Kongoko artisten alde, abeslari ezagunak batuko dira eguenean Karibu Festan
2011-05-17 15:41 MusikeaGoi mailako ikuskizuna antolatu dabe BBK Fundazinoak eta Gari abeslariak, Kongoko Errepublika Demokratikoko Lubumbashi uriko gune kultural bati lagunduteko. Batutako diruagaz soinu-ekipoa erosi eta Afrikara bialduko dabe, Lubumbashiko musikariek euren jarduerea garatzeko baldintzak euki deiezan.
Goi mailako ikuskizuna antolatu dabe BBK Fundazinoak eta Gari abeslariak, Kongoko Errepublika Demokratikoko Lubumbashi uriko gune kultural bati lagunduteko. Batutako diruagaz soinu-ekipoa erosi eta Afrikara bialduko dabe, Lubumbashiko musikariek euren jarduerea garatzeko baldintzak euki deiezan. Xabier Zabalo misiolariak 40 urte egin ditu Kongon eta berari esker abiarazo dabe Karibu Festa egiteko proiektua. Hitzordua, eguenean, hilak 19, ipini dabe Bilboko BBK Aretoan, arratsaldeko 20,30ean. Jon Maia bertsolariak gidatuta, kantari ezagunek igongo dabe agertokira.
Karibu Festaren asmoa, dirua batzea da batik bat, argitu dau Gari antolatzaileak, Lubumbashiko Picha Gune Kulturala oso berezia da, uriko artistek eurek kudeatzen dabelako, baina hango egoera soziokulturala eta ekonomikoa ez da bape egokia eta laguntzinoa behar dabe. Picha berbeak irudia esan gura dau Swahili hizkuntzan eta Karibu, barriz, ondo etorria egiteko modua da. Kongon talentu artistiko ikaragarria dagoala konturatu naz, baina euren ideiak errealidade bihurtzea ez da erreza, azaldu dau Garik. Xabier Zabalo misiolariak arazo horreen abiapuntua herrialdearen ezegonkortasunean dagoala adierazo dau: Kongoko Errepublika Demokratikoa oso herri pobrea da, suntsituta dago eta potentziek txarto tratetan dabe; genozidio batez egiten jaku berba, baina benetan, hiru genozidio egon ziran alkarren atzetik, salatu dau Zabalok. Horregaitik, Karibu Festa aldarrikapen eta salaketa gaua be izango da.
Dana dala, aldarrikapen eta diru-batze asmoez ganera, musikearen jaialdi erraldoia be izango da Karibu Festa, antolatzaileek azpimarratu dabenez: Abeslari ezagunak eta ez horren ezagunak, baina euskal musikan lekua egiten dabilzanak, batu doguz, esan dau Garik, saioaren gidaria Jon Maia bertsolaria izango da eta Yogurinha Borovak eta Las Fellini taldeakoek lagunduko deutsie, sorpresaz betetako ikuskizuna izango da. Oholtza ganean ikusiko doguz eguenean, Ruper Ordorika, We Are Standard, Barricada taldeko El Drogas, The Cherry Boppers, El Menton de Fogarty, Zea Mays, Sapali, Ines Martinez de Iturrate, Ken Zazpiko Eñaut Elorrieta, Mariano Distrito 14, WOP, SOS, Doctor Deseoko Francis Diez, Mareako Kutxi eta Gari bera.
Musika emonaldiari originaltasuna emoteko, artistek binaka abestuko dabe eta Garik aurreratu dauenez, ezusteko bikoteak eratu ditue. Ez dot ezer aurreratu gura, sorpresea izan daiten, adierazo dau Garik, baina gero aurreratu dau berak Ruper Ordorikagaz abestuko dauela Ta ezer ez da berdin kantea, Hertzainak taldeak sasoi baten ezagun egin ebana.
Karibu Festarako sarrerak salgai dagoz dagoeneko www.bbk.es helbidean eta 94 431 03 10 telefonoan. 20 euroko sarrerak dira eta antolatzaileek deia egin deutsie musikazale guztiei, eta alkartasun keinua egin nahi dabenei be bai, Lubumbashiko Picha Zentro Kulturalera soinu-ekipoa bialtzeak hango talentu artistikoa bideratzen eta Kongoko Errepublika Demokratikoko egoera larria hobetzen lagunduko daualakoan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!