Nafarroako Filmotekeak bat egingo dau Home Movie Day egunagaz
2011-10-17 17:19 BarriakNafarroako Filmotekeak bat egingo dau bihar, martitzena, urriaren 18an, Home Movie Day egunagaz; esangura horretan, Nafarroako film-ondareko ale batzuk emongo ditu, danak azken hilebeteotan berreskuratutakoak. Zinemagile afizionatuek 1940tik 1980ra grabautako zatiak dira.
Nafarroako Filmotekeak bat egingo dau bihar, martitzena, urriaren 18an, Home Movie Day egunagaz; esangura horretan, Nafarroako film-ondareko ale batzuk emongo ditu, danak azken hilebeteotan berreskuratutakoak. Zinemagile afizionatuek 1940tik 1980ra grabautako zatiak dira, super 8 mm-ko, 8 mm-ko eta 16 mm-ko kamerak erabilita. Familia giroko irudiez gan, film horreetako asko balio handikoak dira etnografiari, folkloreari, dokumentalari, historiari eta herri-izaerari begira. Holan, beste irudi batzuen artean, nabarmentzekoak dira Iruñeko Ziudadeleari buruz airetik hartutako irudiak, armadak harresi-barrutiaren barruan eta inguruan eukazan eraikinak bota aurretik eta ondoren; hasiera-hasierako aeromodelismoari buruzko irudi batzuk, Larrabiden XX. mendeko 40ko hamarkadan hartutakoak; Iruñeko 3 Reyes Hotelean egindako modelo-desfile bat, eta 1970ean Uxuera egindako erromeria bat.
Sarrerea doban izango da eta iluntzeko 20:00etan hasiko da. Dana dala, aldez aurretik, ikusleek leihatilan konbidapena jaso beharko dabe.
Bihar eskainiko diran pelikulak Nafarroako Filmotekeak jaso ditu joan dan bagilean egindako deialdiaren ondoren. Lau hilebeteotan, Filmotekako artxiboetara 13.500 metro pelikula ekarri dira (20 bat proiekzino-ordu), 195 bobinetan banatuta, 8 mm, s-8 mm eta 16 mm-koak, eta 10 lagunenak dira.
Deialdia zabalik dago oraindino eta, beraz, film-materiala dauen zinemagile amateurrek aukerea dauka era horretako irudiak Filmotekara bialtzeko. Filmen egiletza eta pelikulen gaineko eskubideak bermatuko dira.
Home Movie Day
Orain dala urte batzuetatik hona, mundu zabaleko hainbat herrialdek Home Movie Day eguna egiten dabe. Afizionatuek grabautako film-dokumentuak edo etxeko pelikulak esaten jakenak jentaurrean emoten dira.
Film-artxiboetan adituak diran amerikar espezialista batzuk 2002an abiarazotako ekimena da, herritarrak film-memoria pribatuak gordeteak dauen garrantziaz sentsibilizetako. Ordutik, ekimena zabaldu egin da eta, orain, egun bat eskaintzen jako; aurten, urriaren 15etik 20ra egingo, 14 herrialdetan; Europako 8tan, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!