'Indalecio Prieto eta Euskadi' izeneko jardunaldiak egingo ditue Bilbon zezeilaren 22an eta 23an
2012-02-20 14:42 jardunaldiakIndalecio Prieto XX. mendeko euskal politikari garrantzitsuena izan da, José Antonio Aguirre lehendakariagaz batera, politikari sozialista ezagunari buruzko hausnarketa hori egin dau oraintsu José Luis de la Granja, UPV/EHUko Historia Garaikidean katedradun eta Eusko Ikaskuntzako kideak.
UPV/EHUk eta Eusko Ikaskuntzak Indalecio Prieto eta Euskadi jardunaldiak antolatu ditue zezeilaren 22an eta 23an, Bilboko buruzagi sozialistearen heriotzearen 50. urteurrenean. Aurkezpena gaur egin dabe Bizkaia Aretoko Elhuyar gelan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo) eta Euskal unibersidadearen Bilboko egoitza horretan bertan egingo dira jardunaldiak.
Indalecio Prieto XX. mendeko euskal politikari garrantzitsuena izan da, José Antonio Aguirre lehendakariagaz batera, politikari sozialista ezagunari buruzko hausnarketa hori egin dau oraintsu José Luis de la Granja, UPV/EHUko Historia Garaikidean katedradun eta Eusko Ikaskuntzako kideak.
Aurkezpenaren prentsaurrekoan parte hartu dabe Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Erretoreordeak, Unai Apaolaza Eusko Ikaskuntzako zuzendari gerenteak, José Luis de la Granja UPV/EHU katedradun eta Eusko Ikaskuntzako kideak, Juan Carlos Jiménez de Aberasturi Eusko Ikaskuntzaren Historia saileko Lehendakariak, eta Mikel Aizpuru UPV/EHUko Historia Garaikidearen Saileko zuzendariak.
Jardunaldiak Indalecio Prieto erbestean hil zaneko berrogeita hamargarren urteurrenean egingo dira, eta koordinauta antolatu ditue Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriko Unibersidadeko Historia Garaikidearen Sailak.
Jardunaldiak zezeilaren 22an eta 23an egingo dira eta historialari eta aditu garrantzitsuak izango dira hizlari, besteak beste, Juan Pablo Fusi eta Santos Juliá; danetara, zortzi hizlari izango dira eta politikari sozialista ospetsuaren bizitzaren eta zeregin politikoaren hainbat alderdi aztertuko ditue.
Indalecio Prieto
1962ko zezeilaren 12an, Indalecio Prieto (1883-1962) hil zan erbestean, Mexikon. Euskal sozialismoaren buruzagia eta Espainiako sozialismoaren agintaririk garrantzitsuenetako bat izan zan. Asturiarra jaiotzez, eta bilbotarra adopzinoz, Prieto Bizkaiko diputadu probintziala, Bilboko zinegotzia eta zazpi legealditan, Gorteetako diputadua izan zan. Haren ekintza politikoak eragina izan eban II. Errepublikearen ezarpenean, bertan Alcalá-Zamora, Azaña, Largo Caballero eta Negrinen gobernuetako ministroa izan zala. José Antonio Aguirre lehendakariagaz batera, Prieto izan zan XX. mendeko euskal politikaririk garrantzitsuena. Bere jarduereari esker onetsi zan 1936ko Estatutua, eta berari esker sortu zan lehenengo Eusko Jaurlaritzea, PSOEren eta EAJren itunaren emoitzea. Biak izan ziran 1936-1937. urteetako Euskadi autonomoaren, gure garaiko euskal autonomiaren aurrekari historiko nagusiaren aita sortzaileak.
Indalecio Prietoren biografia ondo aztertu dabe hainbat egilek bere sasoiko Espainiako politikearen testuinguruan, baina lan batek be ez dau sakon aztertu XX. mendearen lehen erdialdeko euskal politikan izan eban zeregina. Euskal Herriko Unibersidadeak eta Eusko Ikaskuntzak batera antolatutako eta José Luis de la Granja eta Pedro Barruso historialariek koordinautako jardunaldi horreek, Ramón Rubial, Pablo Iglesias, Indalecio Prieto eta Juan de los Toyos Fundazioen lankidetzaz, historiografiaren hutsune hori beteten lagunduko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!