Xabier Lete omenduko dabe Bilbon Nazinoarteko Poesiaren Egunean
2011-03-17 14:26 jardunaldiakAstelehenean, hilaren 21ean, Xabier Lete (1944-2010) poeteari omenaldia egingo deutse Bilbon, Xabier Lete, Ahots bizian izenburuko poesia eta musika errezitaldiaren bitartez. Ekitaldia Bidebarrieta Kulturgunean izango da, 19:30etik aurrera.
Astelehenean, hilaren 21ean, Xabier Lete (1944-2010) poeteari omenaldia egingo deutse Bilbon, Xabier Lete, Ahots bizian izenburuko poesia eta musika errezitaldiaren bitartez. Ekitaldia Bidebarrieta Kulturgunean izango da, 19:30etik aurrera.
Ibone Bengoetxeak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotziak, hasiko dau asteleheneko ekitaldia. Leteren hurreko lagun eta kolaboratzaileek hartuko dabe parte errezitaldian, besteak beste, Karlos Jimenez pianisteak, Joserra Gartzia idazleak eta Joxan Goikoetxea eta Antton Valverde musikariek.
Orain dala hamar urtetik, martiaren 21ean Poesiaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. UNESCOk bultzatzen dau egun hori, herrialde guztietan poesiaren ganean egiten diran jarduerak eskertzeko eta poesia oinarrizko kultura forma legez sustatzeko.
1944an, Oiartzunen, jaio zan Xabier Lete. Hainbat alor landu zituan, baina batez be musikea eta literaturea jorratu zituan. Bere emazte Lourdes Iriondogaz egin eban musikari ibilbidea. Beste hainbat musikarigaz be ibili zan; Antton Valverdegaz batera, esate baterako, ahotsa eta musikea ipini eutsozan Lizardiren poesiari eta Txirritaren bertsoei, 1975 eta 1978 urteen artean.
1968an argitaratu eban lehenengo poesia liburua, Egunetik egunera orduen gurpilean. Gabriel Arestiren Harri eta Herri laneko gizarte poesia hartu eban erreferentzia legez, batez be. Hirugarren poema liburuaren ostean, Letek albo batera itxi eban literaturea zati baterako, eta politikearen munduan sartu zan. 80ko hamarkadan zuzendari nagusi eta sailburu izan zan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailean, baina, osasunez makal, jarduera publikoa baztertu egin behar izan eban.
Osatu ondoren, Letek Zentzu antzaldatuen poemategia lana argitaratu eban. Lan horrek Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia poesia saria jaso eban. 2009an beste sari bat heldu jakon: Kritikaren Saria, Egunsentiaren esku izoztuak beharragaitik. Liburu horrek, ganera, Euskadi Literatura Saria irabazi eban. 2010eko abenduaren 4an hil zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!