'Barriola, San Adriango Azeria' filmaren eregite prozesuaren gorabeherak ikusgai Bilbon
2011-05-05 15:46 BarriakBilboko Arteria Campos Eliseos antzokiko bigarren pisuan dago maiatzaren 10era arte ikusgai eta Juanba Berasategi zuzendariak egindako euskerazko animazino-filma sortzeko prozesu guztia ikus daiteke 10 panel edo horma-irudien bidez.
Bilboko Udaleko Euskara Sailak, Barton Films produkzino eta banaketa zinematografikoaren etxeagaz alkarlanean, Barriola, San Adriango Azeria filmaren eregite prozesuaren pausuak erakusten dituan erakusketea antolatu dau. Bilboko Arteria Campos Eliseos antzokiko bigarren pisuan dago maiatzaren 10era arte ikusgai eta Juanba Berasategi zuzendariak egindako euskerazko animazino-filma sortzeko prozesu guztia ikus daiteke 10 panel edo horma-irudien bidez.
2008an estreinautako marrazki bizidunen pelikula hori sortzeko eta produziduteko prozesu guztia ikusi leikie hurreratzen diranek panel koloretsu eta erakargarrietan, besteak beste, gidoiaren garapena, storyboard-ak, personaiak sortzea eta diseinatzea, alkarrizketak, argiztapena eta dekoratuak ataletan.
Erakusketearen aurkezpenean, Ana de Castro Euskara zinegotziak azaldu dauenez, Bilboko Udalaren eta Barton Films etxearen arteko alkarlan baten emoitzea da erakusketa berezi hau, alor publikoaren eta pribatuaren arteko alkarlanaren emoitzea, hain zuzen. Euskerea sustatzeko helburua tarteko dala, kalidadearen alde egin dau Bilboko Udalak.
Erakusketea edozeinentzako dago zabalik goizeko 11:00etatik 19:00etara baina gehienbat ikasleei zuzendutakoa dala adierazo dau Ana de Castro zinegotziak. Esangura horretan, bisita gidatuak be antolatu ditue Bilboko ikastetxeentzako. Horreetan Juanba Berasategi, filmaren zuendariak emongo deutsez filma sortzeko kontuen barri, hau da, ideia sortzen danetik pantaila handian proiektau arteko prozesuaren ganeko gorabeherak.
Horrezaz gan, filmaren barruko sekretuak ezagutu ostean, filma osorik ikusteko aukerea be izango da Arteria Campos Eliseos Antzokian. Maiatzaren 8an, domekan, eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 17:00etan, hain zuzen be.
Juanba Berasategik adierazo dauenez, filmaren atzean zer dagoan, ze prozesu eta ze teknika erabilten dan marrazki bizidunetako pelikuletan erakutsi gura izan dot, azken produktua pantailan ikusi arteko prozesuan lan handia dagoala, hain zuzen. Dana dala, inportanteena filman kontetan dan historia dala esan dau eta, esangura horretan, marrazki bizidunak tresna dirala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!