Fernando Mariasek eta Toti Martinez de Lezeak garai digitalean idazlearen eta irakurlearen arteko loturak aztertuko ditue Bilbon

Bizkaie! 2011-04-08 15:14   jardunaldiak

Eztabaidak literaturarekin, jentaurreko alkarrizketa edo eztabaidearen bitartez idazleakana hurreratzeko era barria proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea idazleak alkartuko ditu datorren martitzenean, hilaren 12an.

Eztabaidak literaturarekin, jentaurreko alkarrizketa edo eztabaidearen bitartez idazleakana hurreratzeko era barria proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea idazleak alkartuko ditu datorren martitzenean, hilak 12, garai digitalean idazleen eta irakurleen artean dagozan hartu-emonei buruz berba egiteko.

Eztabaida saioak hilero izaten dira, martitzenez, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lana egiten dau. Oraingo honetan, topaketearen moderatzailea, Iñaki Esteban kazetari, idazle eta filosofoa izango da.

Urteko laugarren hitzorduan, egileen eta irakurleen arteko hartu-emonak aztertuko dira, beti be iraultza digitala kontuan izanda. Fernando Maríasek eta Toti Martínez de Lezeak hainbat gairi buruz berba egingo dabe: sare sozialek eta posta elektronikoak eskaintzen daben hurrekotasunaren alderdi positiboak eta negatiboak balorauko ditue; garai digitalak euren idazteko moduan eraginik dauen edo izango dauen; teknologiak eta informazinorako eta aisiarako baliabideak gero eta gehiago erabilten dituen ala ez zein irakurleari zuzendutako idazkera multimedia sortuko dan ala ez.

Idazkera multimediak egiletza kontzeptua aldatzen dauen ala ez aztertzen ahaleginduko dira, eta baita zein eragin izan leiken e-book-en, iPad-en eta antzekoen garapenak.

Fernando Marías eleberrigile, noizean behin zine gidoilari eta editorea, Bilbon jaio zan 1958an, baina Madrilen bizi da 1975etik. Bere lehen eleberria, La luz prodigiosa 1990ean argitaratu zan. Hurrengo urtean Ciudad de Barbastro Saria irabazi eban. Gero, Espainiako literatur sari garrantzitsuenetako batzuk irabazi ditu, eta horreen guztien artean azpimarragarriak dira 2001eko Nadal Saria, 2005eko Ateneo de Sevilla, 2005eko Narratibako Dulce Chacón Saria eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2006an. 2010ean, Primavera Saria irabazi eban Todo el amor y casi toda la muerte lanagaz. Horrezaz gan, 2010ean argitaratutako El silencio se mueve gazteentzako eleberri multimediaren egilea be bada.

Toti Martínez de Lezea (Gasteiz, 1949) idazle arabarrari jagokonez, idazle izateaz gan, ingeleseko eta frantseseko itzultzaile titulatua be bada, eta lan horretan dihardu. Kukubiltxo antzerki taldea sortu eban, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat eta EiTB-rentzat lan egin dau, umeei eta gazteei zuzendutako saioetan. Ganera, sarritan ibilten da prentsa idatzian eta irratian. Ibilbide luzea egin dau eleberri historikoaren idazle moduan, eta genero horretako idazle ezagunenetakoa eta irakurrienetakoa da. Erdi Aroan girotutako zenbait eleberri idatzi ondoren, egileak XX. mendearen hasierako urte gatazkatsu eta korapilatsuak aukeratu ditu, 2010ean argitaratutako La Universal izeneko azken eleberria girotzeko.

Iñaki Esteban kazetari, idazle eta filosofoak sarritan idazten dau El Correo egunkarian, eta UPV/EHU-k emoten dauen Kazetaritza masterreko irakasleetako bat da. Zenbait saiakera lan argitaratu ditu, eta horreen artean azpimarratzekoa da 2003an Miguel de Unamuno Saiakera Saria irabazi eban Libertad y sentido en las sociedades democráticas. Horrezaz gan, izen handiko talde lan askotan hartu dau parte. 2002an, Kataluniako Editoreen Gremioak urteko artikulugilerik onenari emoten deutson Atlántida Saria irabazi eban.


Laugarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak literaturarekin egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belén Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Alberto Vázquez Figueroa eta Almudena Arteaga edo Suso del Toro eta Joseba Zulaika.

Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste, beti be lehen mailako protagonisten bitartez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu