Fermin Muguruza irakasle Mexikoko Unibersidadean

Bizkaie! 2011-06-03 15:38   Barriak

Dokumental musikala, gero eta garrantzitsuagoa dan genero zinematografiko legez aztertuta, zenbait maisu-eskola emongo ditu Muguruzak, eta bidebatez, Irungo musikariak ikusentzunezkoaren arlo honetan eginiko lanaren erakustaldia be izango da.

Fermin Muguruza irakasle izango da hile honetan, bagilean, Mexikoko Behe Kaliforniako Estaduko Ensenada eta Mexicaliko unibersidadeetan.

Dokumental musikala, gero eta garrantzitsuagoa dan genero zinematografiko legez aztertuta, zenbait maisu-eskola emongo ditu Muguruzak, eta bidebatez, Irungo musikariak ikusentzunezkoaren arlo honetan eginiko lanaren erakustaldia be izango da.

Kontuak kontu, Jamaikan Euskal Herria Jamaika Clash diskoaren prozesua jasoten dauen Bass-que Culture filma aztertuko dabe, Palestinan eginiko road-movie formatuan Checkpoint Rock pelikulearen nondik norakoak be azalduko ditu egileak; horrezaz gan, aholkulari lana be egingo dau irundarrak dokumental seriearen produkzinoa eta zuzendaritza ikastaroko ikasleakaz, Al Jazeera katearentzat egindako seriearen 11 dokumentalak ikuskatuz. Horreetan herrialde arabiarretako soinu mapea osatzen da, gero izan eta izaten ari diran matxinaden atarikoa, hain zuzen be.

Era berean, dokumental musikalaren iragana eta oraina aztertuko ditue ikastaroetan, errealizadore nabarmenetakoen lanak aztertuz, berbarako, D.A. Pennebaker, Julien Temple edota Bruce Weber.

Zinema munduan diran izen handiak be kontuan hartu eta aztertuko ditue, besteak beste, Martin Scorsese, Jim Jarmusch, Jonatham Demme, Michael Winterbottom eta Jean-Luc Godard. Aitatu egileak zelan hurreratu diran genero honetara jakiteko aukerea egongo da eta horretarako euren dokumental musikalak goitik behera errepasauko ditue.

Aldi berean eta bigarren urtez jarraian, Fermin Muguruza arduratuko da Suena mi Pueblo izeneko dokumental musikalen sailaren programazinoagaz, Mexikoko Distrito Federalean irailean ospatzen dan Film Dokumentalen Festibalak, DOCSDF, holan eskatu deutsolako barriro be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu