Euskeran eta euskal kulturan oinarritutako jarduera astea Deustuan
2011-11-16 13:23 jardunaldiakDeustura Udazkeneko Kultura ekimenak Deustuko Berbaizu euskera alkartearen, Escribe-Lee alkartearen eta Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioaren laguntza dauka, eta zemendiaren 18tik 25era bitartean izango dira ekitaldiak, Deustuko Udaltegian eta Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, barruti bakotxean, uri osoarentzat erreferente bilakatuko dan kultur programazino propioa bultzatzeko martxan jarri dauen ildoari jarraituz, udagoien honetan Deustuak Deustura Udazkeneko Kultura izeneko programea estreinauko dau. Programea, euskal kulturan eta euskerearen inguruan oinarrituko da, gure urian euskal hiztun gehien dituan barrutian.
Programazinoak Deustuko Berbaizu euskera alkartearen, Escribe-Lee alkartearen eta Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioaren laguntza dauka, eta zemendiaren 18tik 25era bitartean izango dira ekitaldiak, Deustuko Udaltegian eta Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan. Programazinoaren barruan musika kontzertuak, antzezlanak, mendizaletasunari buruzko dokumentalen proiekzinoak eta bertsolariak egongo dira, eta baita topaketa poetiko bat 2009ko Narratiba Sari Nazionala dan Kirmen Uribegaz.
Deustura Udazkeneko Kultura, datorren barikuan, hilak 18, hasiko da, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan, bertsolariak, txalaparta eta bi aizkolariren aizkoren soinua buztartuko dituan kontzertu bategaz, eta Alex Txikon mendizale euskaldunak Makalu ta Gasherbrum I tontorretara egindako igoerei buruzko bi dokumentalen proiekzinoagaz. Ekitaldiari hasierea emoteko film bi eskainiko dira: lehenengoa, 2005ean, Alex Txikonek, mendebaldeko pilaretik, Makalura egindako igoereari buruzkoa izango da. Beste filma, abenduan Gasteizko Mendi Film Festival izenekoan estreinauko dan filmaren aurrerapen laburra izango da. Film horretan, euskal mendizaleak, Gerfried Göschlegaz, Louis Rousseaugaz, José Carlos Tamayogaz eta Juanra Madariagagaz, bagilean Gasherbrum I mendira egin eban igoerea erakutsiko da. Alex Txikonek zortzi mila metrotik gorako hamar mendi igon ditu honezkero.
Lehenengo eguneko jarduerei amaierea emoteko, Iker Díez eta Pottoki txalapartariek emonaldi bat eskainiko dabe, Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariagaz eta Odei, haren semeagaz. Bakotxak bere espezialidadea eskainiko dau, baina biak be momentu berean izango dira, ikus-entzuleek txalapartearen soinuaren eta aizkorak, egurrean jotean, egiten dauen hotsaren arteko konbinazinoaz gozau deien. Gregorio Larrañaga Mañukorta eta Xabier Zeberio bertsolariek zabaldu eta zarratuko dabe saioa, auditorioan bertan sortuko diran proposamenei buruzko bertsoakaz.
Programazinoaren barruan, bi antzezlan eskainiko dira, eta, horrezaz gan, umeei eta familiei eskainita egongo dan txotxongilo ikuskizuna. Ikuskizun horrek bertsolaritzara hurreratzeko proposamena egiten deutse umeei, Katillukadak ikuskizunean. Lana lau ipuinek osotzen dabe. Saioaren gidaria, txotxongiloakaz berba egiten dauen Katillu bertsolari eta ipuin kontalaria da (Zemendiaren 21ean eta 22an, Deustuko Udaltegian).
Poesia, barriz, 2009ko Narratiba Sari Nazionala dan Kirmen Uribegaz helduko da. Bera izango da zemendiaren 22an Deustuko Udaltegian egingo dan poesia topaketako konbidatu berezia. Oraingo honetan, musika Bilboko Txistulari Bandearen eskutik helduko da, Naroa Intxaustigaz (Zemendiak 23), Bizkaiko Gaiteroak taldeagaz (Zemendiak 24) eta Mursego taldeagaz eta Anari abeslariakaz (Zemendiak 25) batera.
Mursego taldeko abeslariak, Maite Arroitajauregik, gehienbat euskeraz abesten dau, baina bere kantuak portugesez, errusieraz eta ingelesez be abesten ditu. Celloa eta beste zenbait musika tresna joten ditu, auto-harpa, panderoa, plater txinatarrak, organiloa edo marakak.
Anari abeslari eta konposatzaile azkoitiarrak bakarkako hiru disko argitaratu ditu, eta beste bat Petti musikari nafarragaz batera. Bi kontzertu horreek emongo deutsie amaierea programazinoari, zemendiaren 25ean, Deustuko Udaltegian, arratsaldeko 19:30etik aurrera.
Deustura Udazkeneko Kultura. Egitaraua
- 18 (Barikua). 19:30ean, Ibarrekolandako Kontserbatorioan, filma + berbaldia: Alex Txikon + bertsolariak: Mañukorta eta Zeberio + txalapartariak: Iker Díez eta Pottoki + aizkolariak: Bihurri eta Odei.
- 21 (Astelehena). 18:00etan, Deustuko Udaltegian, Bertso-txotxongilo emonaldia: Katillukadak. 19:00retan, barriz, Deustuko Udaltegian, antzerkia: Ramon Agirre + Inazio Tolosa: Xentimorik gabe.
- 22 (Martitzena). 18:00retan, Deustuko Udaltegian, Bertso-txotxongilo emonaldia: Katillukadak. 19:00retan, barriz, Deustuko Udaltegian, poesia topaketea Kirmen Uribegaz.
- 23 (Eguaztena). 18:30ean, Deustuko Udaltegian, Unai Iturriaga eta Jon Maia bertsolariak. 20:00retan, Ibarrekolandako Kontserbatorioan, Bilboko Txistularien Udal Banda + Naroa Intxausti.
- 24 (Eguena). 18:30ean, Deustuko Udaltegian, Buah txabal antzezlana. 20:00retan, Ibarrekolandako Kontserbatorioan, Bizkaiko Gaiteroak + Bilboko Kontserbatorioko ikasleak.
- 25 (Barikua). 19:30ean, Deustuko Udaltegian, Mursego + Anari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!