Martiaren 1ean abiatuko da IX. Laburbira ikus-entzunezko zirkuitua

Bizkaie! 2012-02-28 14:42   Barriak

2012ko Laburbirak 30 emonaldi eskainiko ditu. Gehienak Euskal Herriko herri eta urietan izango dira, baina Madril, Londres eta Parisen be izango dira proiekzinoak.

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak IX. Laburbira aurkeztu dau gaur Donostian. Euskerazko ikus-entzunezko urteko produkzinoa ezagutarazo eta herrietako kultur eskaintzea aberasteko helburua dauen zirkuitua urtero antolatzen dau Topaguneak, herrietako euskera alkarteakaz lankidetzan.

Kontuak kontu, 2012ko Laburbirak 30 emonaldi eskainiko ditu. Gehienak Euskal Herriko herri eta urietan izango dira, baina Madril, Londres eta Parisen be izango dira proiekzinoak.

Saio bakotxak 85 minutuko iraupena izango dau, eta tarte horretan zortzi lan ikusteko aukerea izango da. Aurten aukeratutako ikus-entzunezko sorta sorpresaz beterik dator gainera: alde batetik, 1961eko 'Aberria' eskainiko dogu. Gotzon Elortzak zuzendutako dokumentala euskeraz egindako lehenengoetakoa da. Aberriaren inguruko hausnarketea aurkezten deusku, garaiko euskal kulturearen ikur ziran Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolarien eta Victor Olaeta jantzariaren eskutik.

Bestetik, lehen aldiz Laburbiran, euskeraz ez dan film bat be sartu dabe programazinoan: Xoxe Diazen Instalación. Galizian eta galegoz egindako lana. Edizino honetatik aurrera, Laburbirak urtero eskainiko dau egoera gitxituan dagoan hizkuntzaren batean sortutako lan bat, euskeraz azpidatzia, euskerazko produkzinoagaz batera.


Benito Ansola bekak

Bi horreekaz batera, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekakaz 2011n produzidutako lehen bi lanak be sartu ditue programazinoan: Joseba Uberuagaren Izena duena 3D animazinozko ipuin laburra, eta Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, gerra zibilean girotutako istorioa.

Beste lau lanak Maialen Sarasuaren Hemen nago, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Permanent taldearen Kantuka bideoklipa izango dira. Azken hori Topaguneak sustatzen dauen Izarren Distira kultur programaren barruan produzidu da.

Bistan danez, askotariko aukerea egiteko arreta berezia jarri da, eta holan, formatu, estilo eta izaera oso desbardineko piezek osotzen dabe emonaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak... Filmen sinopsiak eta emonaldi egutegia erantsitako esku-orrian topauko dozuez, baita Interneten be.


Sortzaileak eta ikusleak, alkarregaz solasean

Egile zein ikus-entzuleentzat, Laburbira parebako aukerea da euskerazko produkzinoa ezagutarazoteko, eskaintza herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gitxitan izaten dabe zinema bertan eskaintzeko aukerarik.

Gainera, egileak eta ikusleak alkarrengana hurrerratzeko asmoz, saio batzuetan solasaldia egingo da egileakaz, proiekzinoaren ondoren. Batzuek zein besteek sano eskertzen dabe zuzeneko eretxi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria subertetan da eta.

Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa dauka, eta Berria egunkariaren laguntza.

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoa 1997an sortu zan, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskera alkartek osotzen dabe. Alkarteon zein Federazinoaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen ditue, besteak beste, haur eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, tokiko hedabideak, mintzapraktikea, entidadeak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu