'Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan' proiektua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2011-02-09 01:00   Barriak

Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan asmo handiko proiektua da, bonbardaketen gaineko beste ikuspegi bat dokumental eran erakutsi gura deutsona Bizkaiko gizarteari eta euskal gizarte osoari, modu originalean eta parte-hartzearen bidez egindako ikuspegi bat. Filma hori aire-erasoak sufridu zituen udalerrietako gazteek 'eregiko' dabe, belaunaldien arteko topagune bat sortu, eta, holan, bizirik mantentzeko Bizkaiko eta Euskadiko memoria historikoa.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputadu Josune Ariztondok Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan proiektua aurkeztu dau asteon. Proiektu horrek jazoera hareen urteurrena eta gure lurralde historikoko 30 udalerrik baino gehiagok bizi zituen antzeko erasoak gogorarazoko deuskuz dokumental formatuan. Aurkezpenean egon ziran Egoitz Rodriguez filmaren zuzendaria eta Jose Antonio Olea, Durangoko bonbardaketaren lekuko zuzena.

Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan Aldundiak sustatutako ekimena da, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena (2012an) gogoratzeko —herritarrek gehien ezagutzen dabena da—, baina Durangok, Otxandiok eta Lurralde Historikoko beste 30 herrik bizi izan zituen antzeko erasoak be jasoko ditu. Horrek guztiak, historiako lehen bonbardaketa zibilak izan ziran.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko gizarte osoaren laguntzinoa lortu nahi dau, Oroimen Historikoa berreskuratzeko, horri eusteko eta belaunaldi barriei helarazoteko, jazoera larri hareen 75. urteurrena erreferente lez hartuta.

Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan ekimenaren asmoa da, orain arte egin danagaz konparauta, zeozer desbardina egitea eta belaunaldien arteko topaleku bat sortzea. Topaleku hori Bizkaiko 33 udalerri horreetako gazteek eregiko leukie, hiru belaunaldien ikuspegi anitza batuta. Lehenengo belaunaldiak jazoerak bizi zituan eta bigarren belaunaldiari ostendutekoo ahalegina egin eban. Eta azken belaunaldiak, gaurkoak, jazoera horreek berreskuratu eta gogoratzeko aukerea izango dau, jazoeron inguruan dauen ikuspegia dokumental batean erakutsiz eta adierazoz.

Sormen-filmak belaunaldien sentimenduen collage bat izatea dau helburu eta, asmo hori lortzeko, produkzino-etxeek formatu digitaleko bideokamerak emongo deutsiez proiektuan sartutako gazteei, euren pelikulak egin daiezan eta ikus-entzunezkoen lengoaiatik bere sormeneko ekarpena egin daien.

Metodo parte-hartzailea planteauko da, edade desbardineko personek euren bizipenak alkarbanatzeko gune egokia topau daien. Euskarri erakargarria eta metodologia eraginkorra preparauko da, 10 bideo- kameragaz, bonbardatuak izan ziran 33 herrietara joateko. Herrietako bakotxean, belaunaldi arteko talde batek jazoeren ikuspegia emongo dauen lan taldea osotuko dau, bi aste emoteko lanean. Lan horretan, egoerak berregiteko, lekukotzak emoteko, eretxiak grabetako eta proposamen sortzaileak sartzeko aukerea izango dabe; izan be, ikus-entzunezko dokumentu bat egiteko egokitzat eta interesgarritzat joten daben edozer egin ahal izango dabe. Dokumentu hori jazoera larri hareen isla izango da. Oinarrian, metodologia horregaz pentsamendu paraleloa eta eretxi zuzena jasotea ahalbidetu nahi da.

Bakotxak bere herria landuko dau, eta, bideo baten bidez, orduko jazoeren oraingo ikuskerea helarazoko deusku. Asmoa da material guztia —aurretik antolatuta eta landuta— Bizkaiko gizartearen aurrean aurkeztea da, 2012ko apirilaren 26an, data horretan beteten baita Gernikako bonbardaketearen 75. urteurrena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu