahasketa eta suntsipena sortuz Bilbo apokaliptikoan.

Beste urte batez, maiatzaren 4tik 11ra doan astean, Bilbo zine fantastikoaren uriburu bilakatuko da, Fant jaialdiaren XVIII. edizinoa dala eta. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak joan dan urtarrilean zabaldu eban lehiaketan parte hartuko daben filmak aurkezteko epea, zenbait barrikuntzagaz. Aurtengo edizinoan, epaimahaiaren eretxiz eta jaialdiko ikus-entzuleen eretxiz film labur onenei emoten jakezan bi sariei, Euskal Film Labur Onenari emongo jakon Epaimahaiaren Saria gehitu jake. Sari horrek 2.000 euro banatuko ditu.

Gainera, edizino honetan, Euskal Gidoigileen alkarteak sekzino ofizialeko Gidoirik Onenari emongo deutson ohorezko sari barria banatuko da. Lehiaketan parte hartu nahi daben luzemetraiak eta film laburrak ikusteko kopiak jasoteko epea martiaren 31ra arte egongo da zabalik.

Aitatutako sari horreez gan, Fant 2012k bere erreferentziazko sariakaz jarraituko dau; sekzino ofizialeko genero fantastikoko Luzemetraia Onenari emoten jakon Saria filmaren egileari emongo jako, ohorezkoa izango da eta oroitzapeneko garaikurra jasoko dau. Fantrobia Saria be ohorezkoa izango da, eta azken urteetan, fantasiazko zine generoan gorako bidea erakutsi dauen personeari emongo jako.


Herensugearen hegaldia

Zineagaz zuzenean lotutako alderdiaz gan, Fant-eko kartela jaialdiaren nortasun ikurretako bat bilakatu da. Oraingo honetan antolatzaileek irudi zirraragarria aukeratu dabe eta, bide batez, keinua egin deutse Erdi Aroan, rol jokoetan… inspirautako genero fantastikoaren zaleei. Izan be, irudi horren protagonismo osoa irudi fantastiko unibersal batek, herensugeak hartzen dau, oraingo honetan, Bilbon kazan dabilen herensugeak.

Izan be, irudi hegaldunak doguz gure uriko zeruan. Salbeko zubian, Guggenheim museotik oso hur, eszena ikaragarria ikusten da, herensugeak biztanleak erasotzen, eta euren atzean, sua eta suntsipena nagusi dituan panorama negargarria. Irudian, Daniel Buren artistearen arku gorri ezagunean pausatuta dagoan piztia ikusten da, bere erpeetan Bilbobuseko autobus bat dauela.

Oso segundo gitxitan, Bilbo abangoardiako uri kosmopolita izatetik kaosaren eta nahasketearen irudi bizia izatera igaro da. Izan be, testuingurua Bilbon hain esanguratsua dan lekuan egoteak, genero fantastikoaren eta Bilboko uriaren, hau da, uriaren alderdi abangoardistenaren eta modernoenaren, arteko lotura zuzena ezartzeko ideiari erantzuten deutso. Era berean, dauen itxureagaitik eta kokaguneagaitik, zubiak berak etorkizuneko atea irudikatzen dau, Stargate-ko denporaren atearen antzekoa.


Apokalipsia

Fant-en edizino honetan, eta azteken egutegiaren arabera munduaren amaiereagaz bat etorriz, Apokalipsia adierazoteko ahalegina egin dauen edo, gerrak, hondamendi naturalak edo suntsipeneko istorio fantastikoak kontetako Bibliako pasarte horretan inspirau dan filmografiari eskainitako ziklo berezia jasoko dau. Ziklo hori jaialdiaren bigarren egoitzan eskainiko da, Otxarkoagako Udaltegian.

Saioak maiatzaren 7an, 8an, 9an eta 10ean izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta bertan honako lan honeek eskainiko dira: The last man on earth (1954), Richard Mathesonen Soy leyenda eleberriaren lehen egokitzapena; El incidente, The road eta gai horri buruz lehiaketan jasotako film laburren aukeraketa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu