V. Mangamore Jaialdiak Japoniako kulturearen euskal erdigune bihurtuko dau Amorebieta-Etxano
2011-10-10 13:54 jardunaldiakV. Mangamore Jaialdia udalerriko Zelaieta Zentroan egingo da eta programazino ludiko, ikusgarri eta dibertigarria aurkeztuko dau, bai zaletuei zein Manga eta Animea hurragotik ezagutu nahi daben guztiei, kulturearen arlo horreekaz lotutako hainbat jarduera eskainiz, tailerrak, musika- eta jantza-ekitaldiak, lehiaketak, berbaldiak, Cosplay erakustaldiak, etab.
Japoniako kulturearen euskal erdugune bihurtuko da Amorebieta-Etxano urriaren 14tik 16ra V. Mangamore Jaialdiari esker. Jaialdia udalerriko Zelaieta Zentroan egingo da eta programazino ludiko, ikusgarri eta dibertigarria aurkeztuko dau, bai zaletuei zein Manga eta Animea hurragotik ezagutu nahi daben guztiei, kulturearen arlo horreekaz lotutako hainbat jarduera eskainiz, tailerrak, musika- eta jantza-ekitaldiak, lehiaketak, hitzaldiak, Cosplay erakustaldiak, etab. Hori guztia, jaialdiaren maskota dan Ureshiren presentziak eta Jokin Lacalle zornotzarrak Mangamorerako konposatu eban Okaerinasai abestiak alaituta.
Cosplayrik onenak
Nazinoarte mailako Cosplay (manga edota anime personaia errealaren moduan, edota mundu horretako personaia batean inspirauta jaztea) lehiaketea izango da aurten, Metamorfose izenaz. Urriaren 15ean izango da, arratsaldeko 18:30ean. Estadu mailako cosplayerrik garrantzitsuenek hartuko dabe parte. Nazinoarteko trukaketa adiskidetsua sustatzen dau, horretarako oinarria Japongo kultura herrikoia izanik.
Alkartasuna Japoniagaz
Japoniako lurrikarea eta Fukushimako zentralean izandako ezbeharra aintzat hartuta, ekialde urruneko herrialdeagazko alkartasuna adierazoteko gunea egokituko da. Gurutz Gorriarentzako ekarpenak egin ahalko dira bertan, erakundeak Japoniarako zabalik daukan diru-kontuaren bidez edota bertan izango dan itsulapikoan laguntza sartuta. Mural bat be izango da gune horretan, etorkizunerako desioak, Japoniako biktimak gogoratzeko berbak edota laguntza-mezuak idazteko aukerea emongo deutsena bisitari guztiei. Jardunaldiak amaitutakoan, muralaren argazkia bialduko da Japoniako enbaxadara, jaialdiaren eta jaialdian parte hartzen daben personen alkartasuna helarazoteko.
Programea
Beste askoren artean, honako kultura eta jolas proposamen honeek dira Mangamore Jaialdiaren egitaraua osotzen dabenak:
- Berbaldiak: urriaren 14an, 19:30ean, tutoretza-ekitaldia izango da, ordenagailu bidezko koloreztatzea lantzeko manganime estiloan, amateurrentzako oinarrizko trukuak eskainiko dituana; zapatuan, 11:30etik aurrera, Cosplay berbagai hartuta, Mozorro Azpian dokumentalaren produktore, kamera-operadore eta gidoilari dan Cristina Farpónek zaletasun berezi horren sekretuak erakutsiko ditu.
Euskadin bikoiztu diran animeei eta Manga estiloko marrazkiei buruzko hitzaldiak be izango dira, Cipangoko Kronikak (domekan, 17:00etan) eta Hors Serie Lolitas (domekan, 18:00etan) dokumentalak aurkeztuko dira eta Shiatsu masaje japoniarraren eta Reikiaren gaineko berbaldi-tailerrak eskainiko dira.
- Tailerrak: tailerrei protagonismo berezia eskaintzen jake Mangamoreren programazinoan. Besteak beste, Lolita esku-lanen tailerra (begiztak, paparreko orratzak diademak, etab.) azpimarra daiteke, Kamikaze Factorykoek emongo daben manga marrazkien tailerra (egunero 17:00etatik 10:30era), idazkera japoniarraren ikastaroa, Origamiak egitekoa, xake japoniarrarena, anime eta manga personaien bikoizketarena, eta abar.
Txikienentzat, barriz, umeentzako Ureshiland izeneko gunean, bonsai txikiak, munstro orri-markatzaileak, animalia biribilduak eta papelezko globoak egiteko tailerrak antolatu dira.
Umeentzako txokoa indartu egin da aurtengo edizinoan eta, holan, manga personaien puzgarriak izango dira, jantza-jolasak eta igaz arrakastatsuen gertatu ziran jarduerak: Ureshigaz argazkia egiteko photocall-a edota karaokea.
- Bideojokoen gunea: gune hau be indarturik jatorku aurtengo edizinoan eta 30 makina eta bideo-konsolatik gora topau ahal izango dira bertan, PIU makina bi (jantza simulazinorako arcade bideojokoak), DDRak (Dance Dance Revolutionen bideojoko musikala), etab. Horrez gan, League of Legends (jokalari askorentzako burruka eta estrategia joko ospetsua) bideojokoan linean jokatzeko ordenagailuak be egongo dira.
- Bestelako jarduerak: Jaki japoniarren Fast Food bat izango da jaialdian, bai eta Maid Kafea be, Japoniako kaferik onenak eta gozoki tipikoak probetako. Era berean, Japoniako produkturik eta errezetarik onenak ezagutzeko Fast Food japoniarra be topauko dabe Mangamoreren aurtengo edizinoan bisitariek.
Kirolaren alorrean, Soft Combat eta Karate saioak eskainiko dira. Azkenik, jolas frikiak, musika-lehiaketak eta mahai-jokoen eta rol-jokoen esparruak be izango dira, eta bertaratzen diranek hainbat jokotan jardun ahalko dabe bertan.
Jaialdiaren historia
Mangamore Jaialdia 2007an sortu zan Ametxek (Amorebieta-Etxanoko Udalaren Kultura zerbitzuetarako erakundea) antolatuta. Etenbarik hazten joan dira ordutik jaialdiaren ospea, kalidadea eta eragina, sektorearen erreferente bilakaturik. Lehenengo edizinoan 6.000 bisita izan zituan Mangamore jaialdiak eta igaz, barriz, 8.000tik gora izan ziran.
Mangamoreren webguneak, bestalde, 30.000 bisitatik gora izan ditu sortu zanetik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!