Hogeita hamahiru film labur izango dira lehian Lekeitioko 34. Euskal Zine eta Bideo Bileran
2011-10-13 13:34 BarriakLekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileran 33 film labur izango dira lehian, antolatzaileek jakinarazo dabenez. Jaialdia zemendiaren 29an hasi eta abenduaren 3an amaituko da, Euskerearen Egunagaz bat eginez. Lekeitiokoa da, gaur egun, euskera hutsean egiten dan zinemaldi bakarra.
Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileran 33 film labur izango dira lehian, antolatzaileek jakinarazo dabenez. Jaialdia zemendiaren 29an hasi eta abenduaren 3an amaituko da, Euskerearen Egunagaz bat eginez. Lekeitiokoa da, gaur egun, euskera hutsean egiten dan zinemaldi bakarra.
Danetara, 38 lan jaso zituan antokuntzeak, baina bost kanpoan geratu dira ez dituelako lehiaketearen arauak beteten. Bizkaiko 11 behar aurkeztu dira, horreetatik 3, lekeitiarrenak; Gipuzkoako, 19 lan; Arabako, 3. Argumentuzko lanak dira gehienak, 13 danetara, horreetatik 7 profesionalenak dira, eta ganerakoak, amateurrenak. Bai Dokumental eta Erreportajeen atalean bai Sormenezkoenean hamarna film egongo dira. Aurten aurreko edizinoetan baino profesional gehiagok parte hartu dabe, eta lehenengoz gehiengoa dira.
Kategoria bi dagoz Bileran: amateurra eta profesionala. Eta kategoria bakotxak hiru sail ditu, hain zuzen be, sormenezkoa, argumentuzkoa eta dokumentala edo erreportajea. Beraz, sei irabazle izango dira, eta horretatik epaimahaiak bat aukeratuko dau bilerako filmik onena izentetako. Sei irabazleek Zidarrezko Antzara eta 1.200 euro jasoko ditue, eta lanik onenak, Urrezko Antzara. Sail bakotxean bigarren saria be emongo dabe: 800 euro eta Antzara.
Zemendiaren 29an, 19:30ean, hasiko dira emonaldiak, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Abenduaren 3an, 19:00etan, ezagutarazoko ditue irabazleak.
Ansola Bekeari esker, lehiaketaz kanpo lan bi ikusiko dira. Proiekzinoa zemendiaren 28an egingo dabe, Lekeitioko Kultur Etxean. Abenduaren 3an, ganera, igazko bekan saritutako filmak estreinauko dira. Aurten ez da beka-deialdirik egingo, krisiaren eraginez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!