XXIII. Bilbao Hiria Pop Rock sariketako talde aukeratuak, hilaren 22tik aurrera lehian
2011-09-21 15:33 MusikeaPop-rock, Metal eta Beste Joerak ataletan, guztira 40 talde sailkatu dira jentaurreko kanporaketan eta, hilaren 22tik aurrera, Bilborock aretoan joko dabe txandaka. Bandarik onenak zemendiko finaletan lehiatuko dira. Bilbao Hiria Pop-rock lehiaketan 20.000 euro baino gehiago emongo ditue saritan.
Pop-rock, Metal eta Beste Joerak ataletan, guztira 40 talde sailkatu dira jentaurreko kanporaketan eta, hilaren 22tik aurrera, Bilborock aretoan joko dabe txandaka. Bandarik onenak zemendiko finaletan lehiatuko dira. Bilbao Hiria Pop-rock lehiaketan 20.000 euro baino gehiago emongo ditue saritan. Musika talde gazteen lana babestu eta zabaltzea da ekimenaren helburu nagusia.
Aurtengo ekitaldian parte hartzeko, Bilboko Udaleko Gazteria Sailak 541 talderen eskariak jaso zituan eta musikaren arloko adituek osotutako epaimahaiak 40 onenak aukeratu ditu, Bilborocken jotzeko. Duda barik arrakastatsua izan da deialdia, 500 taldetik gora erakarri doguz eta, ganera, hainbat herrialdetatik jaso doguz proposamenak, azaldu dau Sabin Anuzita Bilboko Gazteria zinegotziak. 151 eskaera Euskal Herrikoak izan dira, tartean Bilboko 74; Belgikatik, 37 talde. Frantzia eta Italiatik aurkeztu dira eta ganerakoak, Espainiatik.
Epaimahaiak aukeratutako taldeek hilaren 22tik aurrera joko dabe Bilborocken. Valentziako Velocista taldeak, Bizkaiko Mind the Gapek eta Gipuzkoako Granicek joko dabe lehenengoan, Pop-rock arloan. Beste zazpi kontzertu be egongo dira Pop-rockean. Beste Joerak sailean, barriz, irailaren 28an eta urriaren 5ean izango dira emonaldiak, eta Metal arloan, urriaren 12tik aurrera bost kontzertu egongo dira. Zemendiaren 18an, ostera, Beste Joerak saileko finala izango da, 25ean Metalekoa eta 26an Pop-rock arlokoa.
Kontzertu guztiak dobakoak izango dirala azpimarratu dau Sabin Anuzitak, holan, kalidade handiko eta etorkizuneko taldeak ezagutzeko aukerea izango dabe nahi daben guztiek. Kontzertu guztiak iluntzeko zortziretan hasiko dira. Finalistak aukeratzeko, ohiko aditu taldeaz gan, hiru gaztek osotutako epaimahai berezia izentau dabe, gazteei lehiaketearen fase guztietan inpliketako aukerea emon behar jake, eurak dira protagonista Bilbao Hiria lehiaketan, Anuzitaren arabera. Musikariak eurak be 18 eta 35 urte bitartekoak dira guztiak.
Irabazleei emongo jakezan sarietan ahalegin berezia egin dau Bilboko Udalak eta aurten, diru gehiago banatuko dau, 20.000 euro guztira. Holan, aurreko urteekaz alderatuta, Metal eta Beste Joerak sailetan sari gehiago emongo ditue: hiru sari Metal eta Pop-Rockean eta bi Beste Joeretan, partehartzaile gitxiago dagoz eta.
23. ekitaldia dau aurtengoa Bilbao Hiriak eta finkatutako hitzordua da musikari eta musikazale gazteentzat, Sabin Anuzitaren ustez: 500 eskari baino gehiago jaso doguz, atara kontuak zenbat musikarik parte hartu gura izan daben eta ez dot ahaztu nahi, 74 Bilbokoak izan dirala, uriburuan be musikarako grina errotuta dagoan seinale. El Menton de Fogarty talde ezaguna be Bilbao Hiria lehiaketan hasi zan eta, gaur egun, disko bi kaleratuta, euren lekutxua egin dabe. Aurkezpenean Carlos Uribe taldeko kidea Bilboko udaletxean egon da, lehiaketeari babesa emoteko asmoz. Orain dala zortzi urte jo genduan Bilbao Hirian, oso aberasgarria izan zan. Kanpoko jentea ezagutu eta esperientzia barriak biziteko, talde gazteentzat aproposa da, azaldu dau Uribek. Sabin Anuzitak honakoa ganeratu dau, gazte guztiak eta musikazaleak konbidau gura dodaz, kalidadeko handiko emonaldiak izango dira eta doban.
Aurtengo edizinoan lehenengo aldiz lehiaketako kontzertu guztiak Internetez zuzenean ikusteko aukerea izango da, streaming bidez, StereoZona webgunean. Edukiak eskuragarri izango dira www.stereozona.com gunean, facebookeko profilean eta StereoZonaren Livestream kanalean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!