Badator 'No controles' Borja Cobeagaren bigarren film luzea

Karolina Almagia 2011-01-03 10:56   Barriak

Unax Ugalde protagonista dauen erritmo biziko komedia erromantiko eta barregarri honek, George Cukor-en Historias de Filadelfia eta Marianico el Cortoren umorea nahasten dau, zuzendariaren esanetan.

Pagafantas gustoko izan eben guztiak Borja Cobeagaren bigarren film luzea ikusteko gosez egon dira. Urtarrilaren 5ean helduko da zine-aretoetara No controles Unax Ugalde aktore gasteiztarra protagonista dauena. Erritmo biziko komedia erromantiko honek, George Cukor-en Historias de Filadelfia eta Marianico el Cortoren umorea nahasten dau, zuzendariaren esanetan.

'Gaiztokeria gustoko dot. Gaiztoa eta samurraren arteko oreka hori nahasketa ederra begitantzen jat, horixe baita gehien gustetan jatana mundu honetan', dino Cobeagak. 'Eta horri auzo lotsaren umoera jarten badeutsagu, askoz hobeto'.

Filma Gabonzahar baten zehar gertatzen da, aireportutik hur dagoan hotel batean. Hiru lagunen arteko amodiozko istorioa kontetan dau, barregarriak diran hainbat egoera tarteko dirala. Sergiok (Unax Ugalde) Alemaniara joan behar dau lan egitera, baina edurte handia gertatzen da eta hegaldi guztiak bertan behera geratzen dira. Orduan, gaua hotel batean pasau behar dabe. Eta geratzen jakozan ordu horreetan Sergiok bere neska-lagun ohia errekuperau behar dauela erabagiten dau.

Protagonistak euskaldunak dira, horregaitik dira 'hain bildurtiak euren sentimenduak adierazoteko', dino Cobeagak. Filman erabagigarria da Juan Carlitros personaia, neska eta mutilaren arteko bitartekari lana egiten dauena. Julián López umoregileak egiten dau papel hori. Aitagarria da personaia horri etekina ataraten dagoala Cobeaga, Youtuben, Facebooken eta beste sare batzuetan Juan Carlitros protagonista daben bideo barregarriak erakusten dagoalako. Alexandra Jiménezek egiten dau neskearen papela eta berea 'komedia barruan dagoan figura dramatikoa' da.

Pasa dan udan filmau zan No controles, Madrilen, Bilbon eta Loiuko aireportuan. Inprobisazinoz betea egon zan filmaketea. 'Toma on bakotxaren ostean, filmetan jarraitzen genduan -autortu dau Cobeagak- eta holan lortu genduan pagauezina dan materiala'. Ezusteko material horren artean dago Unax Ugaldek egindako Locomíaren imitazino bat, gero zuzendariak, erruki barik, metrajean sartu dauena.

Aranzazu Callejak egin dau soinu bandea eta Vitoria-Gasteiz Orkestreak egin eban grabazinoa Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioan.

Beste alde batetik, Aitor Mantxola oñatiarra izan da argazki-zuzendaria.


Cobeaga, proiekzino handiko zinegilea

Borja Cobeagak (Donostia, 1977) Ikusentzunezko Komunikazinoa ikasi eban Euskal Herriko Unibersidadean. Hori baino askoz lehenago biztu jakon filmak egiteko pasinoa. Izan be, lehenengo film laburrak bederatzi urtegaz egin zituan etxeko lorategian. 2001ean, Goya sarietan hautagai izan zan La primera vez film laburragaz. Gero, bere izena ospea hartzen joan zan Vaya semanita telebista-saioaren ardurea hartu ebanean. Madrilera joan zan gero eta bertan Gran hermano edota Confianza ciega lako saioak zuzendu zituan enkarguz. Splunge eta En buena compañía saioen gidoiak egin ostean, Oscar Aibar-ek zuzendutako La máquina de bailar idatzi eban. Baina bere izena oso ezaguna egin zan 2007an, izan be, urte horretan Marivi Bilbao Goyoagak eta Ramón Bareak protagonizautako Éramos pocos film laburrak Oscar sarietan nominazinoa lortu eban.

Hortik aurrera, Cobeagak bere lehenengo film luzea, Pagafantas zuzendu eban; Gorka Otxoa izan zan aktore nagusia. Komedia barregarri horrek Kritika saria lortu eban Málagako Zinemaldian. Ikusleen artean be sano arrakastatsua izan zan eta, danetara, 2 miloe euroko irabaziak izan zituan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu