FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XVII. edizinoaren zehetasunak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2011-04-19 15:57   Barriak

Maiatzaren 2tik 8ra bitartean egingo da FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XVII. edizinoa, eta sekzino ofizialean Australiako, Hego Koreako, Txinako, Frantziako eta Alemaniako sei luzemetraia izango dira lehian.

Maiatzaren 2tik 8ra bitartean egingo da FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XVII. edizinoa, eta sekzino ofizialean Australiako, Hego Koreako, Txinako, Frantziako eta Alemaniako sei luzemetraia izango dira lehian. Jaialdiaren barritasun handiena, aurkezpenean nabarmendu dabenez, egoitza nagusiaren aldaketea izango da; izan be aurten Alondigako Golem zinema-aretoetan egingo dira ekitaldi gehienak.

Sekzino Ofizialeko lehiaketara aurkeztu diran lanak ondokoak dira: I saw the devil korearra, Kim Ji-woon-en maisu-lana; banpiroei buruzko Thirst, Park Chan-wook ezagunarena; Zhang Yimou zuzendariaren Una mujer, una pistola y una tienda de fideos chinos, Cohen anaien Sangre fácil filmaren remake-a; Rubber frantsesa, pneumatiko hiltzaile baten istorioa, Quentin Dupieuxena, mundu erdia liluraturik itzi dauena; Leon Fordek zuzendutako Griff the invisible komedia poetiko australiarra; eta Anno Saulek zuzendutako Die Tür thriller aleman bikaina. Ohikoa danez, epaimahaiak aukeratutako filma barriro eskainiko da zinemaldiaren azken egunean, maiatzaren 8an, Golem zinema-aretoetan.

Sei film luzeez gan, hamabost film labur lehiatuko dira FANT Laburrean sailean. Aukeratutako lanen artean, Kote Camacho zuzendari euskaldunaren La gran carrera dago. Lanik gehienak europarrak dira, frantsesak eta alemanak, batez be, eta AEBetako sei dagoz, horreen artean, Bill Plymptonen The cow who wanted to be a hamburger.

Nontzeberri Gauan, maiatzaren 7an, ikusleek, nontzeberri.com kultur atariak antolatutako Nontzefilmak On-line Zine eta Animaziozko Film Laburren Lehiaketan aurkeztutako lanen artean aukeratutako 23 lanak ikusi ahal izango ditue. Lehiaketan parte hartzen daben lanek –gehien jota hiru minutu eta erdikoak– Nontzeberriren webgunearen bitartez aurkezten dira. Aurtengo edizinoan, mueta guztietako teknikak erabiliz egindako 125 lan jaso dira.

Zinemaldiak generoko lan klasikoak berreskuratuko ditu: The housemaid eta El Exorcista eskainiko ditu. FANTen inaugurazino ekitaldia maiatzaren 2an egingo da, 20:00etan, Murnauren Fausto klasikoa eskainiz, The Silent Band orkestraren musikeagaz.

FANten aurtengo epaimahaia ondokoek osotuko dabe: Juan Zapater, BilbaoArte fundazinoaren zuzendariak; María Eugenia Salaverri kazetari eta idazlea; eta Luis Rosales, fantasiazko eta bidurrezko generoako Scifiworld multimedia proiektuaren zuzendaria.

Zine programazinoaren osogarri lez, FANT-ek brikolaje, magia eta sukaldaritza fantastiko tailerrak antolatuko ditu Alondigan, zinemaldiaren aurreko asteburuan, umeei eta gazteei zuzenduta. Ganera, Alondigako Mediatekak, fantasiazko generoko literaturea eta ikus-entzunezkoak erakutsiko ditu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu