Film laburren ikastaroa eskainiko dau Amorebieta-Etxanoko udal liburutegiak emakumeei zuzenduta

Bizkaie! 2012-02-27 14:07   Barriak

Emakumeak Kameraren Atzealdean izenburupean emakumeei zuzendutako film laburren ikastaroan ikusentzunezko tresnak erabilteko beharrezkoak diran ezagupenak hurreratuko deutsez Lara Izagirre zinegileak.

Martiaren 8an ospatzen dan Emakumeen Nazinoarteko Egunaren atxakia hartuta, Amorebieta-Etxanoko udal liburutegiak Emakumeak Kameraren Atzealdean izenburupean emakumeei zuzendutako film laburren ikastaroa antolatu dau datorren hilerako. Bertan, Ikusentzunezko tresnak erabilteko beharrezkoak diran ezagupenak hurreratuko deutsez Lara Izagirre zinegileak.

Ikus-entzunezko ekipoaren ezagupena lantzeaz gan, emakumeak mundu honetara hurreratzea, euren lanak ikusgai jartea eta bardintasunerako bidean murgiltzea dau helburu ikastaroak.

Parte hartzea eta alkarlana bultzatuko dituan ikastaro hau martiaren 12an hasi, eta sei astelehenetan gauzatuko da, arratsaldeko 19:30etik 21:00etara. Edozeinek emon leike izena, ez baita behar aldez aurretiko ezagutzarik izatea. Izen-emoteak liburutegian egin daitekez.


Mujeres en corto-Emakumeak Laburrean


Mujeres en corto-Emakumeak Laburrean izeneko programearen barruan, emakumeek egindako film laburren emonaldia izango da martiaren 9an, gaueko 21:00etan hasita, Zornotza Aretoan. Honakoak izango dira bertan ikusgai: El Cortejo, Marina Seresevsky-rena; Hemen nago, Maialen Sarasuarena; Corpo Giusto, Jennifer Norton-ena; Lejos del Mar, Josefina Matarena, eta The Storyteller, Eliana Alvarezena. Sarrerearen prezioa 3 eurokoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu