AlterCoworking, Coworking espazio barri bat Euskal Herrian

Bizkaie! 2012-01-25 17:13   Barriak

Donostia Films produkzino etxeak AlterCoworking aurkeztu dau, produkzino arlo guztietan barrikuntzaren alde eginaz, lanerako espazio komunitarioa da, jakintza-arlo anitzekoa, sektore desbardinetako profesionalei zuzendua.

Donostia Films produkzino etxeak AlterCoworking aurkeztu dau, lanerako espazio komunitarioa da, jakintza-arlo anitzekoa, sektore desbardinetako profesionalei zuzendua. AlterCoworking-ek laster baten bulego propioa izateko aukerea emoten dau, ideiak alkarbanatuz, beti be metro batera daukazuzan lankideen babesa izanik.

Donostiako Zuatzu Parke Teknologikoaren Pia II erakinean dago Altercoworking kokatua, bulego zabal eta argitsu bat da. Bertan banakako mahai zabalak eskaintzen dira (150×75) eta lanerako beharrezkoak diran azpiegitura eta baliabide teknologikoak be izango dira eskuragarri lehenengo egunetik, besteak beste, argia, ura, berogailua/ aire girotua, wifi, telefonoa, bilera gelak… eta TV 50´, inprimagailua, fotokopiagailua, eskanerra, edizino mahaia…

Horrezaz gan, PIA (Ikus-entzunezko Barrikuntzagunea) eraikinak azpiegitura eta zerbitzu teknologiko puntakoak ditu eskuragarri (Altercoworking-eko kideentzako tarifa eta deskontu bereziakaz), ekintza profesionalak bideratu eta gauzatu ahal izateko, esaterako: Platoak, 80 eta 30 personentzako 2 pitching areto, kontrol gunea, edizino eta post-produkzino gelak…

Era berean, apirilaren 1etik aurrera, AlterBus Coworking-a izango da erabilgarri, bi pisuko autobus ingelesa (bigarren pisuak ez dauka estalkirik) leku berezia izango da eta Altercoworking-eko espazio bat gehiago lez erabiliko da. Autobusean ekintza desbardinak egingo dira eguraldiak laguntzen dauenean eta ganerako momentuetan deskantsugune moduan erabiliko da (kafea egiteko makinea, mikrouhina…).

AlterCoworking-en sorrereagaz, Donostia Films-ek produkzino arlo guztietan barrikuntzaren alde apostu egiten dauela argi itxi dau barriro. Pasa dan bagilean Donostiako I Crowdfunding Foroa antolatu ostean, datorren martian Transmedia Tailerra antolatuko dau eta momentu honetan Euskal Herriko lehenengo crowdfunding eta transmedia proiektua garatzen dago, Aktibista filma, Euskal Herrian egiten dan lehenengo pelikula interaktibo eta parte-hartzailea. Benetako jazoeretan oinarrituta, Aktibista filma, akzinoz, sexuz eta dibersinoz beteriko thrillerra da. Euskal Herrian Bake Akordio iraunkor bat sustatzeko helburuagaz eginiko ekintza baketsu ikusgarri eta arriskutsu baten prestakuntza eta garapena kontetan dauen pelikulea da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu