VII. Kameratoia Urdulizen abiatu da
2011-07-11 10:50 BarriakPasa dan zapatuan Urdulizen hasita, bost eguneko epea izango dabe kameratoilariek bideoa pentsau, egin eta aurkezteko. Beranduenez be garagarrilaren 14an aurkeztu beharko ditue bideoak, eta orduan hasiko da epaimahaiaren lana.
Pasa dan zapatuan Urdulizen hasita, bost eguneko epea izango dabe kameratoilariek bideoa pentsau, egin eta aurkezteko. Beranduenez be garagarrilaren 14an aurkeztu beharko ditue bideoak, eta orduan hasiko da epaimahaiaren lana. Aurreko edizinoetan legez, epaileek hiru sari emongo ditue, 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak. Behin epaimahaiak erabagia hartuta, lehiakideek bigarren hitzordu bat izango dabe, garagarrilaren 23an Sopelanako Kurtzio Kultur Etxean. Hitzordu horretan, sortutako lan guztiak ikusteko aukerea izango da, eta irabazleen izenak be jakinarazoko dira.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoak Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu dau zazpigarrenez, Lemoiz, Sopelana eta Urdulizko udalakaz eta Uribe Kostako Mankomunidadeagaz batera.
Lehiaketearen helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea da. Horretarako, bost eguneko epea dabe ikus-entzunezko lan baten gidoia idatzi, irudiak grabau, edizino lanak egin eta jentaurrean aurkezteko, beti be antolakuntzeak jarritako gai bati eta ezaugarri batzuei jarraituz. Izena emon daben 19 taldeek garagarrilaren 9an izan eben lehen hitzordua, Urdulizko Kultur Etxean, bideoak egiteko gaia eta islatu beharreko irudien zerrenda danek batera jasoteko.
Aurreko edizinoetan Eibarren, Aiaraldean, Elgetan, Donostian, Bermeon eta Ermuan parte hartu eben gazteek argi itxi daben moduan, gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago be egiteko irudimena eta gaitasuna. Holan erakusten dabe urtez urte teknika zein eduki aldetik etenbarik hobetuz doazen lanak.
Lanon zabalkundea errazteko asmoz, Kameratoiaren barruan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu — Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabilteko lizentzia horrek sormen lanen zabalkundea errazten dau, baimena emoten dauelako nahi dauen edozeinek edukiok zabaldu, berrerabili eta horreetan oinarrituta lan barriak sortzeko, beti be jatorrizko egileak aitatzeko eta eratorritako lanak baldintza bardinetan partekatzeko betebeharragaz. Topaguneak berak aukera hori aprobetxau dau azken urteetan, Kameratoian sortutako hainbat bideo herriz herri doban Laburbira film laburren zirkuituan txertatzeko.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoa 1997an sortu zan, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskera alkartek osotzen dabe. Alkarteon zein FederaziNoaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen ditue, besteak beste, haur eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, tokiko hedabideak, mintzapraktikea, entidadeak euskalduntzea eta sentiberatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!