Emakumearen lekua literaturan aztergai 'Eztabaidak literatureagaz' programan
2011-02-11 14:26 jardunaldiakAurtengo bigarren hitzorduan, zezeilaren 15ean, arratsaldeko 19:30ean, emakumeak literaturan bete izan dauen lekua aztertuko dabe Marie Darrieussecq eta Arantxa Urretabizkaia idazleek. Moderatzailea, barriz, Idoia Jauregi kazetaria izango da, Radio Euskadiko kultura.com saioaren aurkezleetako bat.
IV. Eztabaidak literatureagaz egitaraua urtarrilean hasi zan eta ohikoa dan legez, literaturearen inguruko topaketak eskaintzen ditu hilean behin, martitzenean eta arratsaldeko 19:30ean, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan. Aurtengo bigarren hitzorduan, zezeilaren 15ean, arratsaldeko 19:30ean, emakumeak literaturan bete izan dauen lekua aztertuko dabe Marie Darrieussecq eta Arantxa Urretabizkaia idazleek, emakume idazlearen ikuspegitik edo, gizonezkoek sortutako emakume personaia handien bitartez, Madame Bovary, La Regenta edo Anna Karenina, besteak beste.
Moderatzailea, barriz, Idoia Jauregi kazetaria izango da, Radio Euskadiko kultura.com saioaren aurkezleetako bat.
Konbidautako idazleek hainbat gairi buruz berba egingo dabe, emakumeen literaturea definiduten daben ezaugarriei edo emakumeek egindako literaturea erresistentziako literaturea dan ala ez gaiari buruz, berbarako. Landuko dituen beste gai batzuk genero desbardintasuna gainditzen ahalegindu zan literaturea, egoera hori iraunarazoten ahalegindu zan literaturearen aurrean edo emakumearen irakurteko zaletasuna dira.
Marie Darrieussecq iparraldeko idazlea (Baiona, 1969) literatura frantsesean lizentziatua da Sorbonneko Unibersidadean, eta bederatzi liburu argitaratu ditu. Bere eleberri ezagunena eta nazinoartean oihartzun handiena jaso ebana Ahardikeriak (1996) izan zan, 30 hizkuntza baino gehiagotara, euskerara be bai, itzulitako best-sellerra. Hainbat gai errepetiduten dira Marie Darrieussecq-en lanetan. Bere lan guztien gai nagusia desagerpenarena eta urruntzearena da. Gairik nabarmenena, personaia nagusia emakumea izan daiten egin dauen aukerea da, idatzi dituan liburu guztietako personaia nagusia emakumea baita.
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) euskeraz idatzitako literatura garaikideko emakume idazle garrantzitsuenetakoa da. Poesia idazten hasi zan, eta argitaratu eban lehenengo lana San Pedro Bezperaren Ondokoak izan (1972) zan. Bere bigarren poema liburua, 1982an Kritikaren Sari Nazionala emon eutson Maitasunaren Magalean izan zan. Bi lan horreen ezaugarria tonu intimistea eta afektibidadez betetako lengoaia dira, naturearen mundua uri handiagaz kontrajarriz. Ondoren narratzaile legez nabarmendu da, eta umeei eta gazteei zuzendutako zenbait lan be egin ditu. Zinearen munduagaz lotura handia izan dau, eta filmen gidoietan be hartu dau parte: Albaniako konkista, Segoviako ihesa eta Lauaxeta.
2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belén Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepúlveda eta Unai Elorriaga edo Suso del Toro eta Joseba Zulaika.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren Ekimena Bidebarrieta Kulturguneak, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kultureari eskainitako guneak, antolatzen dau. Bidebarrieta Kulturgunearen helburu nagusia liburuaren eta literaturearen garapena eta sustapena da. Idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua, lehen mailako protagonistak alkartzeko aukerea eskaintzea izaten da, idazketearen munduagaz lotutako gaiak eta bestelako diziplinak, berbarako, arkitekturea, musikea edo matematikak buztartuz. Programa honen balorazinoa oso positiboa da, izan be, 150 bat lagun hurreratzen dira hilero hitzordu honetara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!