Hiru bilbotarrek eta valentziar batek irabazi ditue 'Bidaiari Dubi Dubi' bideo lehiaketearen sariak

Bizkaie! 2011-10-26 11:43   Barriak

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazo dabenez, lehiaketako hiru sariak honako bideoei emon jakez: lehenengo saria Begoña Arenal bilbotarraren Luces de Verano bideoarentzat, bigarrena Francisco de Casa valentziarraren Saltando por Noruega lanarentzat eta hirugarrena Izaskun Jurgo bilbotarraren Transmongoliano bideoarentzat.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bidaiarien Txokoa programearen barruan dagoan Bidaiari Dubi Dubi bideo lehiaketearen sariak erabagi ditu. Programa horrek, bidaia eta abentura bereziakaz lotutako tailerrak, berbaldiak, ikus-entzunezkoak, kontzertuak eta erakusketak eroaten ditu Begoñako barrutira urrian eta zemendian.

Bideo lehiaketearen epaimahaiaren buru Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia izan da, eta beragaz batera egon dira epaimahaian Alvaro Perez Tular ikus-entzunezko alkarteko kidea, Juanra Madariaga mendizalea, bidaiari amorratua eta Nontzeflash egitasmoko kidea eta Norberto Alboniga FAS zine-klubeko kidea.

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazo dabenez, lehiaketako hiru sariak honako bideoei emon jakez: lehenengo saria Begoña Arenal bilbotarraren Luces de Verano bideoarentzat, bigarrena Francisco de Casa valentziarraren Saltando por Noruega lanarentzat eta hirugarrena Izaskun Jurgo bilbotarraren Transmongoliano bideoarentzat. Horrezaz gan, epaimahaiak akzesit bat emon deutso Patxo Landa bilbotarraren Pirineoak bideoari.

Lehen sailkatuak 800 euroko saria jasoko dau, bigarrenak 600 eurokoa eta hirugarrenak 350 eurokoa. Akzesitaren irabazleak sei personarentzako egonaldia irabazi dau Asturiaseko landa-hotel batean, hiru egunetarako, Eroski Bidaiaken laguntzari esker.

Lehiaketea 18 urtetik gorako personei egoan zuzendua, eta gehienez be hiru minutuko iraupena daben bideoak aurkeztu behar zituen, bidaia bateko hainbat lekutako irudiakaz eta, era berean, leku horreetan jantzan dabilzan persona baten edo gehiagoren irudiakaz. Horrezaz gan, musikea, norberak sortutakoa edo egile eskubideen aldetik librea izan behar zan.

Aukeratutako bideoek, lehiaketearen baldintzak beteteaz gain, hau da, leku bitxiak, jatorrizko edukiak eta koreografia eta edizino kalidade ona, umore puntua be badaukie. Bideo irabazlearen kasuan, epaimahaiak edizino egokia eta bertan agertzen diran koreografiaren eta musikearen eta bertan erakusten diran leku ugarien arteko koordinazino egokia azpimarratu ditu. Luces de Verano lanak, Costa Ricako, Portugaleko eta Espainiako hogei bat txoko erakusten ditu, eta guztietan protagonistak jotak jantzan agiri dira, soinu bandea osotzen daben gaiten erritmora.

Lau bideo irabazleak sariak banatzen diran egunean ikusi ahal izango dira, jentearentzat zabalik egongo dan ekitaldian. Hitzordua urriaren 27an izango da, arratsaldeko 19:30ean, Begoñako Udaltegian. Ondoren, Bidaiarien Txokoa programearen barruan sartu diran Chiloe ETBko telebista saioan sartutako azken bi dokumentalak be eskainiko dira. Holan, oraindino telebistaz ikusi bako programa bi emongo dira, honako leku honeei buruzkoak: Kaunas (Lituania) eta Quito-Otavalo (Ekuador).

Lehiaketea irabazi daben bideoak Bidaiarien Txokoa programearen blog-ean ikusi daitekez honezkero: http://bidaiarientxokoa.blogspot.com/

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu