Nanteseko Zinema Jaialdian euskal filmak protagonista
2012-03-13 10:02 BarriakAlex de la Iglesiari omenaldia egingo jako, bere pelikula onenetarikoak batzen dituan zikloa antolatuta. Era berean, La chispa de la vida filmaren Frantziako aurrestreinaldiagaz abiatuko da zinema-jaialdia, zuzendariak berak aurkeztutako ekitaldi batean, Nanteseko Operan.
Festival du Cinema Espagnol de Nantes zinema-jaialdiak 12 urte daroaz Euskal Herriari leiho bat zabaltzen, bere zinemagile onenen eskutik, Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz, gaur egun Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzeagaz. Aurtengo edizinoa hogeita bigarrena da (martiaren 15etik 25era), eta bertan, euskal ordezkaritza oso zabala izango da:
- Alex de la Iglesiari omenaldia egingo jako, bere pelikula onenetarikoak batzen dituan zikloa antolatuta. Era berean, La chispa de la vida filmaren Frantziako aurrestreinaldiagaz abiatuko da zinema-jaialdia, zuzendariak berak aurkeztutako ekitaldi batean, Nanteseko Operan.
- Bernardo Atxaga zineman zikloak, barriz, euskal idazle garaikide nazinoartekoenetarikoa hurreratuko deutse ikus-entzuleei, berak idatzitako eleberrien inguruan gaur egunera arte filmau diran hiru film luzeak proiektatuta: Montxo Armendarizen Obaba, Imanol Rayoren Bi anai eta Aizpea Goenagaren Zeru Horiek.
- Euskal zinemagileek zuzendutako urteko film onenetariko batzuek parte hartuko dabe jaialdiko lehiaketa-sailean: Montxo Armendarizen No tengas miedo (2011) filmak Sail Ofizialean, Telmo Esnalen Urte berri on amona (2011) eta Imanol Rayoren Bi anai (2011) pelikulak Fundación Borau-Opera Prima Saria lortzeko lehiatuko dira, eta Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren El último paso (2011) Dokumental Onenaren Saria eskuratzeko hautagaia da. Baina euskal ordezkaritzea ez da horregaz amaitzen: Asier Altunaren Bertsolari (2011) eta Pedro Aguileraren Naufragio (2011) filmeez gan, jaialdian ikusgai izango dira zinemaren historian bere osotasunean euskeraz egindako lehenengo filmak. Pelikula horreek Gotzon Elortzak zuzendu zituan eta Euskadiko Filmategiak orain dala gitxi zaharbarritu ditu. KIMUAK 2011 egitasmoko film laburrek be barriro parte hartuko dabe Nanteseko zinema-jaialdian, eta horreetako batzuk Film Labur Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira: Lagun mina (Jose Mari Goenaga), Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro), Bucle (Aritz Moreno), She’s lost control (Haritz Moreno) eta La media pena (Sergio Barrejon).
Alex de la Iglesiaz gan, asko dira Nantesen izango dirala baieztatu daben pertsonaiak, besteak beste, Montxo Armendariz, Aizpea Goenaga, Telmo Esnal, Enara Goikoetxea, Iurre Telleria eta Pedro Aguilera. Era berean, gogorarazo behar da banatzen diran sei sarietako lau eskuratu zituala euskal zinemak 2011ko edizinoan: Borja Cobeagaren No controles (Ikus-entzuleen Saria), Alex de la Iglesiaren Balada triste de trompeta (Epaimahai Gaztearen Saria), Josu Martinez eta Txaber Larreategiren Debekatuta dago oroitzea (Dokumental Onenaren Saria) eta 80 egunean (Fundacion Borau–Opera Prima Saria).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!