'Bez sniegu' film labur poloniarrak irabazi dau Zinebi 53ren sari nagusia
2011-11-18 14:32 BarriakMagnus von Hornen fikzinozko Bez Sniegu film labur poloniarrak irabazi dau Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazinoarteko Zinemaldiaren, Zinebi 53. edizino honetako Sari Nagusia. Filmak 35 minutuko iraupena dauka, eta gaia amaiera tragikoa izango dauen nerabeen arteko maitasuna da.
Magnus von Hornen fikzinozko Bez Sniegu film labur poloniarrak irabazi dau Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazinoarteko Zinemaldiaren, Zinebi 53. edizino honetako Sari Nagusia. Filmak 35 minutuko iraupena dauka, eta gaia amaiera tragikoa izango dauen nerabeen arteko maitasuna da.
Sariak gaur ezagutarazo ditu Zinebi 53ko epaimahaiak. Epaimahaiko kideak Betzy Bromberg zinegile estadubatuarra, Elena Trapé errealizadorea, Mohanad Yaqubi zinegile palestinarra, Pepita Ferrari errealizadore kanadarra eta Xabier Arakistain arte programatzailea izan dira.
Ganerako sariei jagokenez, Jon Garañoren Urrezko eraztuna eta Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun lanek ex aequo lortu dabe Zinemaldiko Euskal Zinearen Sari Nagusia. Aurten 73 filmek hartu dabe parte lehiaketan.
Zine Espainiarraren Sari Nagusia be ex aequo banatu da, Luis Trapielloren La mujer del hatillo gris eta Alauda Ruíz de Azúaren Dicen lanen artean. Azken lan horrek Jaialdiaren UNICEF Saria be irabazi dau.
Animazinozko film onenari emoten jakon Urrezko Mikeldia Afarin Eghbaleren Abuelas film britainiarrak irabazi dau, eta Koji Yakamuraren Muybridge´s strings film kanadarrak lortu dau atal horretako Zilarrezko Mikeldia.
Dokumental onenei emoten jakezan Urrezko eta Zilarrezko Mikeldien irabazleak, Josephine Links zuzendari alemaniarraren Wir Sterben eta Tomás Sheridanen Radiostan film errusiarrak lortu ditue, hurranez hurran.
Fikzinoaren atalean, Urrezko Mikeldia Claudia Heindel alemaniarraren Lucky Seven filmak irabazi dau, eta Zilarrezko Mikeldia, barriz, Tae-Gyum Son zinegile hego korearraren Ya-gan-bi-hang lanak irabazi dau.
Azken buruan, Hego Amerikako Filmik Onenari emoten jakon Zilarrezko Kalabera, Gabriel Lacruzek zuzendutako Soja lan venezuelarrarentzat izan da.
Zinebi 53ren sari banaketea gaur, barikua, zemendiak 18, izango da, iluntzeko 20:00retan, Arriaga Antzokian egingo dan amaiera ekitaldian. Gala horretan, Italiako Liliana Cavani zinemagile handia omenduko dabe eta Ohorezko Mikeldia emongo deutse. Oso zinema inkonformistearen egilea da, eztabaidatua, dogmatismoari iges egin zalea, oso originala, eta zirikatzailea. Heroikotasunaren kontrako heroiak dituan antropologia zoragarria eregi dau Liliana Cavanik, eta horreen eskutik dudan jarri hainbat ziurtasun eta klixe, bere kamerearen objektiboak izan dauen gauzak aurrez ikusteko gaitasun berberaz. Zinema modernoko aktore ezinbestekoen zuzendari izan da (Pierre Clementi, Dirk Bogarde, Charlotte Rampling, Marcello Mastroianni, Claudia Cardinale, John Malcovich, Mickey Rourke, eta abar.). Ekitaldian, zuzendari berezi honen hiru lan handi ikusteko aukerea izango da, berak aukeratuak: Il portiere di notte (1974), Francesco (1989) eta Ripley’s Game (2002).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!