Asier Altunaren 'Bertsolari' filma Donostiako Zinemaldian ikusgai
2011-09-16 15:35 BarriakFilm hau egitea oso garrantzitsua izan da niretzat, pelikuleagaz batera hazi egin nazelako neu be. Mikrofono baten aurrean jarri eta bihotz-bihotzez kantau dodala sentiduten dot.
2011ko Donostiako Zinemaldiaren sail ofizialean, lehiaketaz kanpo ikusi ahal izango da Asier Altunaren filma datozen egunotan: irailaren 17an, zapatuan, arratsaldeko 16:00etan, Kursaaleko Auditorioan estreinaldia. Irailaren 18an, arratsaldeko 18:15etan, Antiguo Berriko 1, 2 eta 3 aretoetan. Irailaren 19an, astelehena, 12:00etan, Victoria Eugenian eta 20:45etan, barriz, Principe 7 aretoan.
Bertsolari filma bidaia bat da bat-bateko poesian, isiltasunean eta arte biluzian barrena. Bertsolariak euskeraz abestutako bat-bateko bertsoak sortzen ditu. Ahozko tradizino hau denporeagaz aldatu eta garaietara egokitu da. Holan, belaunaldi gazteenakaz be konektau dau, eta azken txapelketan 14.000 ikusle batu zituan. Estetika soileko artea izan arren, oraindino be harrigarria gertatzen da gauza ikusgarriz eta efektu bereziz betetako garai honetan.
Asier Altunak berak esan dauenez, bertsolari txapelketako finalera joaten nintzanean hunkitu egiten nintzan. Beraz, bertsolariei buruzko film bat egin eta ikusleak hunkitzea lortuko baneu, ahalegina egitea mereziduko leukela pentsau neban. Hori izan zan nire erronka eta horregaitik erabagi neban filma egitea. Bertsolaritzeak gustetan jatazan hainbat gauza ditu. Masako ikuskizunen kontrakoa da, baina estadioak beteteko, ikusleak hunkitzeko, barre eta negar eginarazoteko gaitasuna dauka, ikuskizun sinplea da, apaingarririk bakoa, biluzia eta isila.
Gaiak berak lagundu deusku estimulu moduan filma sortzeko prozesuetan. Asko gozau dogu inprobisetan, gidoia filma egin ahala idazten, lehenik amaierea pentsetan –bertsolariek egiten daben lez–, bertsoen egiturea eta pelikulearena alderatzen, isiluneakaz eta biluztasunagaz jokatzen, bertigoagaz. Baina batez be intuizinoak gidatu gaitu.
Film hau egitea oso garrantzitsua izan da niretzat, pelikuleagaz batera hazi egin nazelako neu be. Mikrofono baten aurrean jarri eta bihotz-bihotzez kantau dodala sentiduten dot.
Asier Altunaren gidoi eta zuzendaritza lanaz gan, Marian Fernandez izan da produkzino burua eta fitxa artistikoan, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Amuriza eta Jon Sarasua bertsolariak, Joseba Zulaika antropologoa eta John Miles Foley, ahozkotasunean aditua azpimarratu behar dira.
Asier Altuna
Bergara, 1969. Ikus-entzunezkoen munduan argiztapen teknikari moduan sartu zan. Telmo Esnalegaz batera zuzendu eban lehen film laburraren, Txotx izenekoaren, ostean, gidoiak idazten eta zuzendaritza lanetan hasi zan. Film labur, telesail eta iragarki ugari sortu ditu. Gainera, 2005ean, Esnalegaz batera lehen film luzea zuzendu eban, Aupa Etxebeste! Horregaz Epaimahai Gaztearen Saria irabazi eben Donostiako Zinemaldian eta Zuzendari Barri Onenaren Sarirako proposatu zituen Goya sarietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!