Ekologistak Martxan erakundeak V. Ekozinemaldia antolatu dau
2011-02-17 10:24 BarriakEuskal Herrian zehar egingo dira proiekzinoak zezeilaren 17tik 25era bitartean Kuba, Mexico, Mapu, Argentina, Txile, India, Brasil, Bolivia, AEB, Erresuma Batua, Espainia, Euskal Herria eta beste hainbat herrialdetako filmak eskainiz.
Ekologistak Martxan erakundeak Ekozinemaldiaren bosgarren edizinoa atondu dau, eta Euskal Herrian zehar egingo dira proiekzinoak zezeilaren 17tik 25era bitartean Kuba, Mexico, Mapu, Argentina, Txile, India, Brasil, Bolivia, AEB, Erresuma Batua, Espainia, Euskal Herria eta beste hainbat herrialdetako filmak eskainiz.
V. Ekozinemaldiaren barritasuna nagusia da proiekzinoak herriririk herri eskainiko dirala, Ekologistak Martxan erakundeak beste erakunde batzuekaz dituan hartu-emonei esker. Gauzak holan dirala, Euskal Herriko 13 uri eta herritan egingo da: leku batzuetan (Muskiz, Tolosa) egun bakarra izango da, beste batzutan bi, hiru, lau, eta beste batzutan bost eta gehiago (Bilbo, Leioa). Leku bakotxean egitura desbardina izango da taldeen eta aukeren arabera.
Kontuak kontu, Ekozinemaldia leku barrietara helduko da aurten, berbarako, Tolosa, Muskiz, Leioa edo Lizarrara, eta igaz egondako beste batzuetan be egongo da: Usurbil, Irun, Lasarte, Errenteria eta Basauri. Horreekaz batera hasiera batetik egin dan Bilbo, Iruñea, Donostia eta Barakaldon be ospatuko da.
Beti legez, kultur etxeetan, auzo alkarteetan, alkarte politikoetan eta gaztetxeetan antolatu da Ekozinemaldia, eta baita euskaltegi eta helduentzako hezkuntza-zentroetan be, esaterako, Basaurin. Proiekzino guztiak dobanekoak izango dira aurten be.
Filmen artean aurten Awka Liwen argentinarra da aitagarria, Osvaldo Bayer gidoilari ospetsuarena; Mariano Aiello eta Kristina Hille zuzendariakaz izango da emonaldietan Osvaldo Bayer. Film honek, besteak beste, Argentinako lapurreta eta hondamenak, konkista eta ondorengo independentzian izandako jatorrizko herrien genozidioa erakusten ditu.
El final de la línea egungo arazo larria dan neurri bako arrantzea aztertzen dauen pelikulea be nabarmendu dabe antolatzaileek, edota klima aldaketan erreferentzia dan Age of Stupid, oraindino hemen estreinau barik dagoana; orain gitxi hildako Pete Postlethwaite aktore ospetsua da filman protagonista.
Beste alde batetik, aurten be EkoZinemaldiak ahalegin berezia egin dau euskeraz materiala sartzeko, kontuan izanda 'ia ezinezkoa dala hizkuntza honetan ez baita produziduten', antolatzaileen esanetan.
Halan da be, erakundearen hartu-emonak aprobetxauta, bahimena lortu dabe pelikula bi euskeratzako; holan, Gauzen historia, Annie Leonard-en azken produkzinoa euskeratu dabe. Laugarren filma da Leonard hondakinak eta kontsumo gizartea aztertzen hasi zanetik.
Klima aldaketeari buruzko Adi eta mugi! (Wake up, Freak out) film laburra be euskeratu dau Ekologistak Martxan erakundeak, eta euskeraz ikusi ahal izango da baita OMALek (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia) egindako Bigarren lehorreratzea. Espainiako multinazionalak Latinoamerikan produkzinoa. Azken buruan, Gure Boliviarekiko zor ekologikoa be ikusgai izango da euskeraz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!