VIII. Bidaiarien Txokoak egitarau potoloa dakar
2011-09-28 15:16 jardunaldiakZortzigarren urtez jarraian, Begoñako barrutiak Kultura eta Hezkuntza Sailaren Bidaiarien Txokoa ekimena jasoko dau. Bertan berbaldiak, proiekzinoak, erakusketak, tailerrak eta mundu osoko musika kontzertuak eskainiko dira, ikus-entzuleak beste kultura, ohitura eta jente batzuen errealidadera hurreratzeko.
Zortzigarren urtez jarraian, Begoñako barrutiak Kultura eta Hezkuntza Sailaren Bidaiarien Txokoa ekimena jasoko dau. Bertan berbaldiak, proiekzinoak, erakusketak, tailerrak eta mundu osoko musika kontzertuak eskainiko dira, ikus-entzuleak beste kultura, ohitura eta jente batzuen errealidadera hurreratzeko.
Urrian, Txurdinagako kiroldegiaren ondoan dagoan Begoñako barrutiko Udaltegian, berbaldi, proiekzino, erakusketa, prestakuntza tailer eta munduko musika kontzertuak izango dira eta, barrikuntza lez, aurten prestakuntza tailerrak zemendian egingo dira. Hori dala eta, izena emoteko epea urriaren 10etik 21era egongo da zabalik.
Programazino osoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilbon Justo Ezenarrok, Bilboko Udaleko Kultur Programazino Zuzendariordeak, Nagore Zuazok, programearen arduradunak eta Jon Arretxe idazleak.
Kontuak kontu, egitarauari datorren eguaztenean (urriaren 5ean, 19:30ean) ekingo jako, Ander Izagirrek moderautako Turismoaren aztarna izeneko mahai-inguruagaz. Hitzordu horretan, errespetua erakusten ez dauen turismoaren eragin kaltegarria aztertuko da, izan be, mota horretako turismoak tokiko ekonomia desorekatzen, ingurumena eta paisajea kaltetzen, eta gizartean eta kulturan distorsinoak sortzen ditu. Parte-hartzaileak Izaskun Merodio, kooperante bolondresa, Zubiak Eginez alkarteko eta Turismo Jasangarrirako Foroko kidea; Zigor Aldama, Asiako turismoaren pilaketari, ekoturismoari eta lurralde turistikoetako gitxiengo etnikoek bizi daben egoereari buruzko erreportajeak argitaratu dituan eta Txinan bizi dan kazetaria; eta Ortzi Akizu, Pakistango mendietan ekoturismoa sustatzen dauen Felix Baltistan Fundazinoko kidea.
Urrian berbaldi ziklo bat be eskainiko da, ikus-entzunezkoak emonez. Ziklo hori izango da programazinoaren ardatz nagusia, izan be, ohikoak ez diran abenturei eta bidaiei, bidaiatzeko beste era batzuei eta bidaiatzeko zenbait arrazoiri buruzko kontakizunak lehen personan entzuteko aukerea eskainiko dalako.
Egoi Urkiza eta Rasa Varnaite, bi urtez belauntzian munduari bira emon deutsien bi gazte dira. Vuelta al mundo en velero izeneko hitzaldian, (urriaren 11n, arratsaldeko 19:30ean), abentura horren egitasmoa eta esperientziak aurkeztuko ditue; zelakoa izan zan nabigazina, klimatologiaren eta itsasoaren baldintzak, euren ibilbide luzean, Atlantikoan, Ozeano Barean, Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Mediterraneo itsasoan, topau zituen personak, kulturak eta ohiturak…
Bigarren berbaldia, Zetaren bidea txirringaz izenekoa; euskeraz eskainiko dau bizikletaz 14.000 kilometro baino gehiago egin zituan Iñigo Rumenigek urriaren 18an, arratsaldeko 19:00etan. Bidaiari amorratu hori Zetaren Bidean, 17 herrialdetan, bizi izandako esperientziak laburbiltzen saiatuko da, Egipto, Kurdistango eta Kaukasoko lurraldeak, Himalaiako tontorretatik Thailandiako hondartzetara… Hori izango da, baita be, urriaren 17tik 31ra Begoñako liburutegian bisitau ahal izango dan erakusketearen gaia. Bertan, Zetaren bideagaz lotutako DVD-ak, gidaliburuak, liburuak, musika CD-ak, etab. ikusi ahal izango dira.
Hurrengo berbaldia (urriaren 19an, arratsaldeko 19:30ean) Haritz Rodríguez kazetariak eskainiko dau, baina ez da leku erreal batean zentrauko, bidaietan espezializautako espazio birtual batean baino. Tokitan.tv, Haritz Rodríguez protagonista dauen bidaiei buruzko webtv-a da. Bertako bideoen ezaugarri nagusia, edozeinek egiteko moduko abenturak erakusten dituela da. Parte hartzean oinarritutako egitasmo horretan erabiltzaileek euren bidaiei buruzko bideoak bialdu leikiez. Berbaldian, bidaiei buruzko bideoblog bitxi horren zehetasunak emongo dira.
Hitzaldi ziklo hori urriaren 26an amaituko da (arratsaldeko 19:30ean), Jon Arretxe idazleak emongo dauen 11 bidaia 11 liburu hitzaldiagaz. Euskeraz eskainiko dauen hitzaldi horretan, bere bidaiak aztertuko ditu, sorkuntzarako inspirazinoa elikatzeko bide izan baitira berarentzat. Jon Arretxek Sahara zeharkatu dau bizikletaz, Marokotik, Algeriatik eta Malitik, Niger ibaira heldu aurretik; modu berean ibili da Mato Grosson (Amazonia); Karakorumeko Ibilbidea egin dau eta beste hainbat herrialde bisitau ditu, Indonesia eta Nepal, besteak beste. Bidaia horreetan guztietan, gure planetan garapen gitxieneko herrietako askok daben jakituriaren alde interesgarrienak eskuratzen ahalegindu da idazlea.
Munduko soinuak
Munduko musikeari eskainitako dobako kontzertuen zikloa urriko bariku guztietan izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Begoñako udaltegian. Aurtengo edizinoan lau emonaldi antolatu dira, Paraguayko, Greziako eta Irlandako musikeagaz. Kontrapuntua azken kontzertuak jarriko dau, askoz be intimistagoa izango dan koto –Japoniako musika tresnea– emonaldiak. Kontzertuak: Ruaille-Buaille, unplugged. Irlandako musikea (Urriaren 7an); Los Norteños del Paraguay (Urriaren 14an); Vasilopoliseko Konpainia (Urriaren 21ean); eta Koto emonaldia (Yoshie Sakaik), urriaren 28an.
Urrian baita be, Bidaiarien Txokoa programeak, eguen guztietan, tarte bat itxiko deutso da ETB-ko Chiloe bidaia programa ezaguneko saioak eskaintzeko, Euskal telebista publikoagaz sinatutako alkarlanari esker. Honako saio honeek eskainiko dira, beti be arratsaldeko 19:30etik aurrera: Vilna – Kaunas (Lituania); Cuenca Cotopaxi (Ekuador) eta Rotterdam (Holanda) (euskeraz); Finlandia eta Singapur, Alberto Arizkorretak eta Xunban Intxaustik, programearen zuzendariak eta aurkezleak, aurkeztuta. Emonaldiak urriaren 27an amaituko dira, Quito-Otavalori (Ekuador) eta Amsterdami (Holanda) buruzko bi dokumentalakaz.
Urrirako programazinoa, Afrikako emakumearengan zentrautako bigarren argazki erakusketeagaz osotuko da. Erakusketea urriaren 4tik 14ra ikusi ahal izango da, Begoñako Udaltegian. Y tú ¿con quién estás? Yo, con las mujeres de África izeneko ekimenaren helburua Sahara azpiko emakumearen errealidadea hurreratzea da, gizartearen, ekonomiaren, politikearen eta kulturearen alorretan burutzen dituen ekimenak eta pobreziaren kontrako burrukan beteten dauen funtsezko lekua ezagutarazoz.
Bideo Lehiaketea
Bidaiarien Txokoa joan dan bagilean hasi zan, bidaiei buruzko jatorrizko film laburrak sarituko dituan Bidaiari Dubi Dubi Lehiaketearen lehen edizinoaren deialdiagaz. Ekimen hori 18 urtetik gorako personei dago zuzenduta. Lehiaketara aurkezten diranek, gehienez be hiru minutuko iraupena izango daben bideoak aurkeztu beharko ditue, eta bidaia bateko zenbait lekuren irudiak jasotea da kontua, bertako protagonistak jantzan dagozan bitartean. Bilboko Udalaren webgunearen bitartez bialdu beharko diran lanak aurkezteko epea urriaren 9an amaituko da. Bideoaren artxiboak ez dau 10 MB baino gehiago hartuko, eta mp4, 3gp, wma, avi edo mpg formatuan egon beharko da. Sariak emoteko ekitaldia urriaren 27an egingo da, 19:30ean, eta bideo irabazleak eskainiko dira.
Tailerrak
Tailerrak dira ikus-entzuleen artean interes gehien sortzen dauen jardueretako bat. Ikastaro guztiak euskeraz eta gaztelaniaz eskainiko dira, zemendian. Izena emoteko epea urriaren 10etik 21era egongo da zabalik, eta Bilboko Udaleko webgunearen bitartez (www.bilbao.net) egin ahal izango da.
Edukiei jagokenez, bidaiak antolatzeari buruzko tailerraren asmoa, partaide guztiei bidaiakaz lotutako guztia eta bidaia egiteko preparau beharreko guztia hurreratzea da, baita abiatu aurretik kontuan izan beharreko zenbait gauza be. Tailerra dinamikoa izango da, eta parte hartzean oinarrituko da. Martitzenetan eta eguenetan eskainiko da, zemendairen lehen hamabostaldian gaztelaniaz eta bigarren hamabostaldian euskeraz.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ikus-entzunezko argazki muntaiari buruzko tailerra eskainiko dau aurten barriro be. Ikastaroa urriaren 8an eta 12an eskainiko da gaztelaniaz eta zemendiaren 5ean euskeraz. Bidaietako gomuten aurkezpen erakargarriagoak lortzea da asmoa, etxeko ordenagailuetan ohikoa dan programa informatikoa erabiliz –MovieMaker–.
Bigarren urtez jarraian, Pinnacle Studio edizino programea erabiliz egingo dan bideo edizinoari buruzko hitzaldi bat eskainiko da. Programa horren bidez, bidaietan grabautako bideoen muntaiak egin daitekez, bideoklipak lotuz eta testua eta musika sartuz. Jarduera hori euskeraz eskainiko da zemendiaren 19an, eta gaztelaniaz zemendiaren 26an, goizeko 11:00etatik 13:30era.
Azken buruan, personek bidaia bat egiten dabenean dituen eskubideei eta betebeharrei buruzko tailerra eskainiko da. Ikastaroa bidaiarien eskubideetan eta betebeharretan zentrauko da, gatazkak zelan konpondu bidaia konbinatuetan eta garraiobideak erabilterakoan. Ikastaroa, Bilboko Kontsumo Gelak izeneko zerbitzuko arduradun dan Amaia Marcillak emongo dau, eta gaztelaniaz eskainiko da zemendiaren 15ean eta 17an eta euskeraz zemendiaren 22an eta 24an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!