Telmo Esnalen 'Urteberri on, Amona! irailaren 30ean estreinauko da
2011-08-25 11:09 BarriakAupa Etxebeste! estreinako lan luzeak lortutako arrakastearen ondoren, Telmo Esnal errealizatzaile zarauztarrak lan barria osotu dau, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi Sailean lehiatuko dana.
Esnal jn.aren Aupa Etxebeste! estreinako lan luzeak lortutako arrakastearen ondoren –2006ko Goya sarietan Zuzendari Barri Onenaren izendapena eta 53. Donostiako Zinemaldian Gazteriaren saria jaso zituan–, Telmo Esnal errealizatzaile zarauztarrak lan barria osotu dau, Urteberri on, Amona!; oraingoan bakarka egindako lana dakar, gidoian Asier Altuna bere kolaboratzaileak lagunduta. Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Montserrat Carulla, Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi dira aktore nagusiak.
Oraingoan be maila handiko profesionalakaz egin dau proiektua Telmo Esnalek, horreen artean, Lola López eta Itziar Arrieta (Makillaje eta Ile-apainketa Onenaren Goya saria El Orfanato filmagaitik), Satur Idarreta zuzendaritza artistikoan (Primos, El Bola, Elsa y Fred), edo DJ Javi P3Z ezaguna musikan.
Komedia baltza da Urteberri on, Amona!, Mari, amoma berezi samarra zaindu behar dauen familiaren gatazkak azaltzen dituana.
Mari amomak Maritxu bere alabearen arreta osoa bereganatzen dau, beraz, Joxemarik –Mariren suhia eta Maritxuren senarra– amaginarreba zaharren egoitza batean sartzea erabagiko dau. Joxemarik bere emaztea konturatu barik egin beharko dau hori, Kintxo bere suhiaren laguntzaz. Hasiera batean lan erraza dirudiena, amomaren izakerea dala-eta, ezusteko egoerak sortuko dituan abentura bihurtuko da.
Gatazkea umorea erabiliz azaltzen dau zuzendariak, baina hainbat gairi buruzko hausnarketea be proposatzen deusku, besteak beste, bakardadeari bildurra, balioak galtzea, norberekoikeria eta familiaren desegituraketea ditu aztergai.
Telmo Esnalenen azken lan hau Irusoinek produzidu dau, TVE eta ETBren partaidetzeagaz eta Eusko Jaurlaritza eta Icaaren laguntzinoagaz, eta Barton Filmsek banatuko dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!