Maria Dueñas eta Lorenzo Silva idazleek emongo deutsie amaierea 'Eztabaidak Literatureagaz' programeari

Bizkaie! 2011-06-10 15:00   jardunaldiak

Bagilaren 14an, uda aurreko azken hitzorduan, konbidautako idazleek zenbait gai landuko ditue, personaia bat zelan sortzen dan eta zelan eboluzionetan dauen; zer sortzen dan lehenago, personaia ala istorioa; zer dan gatxagoa, bigarren mailako personaia ala protagonistea sortzea; edo egilearen zenbat islatzen dan bere kontakizunetako protagonistetan.

Eztabaidak literatureagaz, aurretik zehaztutako gai batean oinarrituz jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, idazleakana hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, María Dueñas eta Lorenzo Silva idazleen arteko topaketea aurkeztuko dau datorren martitzenean, bagilaren 14an. Bi idazleak, literatur personaien sorkuntzeari buruz berba egingo dabe. Hau izango da Eztabaidak literatureagaz ekimenaren uda aurreko azken hitzordua. Irailean jarriko da barriro martxan.

Alkarrizketak hilero egiten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30eatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lana egiten dau. Oraingo honetan, topaketearen moderatzailea, Radio Euskadiko Kike Martín kazetaria izango da. Kike Martínek, liburuei eta literatureari buruzko Pompas de papel programa beteranoa aurkezten dau Félix Linaresegaz batera. Irratsaioak, Espainiako Editoreen Federazinoak irakurketearen sustapenari emondako saria irabazi eban 2010ean.

Kontuak kontu, oraingo topaketeak personaien sorkuntzeari buruzko eztabaidea proposatzen deusku. Konbidautako idazleek zenbait gai landuko ditue, personaia bat zelan sortzen dan eta zelan eboluzionetan dauen; zer sortzen dan lehenago, personaia ala istorioa; zer dan gatxagoa, bigarren mailako personaia ala protagonistea sortzea; edo egilearen zenbat islatzen dan bere kontakizunetako protagonistetan. Alkarrizketak iraungo dituan ia bi orduetan, María Dueñas eta Lorenzo Silva sorkuntza prozesua bera azaltzen ahaleginduko dira.

Ingeles Filologian doktore eta Murtziako Unibersidadeko irakasle titular dan María Dueñasek (Puertollano, 1964), literatura espainiarrean benetako marka ezarri daben zifrak lortu ditu El tiempo entre costuras bere lehen liburuagaz. Izan be, miloe bat ale saldu ditu bi urtetan, eta salmenta erritmo horrek ez dau beherantz egiten. 23 herrialdetarako itzuli da eta telesaila dagoz errodatzen Antena 3 katerako. El tiempo entre costuras Sira Quiroga modista gaztearen historia da. Patuak konpromiso arriskutsura eroango dau, eta bere lanbideko patroiak eta oihalak, askoz be ilunagoa eta sakonagoa dan zeozeren fatxada bilakatuko dira. Egitura eskematiko horren azpian zeharkako zenbait irakurketa osotzen dira, eta, ondorioz, gainditze personala erakusten dauen eleberria, eleberri koloniala, maitasun eleberria, konspirazino historikoak eta politikoak erakusten dituan eleberria eta espioien eleberria bilakatzen da aldi berean.

Lorenzo Silvari (Madril, 1966) jagokonez, Zuzenbidean lizentziau zan Madrilgo Unibersidade Konplutentsean. Kontu auditore, aholkulari fiskal eta enpresa abokatu moduan ibili izan da lanean, eta 2002an, bere lanbidea erabat idazketara bideratzea erabagi eban. Zine gidoilari lana be egin dau eta, besteak beste, Vocento taldeko egunkarietan eta aldizkarietan zein El Mundo edo El País egunkarietan idazten dau. Zenbait sari irabazi ditu, eta horreen artean azpimarragarria da 2002an irabazitako Nadal saria. Lorenzo Silvak kontakizunak, artikuluak, bidaiei buruzko liburuak eta literatura saiakerak idatzi ditu, baita hogei eleberri inguru be. Eleberri baltz espainiarraren aitzindarietakotzat hartzen da, El alquimista impaciente edo La estrategia del agua lanakaitik. Lan horreetako protagonistak, Bevilacqua sarjentua eta Chamorro kaboa guardia zibilak, oso ezagun egin dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu