Iban Ayestak hasi dau honezkero 'Vera' euskerazko filmaren grabazinoa
2011-06-27 18:27 BarriakIban Ayestak 2009ko irailean egindako landa-lan bat izango da film luzearen abiapuntua. Izan be, pare bat astez, bi artzainakaz batera ibili zan Errege Ardibidean barrena. Holan, bi mila buruko artalde bategaz abiatu ziran Erronkari aldeko bazkalekuetatik Errege Bardeara oinez joateko.
Iban Ayesta donostiar zinemagilea gaur, bagilak 27a, hasi da Nafarroako erdialdean Vera euskarazko film luze barria filmetan. Filmaketea Nafarroako hainbat tokitan izango da; besteak beste, Erronkariko ibarrean eta Errege Bardea Parke Naturalean. Pelikulan neska artzain batek egiten dauen bidaia kontauko dau zuzendariak; izan be, istripu bat izan eta ibaiko urek eroan ondoren, bere ibarrera itzultzea erabagiko dau.
Iban Ayesta donostiar zinemagilea eta haren talde guztia Nafarroa erdialdean ibili ondoren, filmaketeari Erronkaribarren emongo jako jarraipena; Santa Barbara edo Kakueta mendian, zehatz esateko (Burgi eta Izaba artean). Ondoren, inor bizi ez dan Escó herrira joango dira (Echo ibarrean) eta Canfranceko tren-geltokian (Huesca) zein Errege Bardea Parke Naturalean be filmauko ditue eszenak. Filmeko taldeak Navarra Film Comission erakundearen laguntzinoa eta aholkularitzea jaso ditu, filmaketearen baimenak kudeatzeko eta Nafarroako kokapen egokienak bilatzeko.
Filmaketeak esperimentazino artistikoan maila altua izango dau, izan be, Emana Films produkzino etxeak, Sonora Estudios etxeagaz alkarlanean, eta Kinoskopik produkzino etxeak lagundurik, baliabide barritzaileak erabiliko ditu; esate baterako, argi-bolumenak, plastikozko materialen islak, irudi-proiekzinoak, soinu-esperimentazinoa eta soinu-banda elektroniko bat, filman agiri diran alderdi naturalakaz kontrastea eginez.
Patricia López, Nia Acosta, Urko Olazabal eta Juan Ignacio de Paul aktoreak arduratuko dira film luze honetako personaiak antzezteaz. Zinemagileak iragarri dauenez, lanak erritmo pausatua izango dau, pantailan agertuko diran natur inguruneakaz bat eginik; era berean, ikusizko konposizino landua agertuko dau, eszenaratze minimalistea, Alejandro Garmendiaren musika liluragarria eta modu berezian landutako hizkuntzea.
Vera artzain baten bidaia magikoa da; bere ibarrera itzultzen saiatzen danean egiten dauen bidaia. Istripu baten ondorioz, ibai batek uretan behera eroaten dau eta leku ezezagun batean izartuten da; orduantxe ekiten deutso bideari, bere ibarrera itzuli guran. Bidean zeharkatzen dituan leku harrigarriek eta biziko dituan jazoera bitxiek eraginda, galderak egiten deutsoz bere buruari zer garaitan eta zer egoeratan ete dagoan. Ibaiko istripuak misterio bat ikusarazoten deusku, mundu desbardinak lotzen dituan misterio bat, hain zuzen be.
Iban Ayestak 2009ko irailean egindako landa-lan bat izango da film luzearen abiapuntua. Izan be, pare bat astez, bi artzainakaz batera ibili zan Errege Ardibidean barrena. Holan, bi mila buruko artalde bategaz abiatu ziran Erronkari aldeko bazkalekuetatik Errege Bardeara oinez joateko.
Iban Ayesta Antropologian doktorea da Londresko University College Unibersidadean. 2000 eta 2003 artean, hiru film labur zuzendu zituan (Ginger, Hilotzaren Begietan eta Alabama), eta, 2006an, haren lehen film luzeak ikusi eban argia: hau da, Pedra, peixe, río: Itamatatiua izenburukoak. Gaur egun, bi proiektu darabilz eskuartean; Vera eta Azalpean, azken hori euskarazko fikzinozko film luze bat, Emana Films eta Sonora Estudios etxeek produzitua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!