Agusti Villarongaren 'Pa negre' irabazle handia Goya sarietan
2011-02-14 10:10 BarriakLau euskaldun dagoz aurtengo sarituen artean: Karra Elejalde, Cristina Zumarraga, Reyes Arias eta Urko Garai.
Katalan hutsez errodautako Pa negre pelikulak hamalau izendapenetatik bederatzi garaikur lortu ditu bart gauean Madrilen egindako Goya Sarien XXV. edizinoan. Hona hemen jasotako sarien zerrendea: pelikularik onena; zuzendari onena; emakumezko errebelazino aktore onena (Marina Comas); gizonezko errebelazino aktore onena (Francesc Colomer); zuzendaritza artistikoa; taldeko emakumezko aktore onena (Laia Marull); gidoi egokitu onena; emakumezko aktore onena (Nora Navas); eta argazki zuzendaritza onena. Alex de Iglesiaren Balada triste de trompeta eta Iciar Bollainen También la lluvia ziren faboritoak, baina Mallorcako zinegilearen lana izan da aurtengo erabateko irabazlea.
2011ko sarituen artean lau euskaldun izan dira. Karra Elejaldek bigarren mailako aktore onenaren saria jaso dau También la lluvia-n egindako lanagaitik, eta Cristina Zumarragak film berean produkzino zuzendari moduan egindako beharra be saritu dabe. Urko Garairi soinuaren atalean emon deutse saria, Buried-en egindako beharragatik. Laugarren euskalduna Reyes Arias da; berak zuzendutako Una caja de botones film laburra saritu dabe.
Alex de la Iglesiaren Balada triste de trompeta lanak eukazan izendapen gehien; baina sari bi besterik ez ditu hartu: makillajea eta efektu bereziak. De la Iglesiak, ganera, lehenagotik agindu eban legez, Espainiako Zine Akademiako zuzendari karguari uko egin eutson atzoko galan, Kultura ministro Ángeles González-Sindek bultzatutako legeagaz izandako gatazkea dala-eta. De la Iglesiak atzo adierazo ebanez, ez daukotsagu bildurrik interneti, gure zinearen salbazinoa da.
Andrucha Waddingtonek zuzendutako Lope-k abesti original onenari (Que el soneto nos tome por sorpresa, Jorge Drexler abeslariarena) eta jantzi onenari jagokozan sariak hartu zituan. Rodrigo Cortésen Buried-ek kategoria bitan izan zan irabazle: gidoi original onena eta muntaketa onena. Biutiful-ek gizonezko aktore protagonista onena izan dau, Javier Bardemek egindako lanari esker. Ohorezko Goya, barriz, Mario Camusentzat izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!