Bilbok Angela Figuera poetearen jaiotzearen urteurrena ospatuko dau eguenean
2011-10-26 12:50 jardunaldiakAngela Figueraren lehenengo lana, Mujer de barro, poema liburu intimistea da. Zentsureagaz hainbat arazo izan zituan, sensualidade eta erotismo ikutuak ditualako, baina, halan da be, poeta bilbotarrak garai haretako poeta handien artean sartzea lortu eban lan horregaz.
Bilboko Udalak Ángela Figuera (1902-1984) poeta bilbotarraren jaiotzearen urteurrena ospatuko dau eguenean, urriaren 27an, Mercedes Acillonak, Deustuko Unibersidadeko Irakasleak eta José Ramón Zabalak, Filologia Hispanikoan Lizentziatuak eta Espainiar Literaturan Doktoreak eskainiko daben berbaldiagaz. Bertan, poeteak Gabriel Celayagaz izan zituan hartu-emon literarioak eta personalak aztertuko ditue. Aitatu hartu-emonak, eskuz idatzitako gutun askotan gauzatu zan.
Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30ean –sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte–, eta Andrea Uñak poetearen zenbait poema irakurriko ditu. Ángela Figuera Bizkaiko uriburuan jaio zan 1902ko urriaren 30ean. Aurten bere jaiotzearen urteurrena astegoienean danez, ospakizuna eguenera aurreratzea erabagi da.
Gerraosteko poesiaren personaia garrantzitsuenetakoa izan zan arren, jente gehienak ez dau asko ezagutzen Ángela Figuera. Hori dala eta, 2008an, Kultura eta Hezkuntza Sailak eguneko urte bat instituzionalizau eban haren ohorez, idazlearen bizitza eta lana ezagutarazoteko. Kontuak kontu, Ángela Figueraren Egunak bat egiten dau Bilboko beste hiru idazle handiren oroimenezko beste egunakaz, Miguel de Unamunoren, Gabriel Arestiren eta Blas de Oteroren egunakaz, hain zuzen be.
Omenaldi ekitaldian, Gabriel Celayagaz izandako hartu-emon personal eta literario ona erakusten daben zenbait alderdi aztertuko dira. Aurten ehun urte beteten dira Gabriel Celaya jaio zanetik, eta mendeurren hori Bidebarrieta Kulturguneak ospatu eban joandako martian.
Mercedes Acillona, Figueraren lana ondoen ezagutzen dauen personetako bat da, eta haren irudiari eta lanari buruzko zenbait liburu argitaratu ditu. José Ramón Zabalari jagokonez, 1994an, Ángela Figuera: una poesía en la encrucijada liburua argitaratu eban, eta bi idazleen arteko gutunak be aztertu ditu. Alderdi horretan oinarrituko dau bere parte hartzea.
Angela Figuera
Ángela Figuera Aymerich Bilboko familia aberats batean jaio zan, eta familiak ez eban begi onez ikusi Angelak Madrilen Filosofia eta Letrak ikastea. Karrerea amaitu ondoren, Huelvako institutu batean plazea lortu eban, eta bertan atrapau eban Gerra Zibilak. Beraren zein bere senarraren laguntzinoa jaso eben gerrea galdu eben errepublikarrek eta, ondorioz, Figuera Soriara joan zan, eta bertan bere lanak argitaratzeko aukerea izan eban.
Figueraren lehenengo lana, Mujer de barro, poema liburu intimistea da. Zentsureagaz hainbat arazo izan zituan, sensualidade eta erotismo ikutuak ditualako, baina, halan da be, poeta bilbotarrak garai haretako poeta handien artean sartzea lortu eban lan horregaz. Ondoren, gerra osteko garaiaren gogortasuna eta sufrimendua agirian ixten eben gai sozialetan oinarritu zan. Lan horreen artean dagoz Belleza cruel eta Toco la tierra, bere poema liburu ezagunenak. Halan da be, idazlea ia inork ezagutu barik hil zan Madrilen, 1984an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!