Donostiako Zinemaldiak hiru ziklo eskaintzeko ohiturea berreskuratuko dau aurten
2011-03-21 11:34 BarriakJacques Demy zinegile frantses klasikoari eskainitako ohiko atzera begirakoaz gan, aurten beste bi ziklo tematiko be eskainiko ditu Donostiako Zinemaldiak: zine baltz amerikarrari eta azken belaunaldiko zine txinatararri, hain zuzen.
Donostiako Zinemaldiaren 59. edizinoa irailaren 16tik 24ra izango da eta, aurten, programazinoaren barruan hiru ziklo eskaintzeko ohiturea berreskuratuko dau, zinegile klasiko bati eskainitako ohiko atzera begirakoaz gan, aurten beste bi ziklo tematiko be eskainiko baititu. Jacques Demy zinegile frantsesari eskainiko jako ziklo bat, eta zine baltz amerikarrari eta azken belaunaldiko zine txinatararri beste biak.
Kontuak kontu, zinemaldi donostiarrak atzera begirako oso bat eskainiko deutso Jacques Demy (Pontchâteau, 1931- Paris, 1990) zinegile frantsesaren lanari. Demy Frantziako zinemaren barruan ospe handiko izena da eta genero musikala barritu dabenen artean zinegile handienetako bat.
Amerikako zine baltza
American Way of Death: 1990-2010eko Amerikako zine baltza izenburuko zikloa be eskainiko dau Donostiako 59. Zinemaldiak. Zine baltza edo film noir generoa denporea pasau ahala ondoen mantendu dan generoetako bat da, seguruenik bere benetako filosofia mundu osoko gizarteen alde iluna islatzea izan dalako beti. Delinkuentziaren, ustelkeria polizial eta politikoaren, bultzada kriminalen eta desio ilunen erretratuek osotu dabe XX. eta XXI. mendeetako imajinario zinematografiko boteretsuenetako bat.
Hasierako pausuetan, ezaugarri horreetako filmak AEBetako zine klasikoaren testuinguruan sortu ziran, baina ondoren mundu osoko zinematografietara zabaldu ziran.
Halan da be, atzera begirako honen helburua da AEBetako zine baltz barriaren ekarpen azpimarragarrienaren barruan hainbat film esanguratsu eskaintzea, eta film horreei esker, hasierako pausuetatik izan dituan aldaketak irudikatzea: iraganeko zine baltzaren birsorkuntza nostalgikoak, nobela baltzaren maisuen moldaketa zinematografikoak eta barrikuspen postmodernoak.
Horreez gan, generoan ezagunak diran personaien, besteak beste, gangster eta polizien arpegi barriak proposatzen dituen filmak be eskainiko dira, baita afroamerikarren errealidadea polizien ikuspuntutik azaltzen daben filmak, serial killer dalakoei buruzko zinea, thriller erotikoa, nekazaritza munduan girotutako filmak (country noir), eta Amerika sakonaren erradiografiak edo generora hurreratu diran produkzino independenteak be. Berrogei filmeko aukeraketeari esker, ziklo honek amerikar amesaren ikuspegi gazi-geza azaleratuko dau, ongizatearen gizartearen alde iluna islatzen dauen ispilua izango da. Aldi berean, genero honek ikaragarrizko bizitasuna dauela nabarmendu eta mundu osoko zinegile eta jentearen atentzinoa bereganatzen dauela frogatuko dau. Ziklo hau Euskadiko Filmotekeagaz batera antolatu da.
Zine txinatar barria
Itzal digitalak: azken belaunaldiko zinema txinatarra da Donostiako Zinemaldiak eskainiko dauen beste atzera begirakoa. Itzal elektrikoak (dian ying) esamoldeak kultura txinatarrean arte zinematografikoari egiten deutso erreferentzia.
Azken urteotan, Txinako zine independentea oso azkar garatu da, fotogrametatik byte-etara egin dan saltoari esker. Bitarteko digital horreei esker, zuzendariak ausartagoak dira, genero dokumentala eta fikzinoa bateratzen dituen formatuak bilatzen ditue eta eurek filmautako irudiak aurretik filmautakoakaz nahastau eta testuinguru barri batean kokatzen saiatzen dira. Nostalgia kutsu edo protesta sozialetik harago, atzera begirako honetan batutako filmek Txinako errealidadeari buruzko ikuspuntu barriak ezagutzen lagunduko dabe, begirada eta erregistro anitzez jositako filmei esker.
Ziklo honen barruan, 2000. eta 2010. urteen bitartean euskarri digitalean filmautako 18 film sartzen dira. Horreei esker, azken hamarkadan agertutako zinegile txinatar interesgarrienen hainbat lan ezagutzera emoteko aukerea izango da.
Donostia Zinemaldiaren kartel lehiaketea
Lehiaketearen helburua Zinemaldia hainbat lekutan sustatzeko eta iragarteko beharrezkoak diran kartelak aukeratzea da. Euren proposamenak aurkezteko interesa daben diseinu grafikoko lantoki eta agentziek nahiz banakoek hartu ahal izango dabe parte. Lehiaketea nazinoartera zabalduko da eta mundu osoko persona fisikoak eta juridikoak aurkeztu ahal izango dira bertara.
Deialdia martiaren 18an zabaldu da, eta apirilaren 15an amaituko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!