Ke No Falte bueltan da, hamarkada luze baten ostean

Dabi Piedra Robledo 2012-02-22 14:35   Musikea

Hurrengo emonaldia Bergaran egingo dabe, martiaren 2an. Ganera, berragerpena ez ei da une bateko kontu laburra izango, disko gehiago plazaratzeko konposizino lanetan hasita dagozala adierazo dabe taldekideek. 2013an, taldearen 20. urteurrenean, zeozer berezia egiteko asmoa be iragarri dabe.

1999an Lugon emondako kontzertu bategaz amaitutzat jo eben Bilboko reggae taldearen ibilbidea baina, orain, indarbarrituta bueltau dira. Kontzertu batzuk emon ditue honezkero eta Vente conmigo izeneko diskoa aurkeztu dabe. 90eko hamarkadan Ke No Falteren ezaugarri izan zan reggae doinuari, beste estilo asko gehitu deutsiez oraingoan, Afrika eta Ameriketako doinu beroak batik bat.

1993an sortu zan Santutxu auzoan Ke No Falte eta 1999ra bitartean, disko arrakastatsu bi plazaratu zituan. Taldearen arimea izan ziran Jose abeslari eta gitarrajolea eta Axier baxujolea eta, hain zuzen be, euren eskutik berbiztu dabe Ke No Falte. Jose eta Axierri, Kasta gitarrajolea, Josu tekladuen arduraduna, Oskar bateriajolea eta koruetan Ali eta Alazne batu jakez taldearen bigarren aldi honetarako. Musikeagazko pasinoa beti eroan dogu barruan, azaldu dabe taldekideek. 2007 aldean hasi nintzan atzera abestiak preparetan eta igaz Ke No Falteri heltzea barriro erabagi genduan, gogoratu dau Josek, kontzertu batzuk emoten hasi eta, azkanean, diskoa be osotu dogu.

Bederatzi abesti dakarz Ke No Falteren hirugarren diskoak, Vente conmigo izenburuagaz. Betiko reggae doinuak eta beste erritmoen fusinoa dira lan barriaren ardatza, reggae garbi gitxi topauko dogu, dinoe. Holan, samba, pop, reggamufin, rock, cumbia eta abar sartu ditue, Hego Ameriketako musikeak beti erakarri nau eta abesti askotan nabari da, azaldu dau Josek. Axier taldekideak ganeratu dauenez, orain dala dozena bat urteko diskoen aldean, honetan aniztasun handiagoa dago, reggae klasikotik gehiago urrundu gara. Lehenengo kantea, singlea be badana, esaterako, samba erakoa da, diskoan topauko dogunaren aurrerapena da, entzuleak aniztasuna itxaron behar dau, argitu dau Josek.

Musika tresna barri asko sartu ditue eta kolaboratzaile ugari be badagoz, berton bizi diran hegoamerikarrak eta afrikarrak tartean. Diskoa Euskal Herrian sortu eta grabau daben arren, bitxikeria bat be azaldu dabe, abestietako bat Malagan eginda dagoala. Josek azaldu dauenez, oporretan nengoan ni han eta hondartzan bertan sortu neban.

Ke No Falte talde entzutetsua izan zan bere sasoian, baina, dozena bat urteko geldialdiaren ostean, ikusteko dago gaur egun ze harrera eukiko dauen disko barriak. Taldekideak, behinik behin, baikor dagoz, Axierren arabera: Neguan kontzertu batzuk emoten ibili gara eta lehengo zaleak ez eze, gazteak be hurreratu dira. Hurrengo emonaldia Bergaran egingo dabe, martiaren 2an. Ganera, berragerpena ez ei da une bateko kontu laburra izango, disko gehiago plazaratzeko konposizino lanetan hasita dagozala adierazo dabe taldekideek. 2013an, taldearen 20. urteurrenean, zeozer berezia egiteko asmoa be iragarri dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu