Bizkaia Ilustrazinoaren sasoian ezagutzeko hamaika jarduera aukeran urrian
2011-09-28 14:58 jardunaldiakAurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiek Ilustrazinoaren sasoira eroango gaitue, Argiak eta aurrerapena. Bizkaia Ilustrazinoaren garaietan izenburpean atonduta berbaldi, bisitaldi gidatu eta erakusketen bitartez. Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputaduak aurkeztu ditu jardunaldiak prentsaurrekoan.
Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiek Ilustrazinoaren sasoira eroango gaitue, Argiak eta aurrerapena. Bizkaia Ilustrazinoaren garaietan izenburpean atonduta berbaldi, bisitaldi gidatu eta erakusketen bitartez. Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputaduak aurkeztu ditu jardunaldiak prentsaurrekoan, eta beragaz batera parte hartuko daben erakundeetako batzuen ordezkariak izan dira: Izaskun Landaida Ugao-Miraballeseko alkatea, Marta Zabala El Pobal museoko zuzendaria, Gerediaga alkarteko Aitziber Atorrasagasti eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Lehenaldira begiratu, eta Europan sano garrantzitsua izan zan sasoi bat ezagutzeko aukerea eskainiko dabe aurtengo jardunaldiek. Danetara, 80 jarduera antolatu ditue Bizkaiko hainbat herritan. Bizkaiko 46 udalek parte hartuko dabe, baina makina bat alkarte eta museok bere bai. Egitarau bete-betea preparau dabe danen artean. Josu Ariztondo Kultura diputaduak nabarmendu dauenez, erakundeen alkarlanaren ondorio dira. Jardunaldiok Bizkaiko kultur ondarea zabaldu eta ezagutzeko atxaki parebakoa dira Ariztondoren eritxiz. Ezkutuko ondarea gizarteratzeko aukera ederra da, ganeratu dau.
Edonor gustora ibilteko moduko ekintza moltsoa izango da urrian zehar, bisitaldi gidatuak, kontzertuak, tailerrak, berbaldiak, antzerki emonaldiak kalean... Urigintzearen arloko ideia ilustrauek itxi deuskuezan eraikinak hurretik ezagutzeko aukerea egongo da Balmasedan, Bermeon, Bilbon, Markinan, Otxandion, Areatzan, Durangon, Ondarroan eta abar. Gure historiako personaia garrantzitsuen barri be izango dogu, tartean, Juan Ramón Iturriza Bizkaiko lehenengo historialari modernoa edo Bernardo Villareal de Berriz Real Sociedad Vascongadako sortzailea. Eleiza, udaletxe, jauregi, errota, burdinola eta baserri esanguratsuak be edegiko ditue jenteak hurretik ikusteko.
Ugao-Miraballeseko alkate Izaskun Landaidak herrian egingo dituen jarduerak aurkeztu ditu: ogia zelan egiten zan ikasteko tailerra eta herria XVIII. mendean zelangoa zan jakiteko bisita gidatu antzeztua. Urtero hartu dogu parte -esan dau Landaidak- , jardunaldi honeek aukera ezinhobea dira norberaren historia ezagutzeko.
Muskizeko El Pobal burdinolako Marta Zabala zuzendariak denporan zehar bidaiatzeko proposamena egin dau, eta El Pobal eta Muñatones gazteluak ezagutzeko gonbitea luzatu. Gerediaga alkarteko Aitziber Atorrasagastik Durangaldeko ondarearen zabalkundearen garrantzia azpimarratu dau. Eskualdearen nortasuna kontuan hartu dogu, eta osotasun horri eutsi deutsagu jarduerak antolatzean, azaldu dau. Durangaldeko zortzi herrik hartuko dabe parte.
Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskaltzaindiak eskainiko dauen egitarau aurkeztu dau. Euskaltzaindiaren eraikina bera ezagutzeaz gan, barruan dagoen altxorra be ezgautzea proponidu dau Urrutiak: Etxebarrua ikusteko aukerea izango da, ez liburuak bakarrik, bertan dagoan altxorra be bai, euskerea, euskera bizia. Akademiak lehenengoz hartuko dau parte Ondarearen Europako Jardunaldietan, euskaltzainburuaren esanetan, abagune oso garrantzitsua da.
Europako Kontseiluak antolatzen ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak, Europar Batasunagaz lankidetzan. Ekimenak ibilbide luzea dauka, eta gaur egun 50 estaduk hartzen dabe parte. Ekimenaren helburu nagusia ondare kulturalaren ganeko sentiberatzea bultzatzea da. Bizkaian hamaikagarren aldiz antolatu dira jarduerak, urteotan gai ugari jorratu dira, besteak beste, Artea eta pentsamendua, Bizkaia bideetan zehar, Burdinaren paisaiak, Burges etxebizitza Bizkaian eta Industri ondarea.
Argiak eta aurrerapena. Bizkaia Ilustrazinoaren garaietan Ondarearen Europako Jardunaldien egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!