Kaleszenaren eskutik, 12 konpainia eta taldek animauko dasbe Bilboko Aste Santua

Bizkaie! 2011-04-18 15:52   jardunaldiak

Kaleszenako ikuskizun azpimarragarriena Deabru Beltzak euskal konpainiaren azken muntaia izango da The Wolves izenekoa. Maiatzean Ingalaterran estreinauko dabe Norwicheko Kale Antzerki Jaialdian. Proiektuan Bilboko Udalak be hartu dau parte, eta Hamelingo Flautistearen alegian oinarritzen da.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 17 kale-ikuskizun antolatu ditu Aste Santuan jente gehien batzen dan kaleetan: Plaza Barria, Ertzilla kalea eta Garcia Rivero kaleak eta Arriaga Plaza. Uria bisitetan datozenek zein egun honeek Bilbon igaro nahi dituenek kultura programa aberatsaz gozetako aukerea izango dabe datozen apirilaren 21, 22, 23 eta 24an. Besteak beste, kale-antzerkia, clownak, musika ikuskizun ibiltariak edota zuzeneko folk eta jazz kontzertuak; gainera, Deabru Beltzak konpainiaren The Wolves ikuskizun ibiltariaren aurre estreinaldia be ikusteko aukerea izango da.

Kaleszena programea apirilaren 21ean, eguena, abiatuko da 18:00 eta 20:30 bitartean, Plaza Barrian, hiru clownen saio dibertigarriaren eskutik. Zirika Zirkus euskal konpainiaren kide batek gidatuko dau saioa eta hainbat artista aurkeztuko ditu. Lehenengo, Cie. Kirouol (Frantzia) clown bikote eleanitzak Les oizeaux crashent pour mourir ikuskizuna aurkeztuko dau. Ondoren, Envol Distratto italiarrek El lago del cisne ikuskizuna aurkeztuko dabe, Europa erdian barreak eragin dituan ikuskizuna. Azkena Granadako Hiltoff konpainia izango da, kale ikuskizun ugari egin ditue eta euren azken lana aurkeztuko dabe, Radio Salmonela. Egun horretan bertan, 21:30etatik aurrera, Plaza Barrian Korrontzi folk taldearen kontzertua izango da, Infernuko hauspoa azken ikuskizuna aurkeztuko dabe, Oinkari talde gipuzkoarragaz alkarlanean.

Hurrengo egunean, apirilak 22, Plaza Barrian oraingoan be, 18:00ak eta 20:30ak bitartean ondorengoen txandea izango da: Pasvupaspris konpainia (Frantzia), Niño Costrini (Argentina) eta Trukitrek (Katalunia). Gauean, musika emonaldia izango da Itxaso & Quartet jazz taldearen eskutik, 21:30etatik aurrera. Talde honek euskal musikearen klasikoen jazz bersinoak egiten ditu, besteak beste, Mikel Laboaren Hegazti errariak edo Txoriak txori edota Amaia Zubiriaren Estigma beltza eta Hi bezala egokitu ditue.


Maeching Bands

Zapatuan, hilak 23, eta domekan, hilak 24, kale-animazinoak hartuko ditu uriko kaleak eta plazak; hiru musika-ikuskizun ibiltari izango dira honakoen eskutik: Parisko No water Please banda, Always Drinking Marching Band katalanak eta Deabru Beltzak euskal konpainiaren The wolves ikuskizunaren aurre estreinaldia.

No Water Please eta Always Drinking Marching bandek Plaza Biribila eta Plaza Barria bitartean, eta Ertzilla eta Garcia Rivero kaleetan izango dira, 13:00etan eta 18:30etan hurranez hurran, apirilaren 23an, zapatua. No Water Please taldeak hirugarren saio bat eskainiko dau domekan, hilaren 24an, 13:00etan, Plaza Biribila eta Plaza Barria artean. Biak dira abangoardiako fanfarreak, kale-jaialdietan eskarmentu handikoak. Ezaugarri nagusia dabe hainbat estilotako musikak konbinetea, kalea jai-giroz betetea eta oinezkoei jaian parte hartzera konbidatzea.


Otsoak eta pianistea

Kaleszenako ikuskizun azpimarragarriena Deabru Beltzak euskal konpainiaren azken muntaia izango da The Wolves izenekoa. Maiatzean Ingalaterran estreinauko dabe Norwicheko Kale Antzerki Jaialdian. Proiektuan Bilboko Udalak be hartu dau parte, eta Hamelingo Flautistearen alegian oinarritzen da.

Orain baina, protagonistea pianistea da, gizon bitxi eta iluna, bere musikeagaz uria otsoen erasoez libretan dauena. Handik aurrera istorioa bardina da: arazoa ahaztu eta herritarrek ez dabe agindua beteten; orduan, piano-jotzaileak, bere burua engainaturik ikusita, mendekua hartzen dau eta otsoakaz urira bueltetan da anabasa eta hondamendia eragitera. Ikuskizuna zapatuan izango da, hilak 23, gaueko 21:00etatik aurrera, Zazpikaleak eta Arriaga Plaza artean. Soinu, irudi eta efektu berezi andana ikusgarria izango da, eta erdian pianoa; eta txotxongilo artikulatu handi eta sofistikatuek bildurra, harridurea eta mirespena eragingo dabe, giro jostagarria eta jai giroa persona gehien dagoan inguruetan zabalduko dabe.

Kultura eta Hezkuntzako Sailaren Kaleszena egitarauaren helburua Aste Santuan uriko kultura eta aisialdi eskaintza sendotzea eta sakabanatzea da, kaleko arte eszenikoen proposamen barrietan oinarrituta, persona gehien batzen dan lekuetan jai giroa sortzeko.


Informazino gehiago:
www.bilbokokalealdia.com/kaleszena/

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu