Animalietan inspirautako poesia izango da XIII. BilbaoPoesia jaialdiaren gaia

Bizkaie! 2011-10-11 15:48   jardunaldiak

Poesiako lau Sari Nazional izango dira gure artean: Felipe Benítez Reyes, José Corredor-Matheos, Olvido García Valdés eta Joan Margarit. Eurekaz batera, maila handiko Valerie Mejer (Mexiko) Bob Holman (AEB) eta Jacques Roubaud (Frantzia), gure poeta azpimarragarrienetako batzuk ahaztu barik (Kirmen Uribe, Harkaitz Cano edo José Fernández de la Sota). Danak be, urriaren 13tik 23ra egingo dan BilbaoPoesiaren edizino barrian alkartuko dira.

Poesiako lau Sari Nazional izango dira gure artean: Felipe Benítez Reyes, José Corredor-Matheos, Olvido García Valdés eta Joan Margarit. Eta eurekaz batera, maila handiko Valerie Mejer (Mexiko) Bob Holman (AEB) eta Jacques Roubaud (Frantzia), gure poeta azpimarragarrienetako batzuk ahaztu barik (Kirmen Uribe, Harkaitz Cano edo José Fernández de la Sota). danak be, urriaren 13tik 23ra egingo dan BilbaoPoesiaren edizino barrian alkartuko dira. Jaialdiaren egoitza nagusia Bidebarrietako Liburutegia izango da.

Kirmen Uribe idazle euskalduna, 2009ko Narratiba Sari Nazionala, izango da literatura jaialdia inauguratuko dauena, Quique González kantautore madrildarrak lagunduta eskainiko dauen ez ohiko errezitaldiagaz; Egun euritsuen ostean izeneko inaugurazino kontzertua eguenean, hilaren 13an, eskainiko da, arratsaldeko 20:00etan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan (6 euro). Bilbon lehen aldiz gozau ahal izango dogun ikuskizun horretan, Quique Gonzálezen abestiak eta idazle ondarrutarraren argitaratu bako testuen eta poemen irakurketea izango doguz. Poemak musika oinarriz lagunduta irakurriko ditu. Horrezaz gan, Quique Gonzálezek, Kirmen Uribek berak idatzitako zenbait kantu barri interpretauko ditu.

Eta bikote hori baldin bada BilbaoPoesia zabaltzearen arduraduna, Luis Eduardo Autek emongo deutso amaierea, errezitaldi intimista eta personalagaz, urriaren 22an (21:00etan). Manilan jaio eta hainbat diziplina landu dituan artisteak lirikarako dituan doeak erakutsiko ditu oraingoan, Poemigas izenekoak errezitatuz eta Autek berak egindako marrazki bizidunak emonaz eskainiko dan aperitibo poetikoagaz. Sarrerak 6 euroan salgai dagoz honezkero Bidebarrietako Liburutegian.


Animalia poesia

Astearen gai nagusia Animalia poesia izango da, garai guztietako poetek, euren lagun ziran animalietan inspirauta idatzi daben literatura zabalaren omenez. Beste kasu batzuetan, animaliak literatur artifizio lez erabilten dira, metafora indartsu edo irudi poetiko moduan.

Gabriel Aresti poeta bilbotarra izango da BilbaoPoesiaren edegiera jardunaldiaren protagonista datorren barikuan (1933an, idazlea jaio zan egunagaz bat etorriz). Bertan, animaliak protagonista diran bere zenbait poema irakurriko dira. Ekitaldia Francisco Javier Rojo literatur kritikariak aurkeztuko dau, eta, gainera, Ander Lipus eta Miren Gaztañaga antzezleek eta Xabi Strubell gitarra jotzaileak be parte hartuko dabe.

Asteak dauen hitzordurik garrantzitsuenetakoa urriaren 17an izango da. Egun horretan egingo dan topaketan Bob Holman (EEBB) poeta, zinegile eta performerrak, Jacques Roubaudek (Frantzia, 1932) eta Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975), 2005eko euskerazko Literatura Euskadi Saridunak, hartuko dabe parte. Bob Holman gure kultura garaikidean poesiak izan dauen berpizkundearen arduradun nagusietakoa da, poesia, rap-a edo hip hop-a lako uriko adierazpen formakaz bateratu ondoren. Hogei liburu inguru egin ditu, eta sari asko jaso ditu, horreen artean hiru Emmy sari, WNYC-TV katerako poesia spot-ak egiten sei denporaldi egin ondoren.

