Zinema Euskaraz Donostiako 59. Zinemaldian izango da ‘Katu bat Parisen’ animazino filmagaz
2011-09-15 18:41 BarriakEusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, herritarrek zinema euskaraz ikusteko aukerea izan deien, Zinema Euskaraz programearen barruan, Donostiako 59. Zinemaldiaren haur-zinemako atalean, Jean-Loup Felicioli eta Alain Gagnol-ek zuzendutako Katu bat Parisen (Une vie de chat) animazinoko film frantsesa estreinauko dau.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, herritarrek zinema euskaraz ikusteko aukerea izan deien, Zinema Euskaraz programearen barruan, Donostiako 59. Zinemaldiaren haur-zinemako atalean, Jean-Loup Felicioli eta Alain Gagnol-ek zuzendutako Katu bat Parisen (Une vie de chat) animazinoko film frantsesa estreinauko dau. Ohiturea danez, goizero, Belodromoa izango da haur-zinema saioaren eskenatokia, ikastola eta ikastetxeakaz hitzartutako programeari esker. Katu bat Parisen irailaren 16an proiektauko da lehengo aldiz 10:00etan, baita 19, 20, 21, 22 eta 23an be ordu bardinean. Donostian ez eze, filma Arrasaten 19an, Tolosan 20an eta Beasainen 21ean proiektauko da, goizeko 10:00etan.
Katu baten bizitza ez da erraza, are gehiago bere eguneko eta gaueko ekintzak kurutzatzen diranean eta bere jaubea atrapetan dabenean. Paris jazzaren erritmoagaz ezagutzeko istorioa da hau, eta nahiz eta haur ikus-entzuleentzat egindakoa izan, helduei be gustauko daje.
Jean-Loup Felicioli eta Alain Gagnol- ek, Katu bat Parisen (Un vie de chat) filmaren sortzaileek, 20 urte baino gehiago daroez alkarregaz beharrean eta animazinoko hamabost bat film zuzendu ditue. Alain Gagnol idazlea da, hainbat liburu argitaratu ditu. Azkenengoak Axel eta Joséphine, Pire que terrible eta Léon a peur dira. Jean-Loup Feliciolik, barriz, hainbat film labur zuzendu ditu, besteak beste, Sculptures (1989) eta Le wall (1991). 1995ean hasi ziran elkarri zuzentzen L’égoïste animazinoko film laburragaz. Geroago etorri ziran Le nez à la fenêtre (2001), Le couloir (2005) eta Mauvais temps (2006).
Katu bat Parisen filmagaz saltoa emon dabe eta euren lehenengo luzemetraia zuzendu dabe, ikus- entzuleak zur eta lur itxi dituan lana sortuz. Filma sano bitxia eta originala da eta erreferentzia zinematografiko dibertigarriak buztartzen ditu. Katu bat Parisen filmaren estetikea artearen historiaren margolari garrantzitsuenetan iradokitzen da Picasso, Modigliani, Bonnard, Matisse, Vermeer, David Hockney… Ganera, zinema baltza edo akzinozko zinemako zuzendari nabarmenen eragina dauka: Scorsese, Tarantino edo Hitchock-ena.
Filmaren persekuzino eszenak ezin hobeak dira, eta protagonistak, igesaldian Paris magikoa eta arriskutsua begiztatzen dabe. Hor, monumentuak nabarmentzen dira, Notre Dameko katedrala, adibidez, eta ohiko argazki turistikoetan baino dimensino handiagoa hartzen dau. Benetan ondo pasauko dabe Zinemaldiko haur ikus-entzuleek. Donostiako Zinemaldian proiektau ondoren, Katu bat Parisen (Un vie de chat), urriaren 21ean estreinauko da EAEko hiru uriburuetako zinema aretoetan.
Zinema Euskarazen helburuak
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren programa honen helburua herritarrei zinema euskeraz ikusteko aukerea emotea da, zinema euskeraz eskatzen dabenentzat eskaintza nahikoa bermatuz eta euskerea kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatuz. Helburu hau garatzeko Zinema Euskaraz programeak, bost jarduera jarri ditu martxan edade guztietako ikusleei zinema euskeraz ikusteko aukerea emoteko: zine-aretoetako estreinaldiak, DVDen salmentea, Interneteko streaminga, udalerrietako zine-aretoak eta eskolak.
Hiru euskal uriburuetako zine-aretoetan ikusgai dagozan tituluak eskaerea egiten daben euskal udalerrietan be ikusi ahal izango dira. Film horreek gazteleraz eta euskeraz heltzen dira aldi berean zirkuito-komertzialetara. Uriburuetan estreinau eta gero, udalerriek film horreek eskuragai ditue euren herritarrei zinema euskeraz ikusteko aukerea bermatzeko eta gure hizkuntzearen erabilera kulturala eta soziala bultzatzeko. Aurreko urteetan lez, harrera ona izaten ari da ekimen hau.
Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskerea kulturearen alorreko komunikazino-tresnatzat eta aisia eta denborapasaren alorreko normalizazino-tresnatzat sustatuko dauen film-aukeraketa bat helarazo nahi jake euskal herritarrei.
Programa hau abian jarteko, akordioa sinatu da euskerea eta euskal kulturea sustatzea helburu dauen EITB erakunde publikoagaz, filmen aukeraketa eta bikoizketea eta eskubideen kudeaketa koordinau eta eskaintza hau sustatu eta ezagutzera emon daian. Gainera, akordioak mamitu dira Vesa, Sade, Golem eta Circuito Coliseo banaketa-enpresakaz, hiru euskal uriburuetan dituen aretoetan film horreek be programau deiezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!