'Zinema euskaraz' programeak euskerea hurreratuko dau zinema-aretoetara
2010-12-14 13:56 BarriakHerritarrei zinema euskeraz ikusteko aukerea erraztu, zinema euskeraz eskatzen dabenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko aukerea bultzatu eta euskerea kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzea dira, besteak beste, programearen helburuak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Zinema euskaraz programea jarri dau martxan, herritarrei zinema euskeraz ikusteko aukerea erraztu, zinema euskeraz eskatzen dabenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko aukerea bultzatu eta euskerea kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzeko asmoz.
Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskerea kulturearen arloko komunikazino-tresnatzat eta aisia eta denporapasearen arloko normalizazino-tresnatzat sustatuko dauen filmen aukeraketa bat helarazo gura jake herritarrei, Kultura Sailetik adierazo dabenez.
Zinema euskaraz Gabonetan da programearen lehenengo fasea, eta bigarren faseak 2011. urte osoa hartuko dau. Zinema-aretoetan 20 film euskeraz ikusi, beste 27 DVD formatuan saldu eta www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneetan dobako 30 film baino gehiago streaming bidez ikusteko aukerea bultzatuko da. Horrezaz ganera, akordioak sinatuko dira udalakaz, film horreetako batzuk udal zinema-aretoetan pantailaratzeko aukerea izan dagien.
Programa hau martxan jartzeko, akordioa sinatu da EITBgaz, filmen aukeraketa eta bikoizketa eta eskubideen kudeaketa koordinau eta eskaintza hau sustatu eta ezagutzera emon dagian. Ganera, akordioak mamitu dira Vesa, Sade, Golem eta Circuito Coliseo banaketa-enpresakaz, Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen aretoetan film honeek be programa dagiezan.
Gabonetan
Aurtengo Gabonetan, bi film euskeraz estreinatuko dira zinema-aretoetan: abenduaren 22an, Norvegiako Hjem til jul (Etxera Gabonetan) filma ailegauko da, Donostiako Zinemaldiaren aurtengo edizinoan Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria jaso dauen berbera. Gabon-kanta moderno honek umorea, tragedia, xamurtasuna eta etsipena buztartzen ditu era askotako pertsonaien bitartez, eta abenduaren 29ra arte izango da ikusgai.
Bestalde, urtarrilaren 3an hasi eta hilaren 9ra arte, ume, gazte eta helduei zuzendutako familia giroko Vikaren (Ordezkoa) film daniarra estreinauko da. Bertan, seigarren mailako talde bateko ikasleek ahaleginak eta bi egingo ditue irakasle barria asmo txarrez betetako alienigena bat dala jakinarazoteko beren gurasoei.
Euskeraz banatuko diran lehenengo DVDak, Horton eta Ice Age 3 filmenak, hilaren 22an jarriko dira salgai azalera handietan eta ohiko saltokietan, 12,95 euroko prezioan.
Horregaz batera, abenduaren 22tik aurrera, www.kulturklik.neteta www.eitb.comwebguneek 30 film euskeraz eta on line ikusteko aukerea eskainiko dabe, baina deskargetako aukerarik barik. Zinema euskeraz eta doban ikusteko aukera barritzaile honetarako, film horreen eskubideen inguruko akordioa be mamitu da. Printzipioz, film bakotxa 2.000 erabiltzailek ikusi ahal izango dabe, hau da, ordenagailu bidez zinemea ikusteko 60.000 gonbidapen banatuko dira.
Unibertsolariak, Betizu eta urrezko zintzarria, Karramarro uhartea, Crisis carnívora, Cristobal Molón, Munduaren bira doan eta La leyenda del Unicornio dira, besteak beste, ekimen honetarako aukeratu diran animazinozko 20 filmetako batzuk. Ganerako hamar fikzinozko filmen artean, Aupa Etxebeste, Ilargien sekretua, Ander eta Sukalde kontuak pelikulak dagoz.
2011. urte osoan, Zinema euskaraz programeak areto komertzialetan hilero filmak euskeraz estreinau eta zenbaitetan DVDak merkaduratzeko aukerea bultzatu gura dau. Helburu horri begira, film batzuk euskeraz banatzeko eskubideak negoziau dira, Canneseko Jaialdiaren aurtengo Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso dauen Des hommes et des dieux (Jainkoenak eta gizonenak), Berlineko Jaialdiaren 2010eko Film Onenaren Urrezko Hartza lortu eta 2010eko Oscarretarako aurreaukeratuta geratu dan Miel, Harrison Ford protagonista dauen Crossing over edota In a better world filma tarteko dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!