OuLiPo (Ouvroir de Littérature Potentielle, Literatura Potentzialeko Tailerra) taldeko kide dan Jacques Roubaud idazle, itzultzaile eta matematikari frantsesak, bere literatur jarduerea matematiketan eta poesian oinarritu dau. Matematika irakasle zan Roubaudek literaturearen deia sentidu eban.

Urriaren 19a, ospe gehien daben poeta espainiarretako biren txandea izango da: José Corredor-Matheos (Alcázar de San Juan, Ciudad Real, 1929) eta Felipe Benítez Reyes (Rota, Cadiz, 1960). Eurekaz batera José Fernández de la Sota poeta bilbotarra, 2010eko Euskadi Literatura Sariduna, egongo da. Hirurek, aukeratutako zenbait poema irakurriko ditue.

Eguenean, urriaren 20an, Olvido García Valdés (Santianes de Pravia, 1950) Poesia Sari Nazionalaren txandea izango da. Poesia errezitaldia eskainiko dau, Valerie Mejerregaz (Mexiko, 1966) eta Ernesto García Lópezegaz (Madril, 1973). Olvido García Valdésen poemak frantsesera, ingelesera eta alemanera itzuli dira, eta antologia garrantzitsuetan batu dira. 2007an Poesia Sari Nazionala eskuratu eban, Y todos estábamos vivos lanari esker.

Asteari amaierea emoteko, poesia katalanaren 50 urte gaiari buruzko aurkezpen bat egingo da, Zurgai aldizkariagaz alkarlanean. Bertan, Joan Margaritek (Sanaüja, Bartzelona,1938), Poesia Sari Nazionala 2009, eta Teresa Pascualek (Grau de Gandia, Valentzia, 1952) hartuko dabe parte. Joan Margarit, une honetan bizirik dagoan poeta katalan onenetakoa da, eta bere lanak gai asko batzen ditu. 1980tik aurrera, literaturarako hizkuntza lez katalana erabiltea erabagi eban poeteak, eta hizkuntza horretan argitaratu dau ia bere poesia lan guztia, hamabost liburu baino gehiago Proa argitaletxeak 2008an argitaratutako Casa de Misericordia azken lanak, Poesia Sari Nazionala, Rosalía de Castro Saria eta Kataluniako Poesia Saria lortu zituan.


Poesia baino gehiago

Poesiaren Asteak, poesiaren inguruan egituratzen dan arren, beste diziplina batzuetatik, musikatik, antzerkitik edo jantzatik, hur dagozan beste zenbait jarduera batzen ditu. Holan, zapatu honetan (20:00etan), Bilborock aretoak, Giraluna poesia eta jantza taldearen A tientas ikuskizuna jasoko dau. Era berean, urriaren 23an, Galatea taldeak Las tortugas comen aceitunas poesia-musika ikuskizuna eskainiko dau eszenatoki berean (19:30ean).

Horrezaz gan, programazinoaren barruan, Toledon bizi dan Elena Román Torres idazlearen Esta dichosa ansiedad doméstica (Ed. Devenir) lana aurkeztuko da. Lan horrek Blas de Otero-Bilboko Hiribildua Saria irabazi eban 2010ean. Urriaren 18an (18:00etan), Bidebarrietako Liburutegian egingo dan ekitaldian egileak, Juan Pastorrek, Devenir argitaletxeko zuzendariak eta Sabina de la Cruzek, lehiaketako epaimahaiko presidenteak eta Blas de Oteroren alargunak, hartuko dabe parte.

Aurreko edizinoetan lez, BilbaoPoesiak leku berezia gordeko dau umeentzat, poesia lehiaketearen bederatzigarren edizinoagaz. Lehiaketako sariak urriaren 23an (12:00etan) banatu eta saritutako poemak irakurriko dira. Hortzmuga antzerki taldea poeta gazteakaz batera egongo da euren debutean. Igazko lehiaketan 455 poema jaso ziran.


Pintura erakusketea

Bidebarrietako Liburutegiak Agurtzane Sololuze artista eibartarraren pintura erakusketea jasoko dau urriaren 13tik 23ra. Oraingo honetan, artisteak Txinatik etorritako zetari buruz egindako lana, egitasmoan parte hartu daben zenbait egile euskaldunek eskuz idatzitako poemakaz lotzen dauen egitasmoa erakusten deusku. Idazle horreek Harkaitz Cano, Luigi Anselmi, Miren Agur Meabe, Iñaki Irazu, Arantxa Urretabizkaia, Kirmen Uribe, Tere Irastortza eta Bernardo Atxaga dira.

Informazino gehiago: www.bilbao.net edo 010 telefono zenbakian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu