Zinebi 53K Ohorezko Mikeldiak banatuko deutseez Xabier Elorriaga eta Liliana Cavani zinemagile italiarrari
2011-10-26 15:49 BarriakUrtean zehar, Zinebik, 82 herrialdetik etorritako 3.021 film jaso ditu, eta horreetatik, 33 herrialdetako 73 aukeratu ditu, Nazinoarteko Lehiaketan parte hartzeko, gehienak estreinaldiak Estadu Espainiarrean.
Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazinoarteko Zinemaldiak, Zinebik 53. edizinoa ospatuko dau zemendiaren 11tik 18ra bitartean. Jaialdiari hasierea emoteko, omenaldi bat eskainiko jako Xavier Elorriaga euskal antzezleari. Inaugurazino ekitaldian, Ohorezko Mikeldietako lehenengoa jasoko dau. Elorriaga, 80ko hamarkadan euskal zinema barria izena jaso ebanaren protagonistetako bat da, eta Imanol Uriberen Segoviako ihesa eta Mikelen heriotza edo Alfonso Ungríaren Albaniako konkista filmetan hartu eban parte, besteak beste. Xavier Elorriagak oso karrera azpimarragarria egin dau Espainiako eta nazinoarteko zine eta telebistako produkzino lan garrantzitsuetan, TVE katearen Águila Roja arrakastatsuan, besteak beste.
Ohorezko bigarren Mikeldia amaiera ekitaldian banatuko da, eta Liliana Cavani zinegile italiarrari emongo jako. Liliana Cavanik zinema inkonformista, eztabaidatua, ezelako dogmatismorik bakoa, oso bitxia eta adierazpen intelektualez eta estetikoz betea egin dau. Zuzendari berezi horrek egindako lanen artean, berak aukeratutako hiru lan nagusiak ikusi ahal izango doguz: Il portiero di notte (1974), Francesco (1989) eta Ripley’s Game (2002).
Beste urte batez, Zinebik mundu osoan egindako film labur onenak ikusteko aukerea eskainiko deutse ikus-entzuleei, erabateko askatasunez eta esperimentazinoaren aurreko ezelako bildurrik barik lan egiten daben zinemagile barrien eta artisten eskutik. Horrek sormen eta barrikuntza izaerea emoten deutse lanei, eta, askotan, jatorkun zinemaren aurrekari izan ohi dira.
Urtean zehar, Zinebik, 82 herrialdetik etorritako 3.021 film jaso ditu, eta horreetatik, 33 herrialdetako 73 aukeratu ditu, Nazinoarteko Lehiaketan parte hartzeko, gehienak estreinaldiak Estadu Espainiarrean.
Euskal zinearen atalean, honako film honeek aukeratu dira lehiaketarako:
- Muy cerca, Iván Caso (fikzinoa).
- Errudun sentitzen naiz, Roberto Castón (fikzinoa).
- Por los camareros, Javier Etxaniz eta Gregorio Muro (fikzinoa).
- La casa del lago, Galder Gaztelu-Urrutia (fikzinoa).
- December, José Muniain (fikzinoa).
- Agujero, Roberto San Sebastián (fikzinoa).
- Una última bala, Jon Aitz Urrutxi (fikzinoa).
- Cuatro estaciones (4), Niko Vázquez (fikzinoa).
- She’s Lost Control, Haritz Zubillaga (fikzinoa).
- Urrezko eraztuna, Jon Garaño (dokumentala).
- Zeinek gehiago iraun, Gregorio Muro (animazinoa).
Estaduko ganerako lekuetatik honako film honeek izan dira aukeratuak:
- La migala, Jaime Dezcallar (fikzinoa).
- Matador on the Road, Alexis Morante (fikzinoa).
- Circus, Pablo Remón (fikzinoa).
- Dicen, Alaúda Ruiz de Azúa (fikzinoa).
- La última secuencia, Arturo Ruiz Serrano (fikzinoa).
- Leyenda, Pau Teixidor (fikzinoa).
- La mujer del hatillo gris, Luis Trapiello (fikzinoa).
- Coptos, Álvaro Sau (dokumentala).
- La cosa en la esquina, Zoe Berriatúa (animazinoa).
- Evacuación, Colectivo Los Hijos (animazinoa).
Edizino honetako barrikuntzen artean, Golem zinema aretoek eta Alondegiko Auditorio nagusiak, Nazinoarteko lehiaketako atal ofizialeko filmak emoteko orduan izango daben protagonismo handiagoa dago. Arriaga antzokia izango da jaialdiaren inaugurazino eta amaiera ekitaldien egoitza, eta sariak irabazi dituen filmak be bertan emongo dira, irabazleen barri emon eta sariak banatu eta hurrengo egunean. Dagoeneko ohikoak diran Guggenheim museoko eta Kale Nagusiko BBK Aretoko auditorioak izango dira Zinebi 53ko ganerako eszenatokiak, jaialdia gero eta ikus-entzule gehiagorengana hurreratzeko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!