Bilboko Historiari buruzko XV. Sinposioak uriaren zabalkundea eta mugak aztertuko ditu

Bizkaie! 2011-04-28 12:58   jardunaldiak

Eusko Ikaskuntzak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilboko Historiari buruzko XV. Sinposioa antolatu dabe maiatzaren 3an eta 4an. Bilbo: hirigunea, zabalkundeak eta mugak izenburupean, uriaren muga geografikoen eta gizarte-eremuen bilakaerea aztertuko ditue Bidebarrietan.

Eusko Ikaskuntzak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilboko Historiari buruzko XV. Sinposioa antolatu dabe maiatzaren 3an eta 4an. Bilbo: hirigunea, zabalkundeak eta mugak izenburupean, uriaren muga geografikoen eta gizarte-eremuen bilakaerea aztertuko ditue, XIX. mendearen lehenengo urteetatik gaur egunera arte. Topeketea Bidebarrieta liburutegian egingo da, 18:00etatik aurrera.

Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza zinegotziak eta Marta Ajuria Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko presidenteordeak zabalduko dabe ekitaldia. Jatorri errusiarreko Nieves Basurto ikerlari, irakasle eta Artearen Historiako doktoreak hasiko dau sinposioa, A la conquista del espacio. Documentación sobre el contencioso para la anexión a Bilbao de las anteiglesias vecinas (1821 - 1890) berbaldiagaz.

Bilboren fundazino agirian, uriaren muga jurisdikzional batzuk ipini ziran. Dana dala, uri baten espazioa ezin daiteke muga juridiko hutsez ezarri, espazioa biztanleek eurek eregiten eta lantzen dabe eta. Bilbo, uri baino lehenago, portua izan zan, eta itsasadarretik itsaso barrura be, hainbat espazio eratu ziran. Horrezaz gain, uria sortu zan momentutik hainbat espazio sozial bereizi ziran gizartearen barruan. Gaur egun, Bilboko espazioen inguruko proiektuak eta erabilerak gogoeta eta eztabaida iturri dira.

Bilboko historiari buruzko batzarrean argitaratu bako jatorrizko 21 azterlan aurkeztuko ditue, eta aurkezpenen ondoren, eztabaida eta azterketa-saioak izango dira. Abandoko, Deustuko eta Begoñako baseleizen anexino prozesuak, Albia konkistetako burrukak edo Bilbo Handiaren eraketea frankismoaren sasoian izango dira, uriko espazio sozialen gaur egunera arteko berrantolaketegaz batera, berbaldietako batzuen gaiak.

Sinposioan hainbat hizlari batuko dira; azpimarratzekoak dira Bilboaldeko hiri antolakundea: Udal zabalkundearen inguruan eztabaidak (1848-1861) izeneko ikerketa lana aurkeztuko dauen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Historia Garaikideko katedradun Joseba Agirreazkuenaga, eta 1870 eta 1936 artean Abandoren, Deusturen eta Begoñaren anexinoen ondorioei buruzko azterlana irakurriko dauen Eduardo J. Alonso Olea Arte Garaikideko doktorea.

Itsasadarrak protagonismo handia izango dau hainbat berbalditan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Alfredo Morazaren La defensa del Abra: un análisis del control de Bilbao sobre los fortines costeros a lo largo de la ría izenekoan edo Isusko Vivasen Rompiendo las fronteras urbanas: un Bilbao que se rehace en los frentes de agua de la Ría lanean, besteak beste.

Bigarren jardunaldia, maiatzaren 4koa, uriko beste gune sozial batzuetara bideratuko da, Andoni Vergara Historia doktorearen Bilbao: el espacio urbano de la criminalidad; agentes de policía urbana. Mapa de la delincuencia bilbaína a través de sus distritos (s.XIX). La prostitución en el barrio de Las Cortes ikerketearen bidez. Beste azterlan batzuk kultur espazioak, espazio galduak eta berreskuratutakoak izango ditue ardatz.

Topaketan irakurritako berbaldi guztiak Bidebarrieta aldizkarian argitaratuko dira. Sinposioa urtero egiten da 1996tik Bidebarrieta Kulturgunea kultura-espazioan, Eusko Ikaskuntzak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta, Bilboren eta Euskal Herriaren historiari buruzko hainbat arlo monografia legez lantzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu