Juan Kruz Igerabidek Jorge Oteizaren 'Mirador, mirando' eskulturea aukeratu dau Arterako Hitzak programarako
2011-06-08 11:57 jardunaldiakArterako Hitzak programea literaturea eta artea buztartzen saiatzen da euskerazko eta gaztelaniazko idazleen bitartez. Kirmen Uribe, Toti Martinez de Lezea, Espiro Freide, Ángeles Caso edo Manuel Rivas idazleek adibidez, Artium Bildumako lan bat aukeratu dabe eta bakotxak bere istorioa kontau dau.
Artium, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Arterako hitzak programeagaz jarraituko dau Juan Kruz Igerabide (Aduna, Gipuzkoa, 1956) euskal filologian doktorea, literatura eta haur poesiako idazlearen euskerazko berbaldi bategaz bagilaren 8an, eguaztena, 20:00etan. Igerabidek Jorge Oteizaren Mirador mirando eskulturea aukeratu dau, Zentro-Museoaren Bilduman dagoana. Jarduera hau Mondragon Linguaren babesagaz egingo da eta EHU-UPV-ren kredituak lortzeko balioko dau.
Igarabidek irakasle ikasketak egin zituan eta irakasle ibili zan euskal filologian doktoregoa lortu arte. Egun Euskal Herriko Unibersidadeko irakaslea da eta haur poesiaren inguruko ikerketak egin ditu. Bularretik mintzora: haurra, ahozkotasuna eta literatura (Erein, 1993) liburuan, adibidez, ahozkotasun tradizionalaren ikuspuntutik aztertu dau haur literaturea.
Nahiz eta bere lan gehienak irakurle gazteei zuzenduta egon, Juan Kruz Igerabidek 1984ko Notre Dameko Oihartzunak (Elkar) helduentzako liburuagaz emon eban bere burua ezagutzera. 1999an Euskadi Saria jaso eban Jonas eta Hozkailu beldurtia (Everest) liburuagaitik, bakardadearen bildurrari buruzkoa, eta 2002an Espainiako Kritikak Mailu isila (Alberdania) poema liburua saritu eban, egun normal batean persona batek dituan jakin-nahiei buruzkoa.
1992. urtean argitaratutako Begi-miniaren poemak (Erein) liburuagaz haur eta gazte literaturea idazten hasi zan. Bere idazlan nagusien artean Haur korapiloak (Pamiela, 2003), Mintzo naiz isilik (Elkar, 2001) eta Gorputz osoko poemak (Aizkorri, 2005) poema liburuak dagoz. Gainera, Igarabidek hogei ipuin baino gehiago idatzi ditu. Ipuin askotan Grigor izeneko personaia baten bitartez gizon-emakumeen arteko hartu-emonak eta euren bildurrak azaltzen ditu.
Bere azken lanen artean Hauts bihurtu zineten (Alberdania, 2005) helduentzako liburua dago, frankismoaren azken urteetan Euskal Herriko auzo baten bizitza kontetan dauena, eta haur eta gazte literaturako hainbat liburu, esate baterako, Misterioa argitu arte (Elkar, 2010) eta Jonasek arazo potolo bat du (Aizkorri, 2011).
Juan Kruz Igerabidek Jorge Oteizaren Mirador mirando eskulturea aukeratu dau Arterako Hitzak programan parte hartzeko. Artium Bildumakoa da eta Zentro-Museoaren kanpoko plazan dago. Eskulturea korten altzairuz egina dago eta bi metro zabal eta gora da. Altzairu xaflek espazio zati bat mugatzen dabe, erdi itxia eta bere barruko hutsean batua dagoan kutxa bat eginez.
Arterako Hitzak programea literaturea eta artea buztartzen saiatzen da euskerazko eta gaztelaniazko idazleen bitartez. Kirmen Uribe, Toti Martinez de Lezea, Espiro Freide, Ángeles Caso edo Manuel Rivas idazleek adibidez, Artium Bildumako lan bat aukeratu dabe eta bakotxak bere istorioa kontau dau. Joan dan maiatzean Julio Llamazares Sari Nazionaleko finalistak Juan Manuel Díaz Caneja-ren Paisajes margolana aukeratu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!