Aurten, eskaintza barritzaile eta zabalago bategaz datoz Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura ikastaroak

Bizkaie! 2011-06-01 17:38   jardunaldiak
Ikastaro gehienak bagilaren 21etik garagarrilaren 28ra izango dira, baina, barritasun legez, edizino hau udagoienera arte luzatuko da, hiru ikastaro egingo baitira irailean eta beste bat zemendiaren amaieran eta abenduaren hasieran

Aurten, eskaintza barritzaile eta zabalago bategaz datoz udako ikastaro honeek, eduki artistiko eta kulturaletatik inoiz baino hurrago. Danetara, kulturaren genero desberdinak -zinema, jantzea, antzerkia, literaturea, arte plastikoak edo musikea- eta baita gizartearenak be -pedagogia, komunikabideak, museologia, ekonomia eta kirola- jorratzeko 33 ikastaro izango dira.

Bilboko Abandoibarrako Bizkaia Aretoan, UPV/EHUk antolatzen dituan Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura (BizBAK) udako ikastaroen hamabigarren edizinoaren aurkezpena egin dabe gaur. Aurten, eskaintza barritzaile eta zabalago bategaz datoz udako ikastaro honeek, eduki artistiko eta kulturaletatik inoiz baino hurrago. Danetara, kulturearen genero desberdinak -zinema, jantzea, antzerkia, literaturea, arte plastikoak edo musikea- eta baita gizartearenak be -pedagogia, komunikabideak, museologia, ekonomia eta kirola- jorratzeko 33 ikastaro izango dira, eta arreta berezia eskainiko jake telebista zein ikus-entzunezkoei eta euren erabilera barriei.

Ikastaro gehienak bagilaren 21etik garagarrilaren 28ra izango dira, baina, barritasun legez, edizino hau udagoienera arte luzatuko da, hiru ikastaro egingo baitira irailean eta beste bat zemendiaren amaieran eta abenduaren hasieran, Tony Chakar arkitekto eta idazle libanoarraren partaidetzeagaz amaiera bikain moduan.

Bizkaia Aretoak, UPV/EHUk Abandoibarran dauen paraninfo barriak, hartuko ditu mintegi gehienak, eta ganerakoak Bilboko Campos antzokia, Basauriko Social Antzokia, Alde Zaharreko UPV/EHU-BBK aretoa, Boluetako Eutokia, Barakaldo eta Bilboko udal kontserbatorioak edota Sarriko eta Leioako campusetan egingo dira.

Ikusmin gehien piztu dauen ikastaroetako bat The Yes Men kolektibo estadubatuarrak emongo dauena da, telebista eta sarea subersino bide lez aztertuz. The Yes Men sareko aktibista talde bat da, eta ezagunak dira informazino subersiboak zabaltzen dituen web mimetikoen bitartez Estadu Batuetako Merkataritza Ganbera, Chevron petrolio konpainia edo The New York Times egunkaria lako konpainia handien identidadea faltsutzeagaitik. Beste mintegi batek fikzinozko telesailen fenomenoa aztertuko dau, hau da, erabilten daben umorea, erreferentzia politikoak edota familia eredu barriak erakusten dituen modua. Ikus-entzunezkoen arloan jarraituz, Televisión 2.0 ikastaroan telebistak sarean dauen orainean eta etorkizunean sakonduko da, eta beste tailer batean bideojokoak tresna libreakaz sortu ahal izateko ezagutu behar diran gakoak azalduko dira. Beti eskari handia izaten dauen zinema tailerraren aurtengo ardatza berunaren urteetako thriller italiarra izango da. Irakasleen artean Borja Cobeaga, Enrique Urquijo edo Kepa Sojo lako profesionalak izango ditu. Dokumentala, bere aldetik, Irurako Puntu de Vista Festibalean saritua izan dan Los Hijos lan kolektiboan oinarrituko da. Beste alde batetik, irratiari buruzko ikastaroek musikeari, misterioari eta umore politikoari buruzko programa formatuak errepasauko ditue.

Ikastaro desbardinetara konbidautako irakasleen artean, Tamzin Townsend eta Edward Frenkel nabarmendu daitekez. Lehenengoa, El método Grönholm edo Un dios salvaje lako lanakaz arrakasta handia izan dauen eszena zuzendari ingelesa da eta, bigarrena, jatorri errusiarreko matematikari estadubatuarra, Ritos de amor y matemáticas bere film labur saritua aurkeztuko dauena. Matematikek zinema, literatura, musika eta magiagaz dituen hartu-emonak aztertzeko ikastaro batean parte hartuko dau Frenkelek. Era berean, Ur Apalategi, Arrate Egaña, Patxi Zubizarreta edo Miren Agur Meabe idazleek irakurzaletasunean eta euskerazko haur-literaturan oinarrituko diran Literatureari buruzko ikastaroetan hartuko dabe parte.

Jantzearen arloan, jantza bertikalari buruzko tailer barritzaile bat eskainiko da aurten, arte martzialak, antzerkia eta arkitekturea nahastauko dituana. Bestalde, Mal Pelo konpainiako María Muñoz (2009ko Dantza Sari Nazionala) arduratuko da jantza garaikideari buruzko ikastaroaz.

Musika ikastaroetan, azpimarratzekoa da kantu klaseak emongo dituan Carlos Álvarez baritono ospetsuaren partaidetzea. Beragaz batera, Alexei Ogrintchouk (oboea), José Luis Estelles (klarinetea), Josep Colom (pianoa), Daniel Berg (perkusinoa) eta Keiko Wataya (bibolina) izen handiko maisuek be euren master-classak eskainiko ditue.

Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura (BizBAK) beste gai askotara be zabalduko da, museoen etorkizuna krisi garaietan, garapen ekonomikoaren eredu barriak edo ongizatearen praktika barrien aldarrikapena lakoetara. Kirolak be bere tartea izango dau kluben kudeaketa edo aisialdi kultura barri baterako barrikuntzea aztertuko dituen ikastaroakaz.

BizBAK ikastaroek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa sailaren eta Bilboko Udalaren babesa daukie. Kurtsoetarako matrikula epea zabalik dago plazak agortu arte.

Informazino gehiago: http://www.bak.ehu.es/p255-home/eu/

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu