'Zerutik sua dator!' dokumentala estreinau dabe
2011-11-16 14:32 BarriakEgoitz Rodriguez zinemagile galdakaoztarraren Zerutik sua dator! dokumentala estreinau dabe, Zinebi jaialdian. 1937ko bonbardaketak bizi izan ebenen esperientziak jaso ditue, belaunaldi barrien partaidetzeagaz.
Egoitz Rodriguez zinemagile galdakaoztarraren Zerutik sua dator! dokumentala estreinau dabe, Zinebi jaialdian. Zuzendariagaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Josune Ariztondo, Ernesto del Río Zinebiko zuzendaria eta Joseba Butronek errealizadorea izan ziran prentsaurrekoan. Ikus-entzunezkoan parte hartu daben Berango-Sopelako Josefina Mota Bilbao eta Lumo-Ajangizeko Teodosia Etxeandia be bertan izan dira, hain zuen be euren bien lekukotasunak batu ditue, besteak beste, Zerutik sua dator! beharrean.
Gernikako, Bilboko, Durangoko eta Otxandioko bonbardaketak ezagunak dira, baina Bizkaian hogeita hamar herritik gora bonbardeau zituen 1937an, tartean, Elorrio, Galdakao, Sestao, Zornotza, Plentzia, Mungia, Getxo, Zeanuri, Markina... Nahiko ezezaguna dan jazoeren barri batu dabe Zerutik sua dator! lanean, ha bizi izan ebenen lekukotasunak gidari. 3.000 lagun ibili dara proiektuan lanean, zuzenean edo zeharka.
Zerutik sua dator ez da ohiko dokumentala, Egoitz Rodriguezek berak nabarmendu dauenez, sormen dokumentala da eta. Hiru bide jorratzeko asmoz abiatu eben proiektua; alde batetik, lekukotasunak grabetea, bonbardaketak bizi izan ebezan ume eta gazteek zer bizipen izan eben batzea; bestetik, belaunaldien arteko transmisinoa egitea, hau da, gerrearen bizipena ez daukenei haren barri emotea; eta, amaitzeko, giza-partaidetza bultzatzea, memoria kalera ataratea. Bonbardaketa zibilak, biztanleen kontrakoak, jaso ditue, ez frentekoak, azpimarratu dau Rodriguezek.
Behar egiteko modua be berezia izan da, zuzendari galdakaoztarrak azaldu dauen lez. Bonbardeautako herri bakotxeko alkarte edo taldeei kamara bana emon, eta eurek erabagi dabe zelan jaso euren narrazinoa. Kolektiboek euren interesguneetara eroan dabe, antzerkira, jantzara, animazinora... Holan, film labur sorta bat eratu dogu, ganeratu dau.
Foru Aldundiko Kultura arloak produzidu dau dokumentala, eta Euskal Telebistaren laguntzinoa izan dau. Josune Ariztondok egitasmoaren garrantzia azpimarratu dau. Jazoera traumatikoen ostean, ingurukoekaz be ez da berbarik egiten, eta hori da sarritan gertatu dana. Bildurra, pobrezia, gosea... ez da horren ganean berarik egiten; sufridu eta isilik egon. Baina, oso garrantzitsua da gerrearen dramearen ganetik, aurrera egitea erabagi ebenen lekukotasuna batzea; modu horretan, gazteei bakearen aldeko jarrerea hurreratzen deutsegu eta. Ariztondok eskerrak emon deutsez bertan ziran Josefina Mota eta Teodosia Etxeandiari, euren lekukotasunagaitik. Protagonistak orduko biktimak dira, eurek barik ez geunke dokumentalik egingo.
Joseba Butron errealizadoreak datu ugari emon ditu dokumentalaren ganean, esaterako, danetara 3.000 lagunek parte hartu dabela, Bizkaiko 37 herritan. Proiketua beti joan da gure aurretik, ez genduan holango erantzunik espero. Herri batera joan, eta handik beste bi urteten ziran. Hasieran 25 herriren barri eukagun, eta azkenean 37 izan dira, azaldu dau. Lekukoei jagokenez, 50 batu ditue; bonbardaketen sasoian 8 urtetik 20ra bitartean zituenak, zaharrena 102 urteko Alonsotegiko informatzaile bat da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!