Berlinen Urrezko Hartza irabazi eban 'Eztia' filma estreinauko da euskeraz

Bizkaie! 2011-01-27 13:48   Barriak

Film turkiarra euskeraz estreinauko da hilaren 28an euskal hiru uriburuetan eta zezeilaren 3ra arte ikusteko aukerea izango da Guridi zine aretoetan Gasteizen, Antiguo Berrin Donostian eta Alondegiko Golem aretoetan Bilbon.

Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailak bultzatutako Zinema Euskaraz ekimena aurrera jarraitzen dau pelikulak euskeraz gure zineetara eroaten eta hilaren 28an, Eztia (Miel gaztelaniazko bertsinoan) filmaren txandearen izango da. Film turkiarra euskeraz estreinauko da euskal hiru uriburuetan eta zezeilaren 3ra arte ikusteko aukerea izango da Guridi zine aretoetan Gasteizen, Antiguo Berrin Donostian eta Alondegiko Golem aretoetan Bilbon. Pelikula honek Berlineko Zinemaldiaren Urrezko Hartza, saririk nagusiena, irabazi eban igaz.

Eztia filmak Yusuf izeneko umearen istorioa dakarsku. Yusufek sei urte daukaz, eta eskolan hasi barri da, irakurten eta idazten ikasteko. Yusufen aita, Yakup, nekazaria da. Aldian behin basora joaten da, erlauntzak zuhaitzik altuenetan jarteko. Baso hori misterioz beteta dago Yusufentzat aitagaz batera joaten danean. Egun batez, erleak desagertu egin dira, eta Yakup basoaren barrualdera doa zer jazo dan jakiteko. Denporea aurrera doa baina Yakup ez da bueltetan. Egunak pasa ahala ama gero eta tristeago dagoala konturatzen da Yusuf. Ondorioz, aitaren bila basoan sartzen da protagonistea.

Filmak Yusuf izeneko trilogiari amaierea emoten deutso. Semih Kaplanoglu zuzendari eta gidoilariak hiru pelikula sortu ditu: Esnea, Yusufen nerabezaroari buruzkoa, eta Arrautza, gaztearen etorkizunean garatuta, trilogiaren beste bi pelikulak dira. Semih Kaplanogluren esanetan 'Trilogia flashback luzea izan daiteke baina inoiz ez garaiko filmak'.

Hiru istorioetan agertzen dan Yusuf, persona bera al da? 'Nahiago dot galdera honi ez erantzutea sekretua, filmeen arteko hartu-emon zuzenak eta zeharkakoak, eta misterioak galdu ez daitezan' dino zinemagile turkiarrak.

Edertasunez eta sentikortasunez betetako filme honetan agiri diran paisajeak sekulakoak dira. Rizeko probintzian, Turkiako ipar-ekialdean, grabauta dago Eztia. Pelikula hau Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Perlas atalean aurkeztu eben igaz. Atal honetan munduko zinemaldi nagusietan irabazle izan diran metraje luzeko filmak besterik ez dira onartzen.


Zinema euskaraz programearen nondik norakoak

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatu dau programea herritarrei zinema euskeraz ikusteko aukerea errazteko, zinema euskeraz eskatzen dabenentzako eskaintza nahikoa bermatzeko eta euskerea kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzeko asmoz.

Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskerea kulturearen alorreko komunikazino-tresnatzat eta aisia eta denporapasaren alorreko normalizazino-tresnatzat sustatuko dauen film aukeraketa bat helarazo nahi jake euskal herritarrei.

Programearen oinarria filmeen erakustaldiak izanik, zinema-aretoetan 20 film euskeraz ikusi, beste 27 DVD formatuan saldu eta www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneetan dobako 30 film baino gehiago streaming bidez ikusteko aukerea bultzatuko da. Horrezaz gan, akordioak sinatuko dira udal desbardinakaz, film horreeetako batzuk udal zinema-aretoetan pantailaratzeko aukerea izan daien.

Elkar dendetan eta azalera handietan salgai jarriko diran hurrengo DVDak El equipo A eta Marmaduke dira. Holan, lau titulu izango dira eskuragai, Horton eta Ice Age 3 abenduan salgai jarri ostean. Doban ikusi daitekezan filmeen artean arrakasta gehien izaten ari diranak umeei zuzendutakoak dira: Glup, Baso ilunean, Cristobal Molon, Txirri eta Mirri eta Txiribiton, eta Betizu eta urrezko zinzarria.

Programa hau abian jarteko, akordioa sinatu da euskerea eta euskal kulturea sustatzea helburu dituan EITB erakunde publikoagaz, filmen aukeraketea eta bikoizketea eta eskubideen kudeaketea koordinau eta eskaintza hau sustatu eta ezagutzera emon daian. Gainera, akordioak mamitu dira Vesa, Sade, Golem eta Circuito Coliseo banaketa-enpresakaz, hiru euskal uriburuetan dituen aretoetan film horreek be programau daiezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu