Alex Txikonek 'Aizkora hotsak goi mendietan' filma aurkeztuko dau Durangon

Bizkaie! 2011-12-08 14:58   Barriak

Bideografik produkzino etxeko kideek Alex Txikon, Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' eta Xabier Errogaz Euskal Herritik, Gernikatik Pakistanera egindako bidaia kontetan dabe dokumentalean.

Bideografik produkzino etxeko kideek Alex Txikon, Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' eta Xabier Errogaz Euskal Herritik, Gernikatik Pakistanera egindako bidaia kontetan dabe dokumentalean. Bidean azkora saioak egin zituan Alex Txikonek Austrian eta Pakistanen eta ondoren, Karakorume mendilerroan, zortzi milatik gorako mendi biren, Gasherbrum I eta Gasherbrum II mendien tontorrera heldu zan Txikon. K2rako bidean, barriz, zortzi mila metroko altueran atzera egin behar izan eben.

Pakistanera zortzimilakoen bila egindako bidaia road movie moduan planteau dabe egileek. Autoan Europa guztia zeharkatu eta Turkiatik zein Iranetik zehar ibili ostean, Pakistanera heldu ziran. Han, Felix Baltistan Fundazinoaren egoitzan, Skardu herrian be izan ziran, Karakorumen erdigunean. Bidaiarako erabili eben autoa bertan itxi eben Fundazinoaren arduradunentzat.

Ibilbide horretan Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariak eta Alex Txikon mendizaleak Austrian eta Pakistanen eskainitako aizkora-erakustaldiak azaltzen ditu estreinauko daben dokumentalak. Bideografik etxeko David Maeztuk eta Eukeni Arriortuak kamerak eta enparauak hartuta, hiru protagonistakaz hile eta erdiko bidaia egin eben joandako garagarrilean dokumentala grabetako.

Carlos Iglesiasek gidoia idatzi dau, Gari Bragado euskera aholkularia izan da eta Xabi Zabala A. edizino eta post-produkzino arduraduna. Mikel Nuñez durangarrak jatorrizko musikea egin dau, eta Xabier Agirrek, barriz, audio postprodukzinoan jardun dau.

Kontuak kontu, Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azokeak ateak zarratu ostean, dokumentalaren estreinaldia Durangoko San Agustin kulturgunean izango da gaur, hilak 8, arratsaldeko 20:30ean.

Aizkora hotsak goi mendietan dokumentala Txikon bera protagonista dauen Next time Inshallah filmagaz lehiatuko da datorren abenduaren 12tik 18ra izango dan IV. Gazteiz Mendi Festibalean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu