Memoria historia berreskuratzeari buruzko ziklo dokumentala Bilbon

Bizkaie! 2012-03-05 13:53   Barriak

Programea hiru jardunalditan gauzatuko da, martiaren 7an, 8an eta 22an, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta Iñaki Pinedo zinegile bilbotarraren Trilogía de la memoria izenekoaren proiekzinoan oinarrituko da. Zikloa El hombre que murió dos veces, La Escuela Fusilada eta Los Otros Guernicas dokumentalek osotzen dabe.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, memoria historikoa berreskuratzeari buruzko zine dokumental zikloa programau dau hilebete honetarako, martirako. Programea hiru jardunalditan gauzatuko da, martiaren 7an, 8an eta 22an, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta Iñaki Pinedo zinegile bilbotarraren Trilogía de la memoria izenekoaren proiekzinoan oinarrituko da. Zikloa El hombre que murió dos veces, La Escuela Fusilada eta Los Otros Guernicas dokumentalek osotzen dabe.

Emonaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira –sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte– eta amaieran solasaldia egongo da. Solasaldi horreetan Iñaki Pinedok hartuko dau parte, eta baita dokumental horreetan parte hartu daben beste zenbait personak be. Zikloaren helburua gure hurreko historiaren azterketa kritikoan parte hartzea da. Estadu osoko zine jaialdietan aurkeztu da.

Zikloa martiaren 7an abiatuko da, Los Otros Guernicas (72 min. 2010) lana eskainiz. Dokumental horrek, Luis Quintanilla Santanderreko margolariaren bizitza eta lana eskaintzen deuskuz, Gerra zibilaren ondorioz bertako intelektual garrantzitsuenen igesaldiak herrialde baten kulturan eragin eban galera izugarria nabarmenduz. Filma ez da Quintanillari eta bere lanari egiten jakon omenaldi hutsa, erbestean bizi behar izan eben artisten lanaren aintzatespena be bada.

Ondorengo solasaldian, Iñaki Pinedoz gan, filmaren dokumentazino arduraduna izan dan Esther López Sobrado historialari eta idazleak be hartuko dau parte. Los Otros Guernicas lana nazinoarteko zenbait jaialditan aurkeztu da, eta Goya Sarien azken edizinoan, 2012koan, bost hautagaitza izan zituan, Film onena, Luzemetraia hasibarriaren zuzendaritza onena, Argazki zuzendaritza onena, muntaia onena eta film dokumental onena.

Bigarren emonaldia hurrengo egunean, eguenean, (martiak 8) izango da, Iñaki Pinedoren eta Daniel Álvarezen La escuela fusilada filmagaz (52 min. 2006). Filma errepublika garaiko hezkuntz ereduaren deuseztapenean oinarritzen da eta Espainian ebilzan irakasleek gerra zibilaren garaian eta gerraren ondoren sufridu izan eben garbiketea erakusten dau. Oraingo honetan, solasaldian, zinegileaz gan, Hilda Farfanek, dokumentaleko protagonistetako batek, hartuko dau parte. Erretirautako irakasle hori, Gerra Zibilean fusilautako irakasle bikote baten alabea da.

Zikloa martiaren 22an amaituko da, Iñaki Pinedoren eta Daniel Álvarezen El hombre que murió dos veces lanagaz (60 min. 2003). Dokumental horrek, Espainiako gerraosteko Francoren kontrako lehenengo gerrillearen sorkuntzea eta bilakaerea kontetan deusku, Manuel Girón Bazán maquis mitikoaren bitartez. Egun horretako solasaldian, Santiago Macías idazle eta filmaren dokumentazino arduradunak be hartuko dau parte.

Santiago Macíasek (Ponferrada, 1972), Gerra Zibileko eta diktadura frankistako personaiak ez ahaztuteko lanean emon dau bere bizitzaren zati handia. 2000. urteko urrian, ordutik aurrera Priaranzako hamahiruak ezizenez ezagutzen diranen gorpuak lurpetik atarateko lanetan hartu eban parte. Hile batzuk geroago, Memoria Historikoa Berreskuratzeko Alkartearen (ARMH) sorreran hartu eban parte, eta gaur egun alkarte horretako presidenteordea da.

Iñaki Pinedori (Bilbo, 1960) jagokonez, Bigarren Hezkuntzako irakasle da Kantabrian, eta gaur egun irakaskuntza eta dokumentalen zuzendaritzea buztartzen ditu. Aitatutako trilogiaz gan, 2004an, Marea izeneko dokumentala errodau eban. Dokumental horretan, Prestige itsasontzia urperatu ondorengo marea baltzak Kantabrian izan zituan ondorioak aztertzen dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu