Bilboko Arte Eder Museoko Zinematekea Alhondigara lekualdatu dabe
2010-12-13 13:27 BarriakAlhóndigaBilbao orain dala gitxi zabaltzeari esker, espazio barria proposatu da Bilbok ikus-entzunezko eskaintza egonkorra izan daian. Horregatik, bada, ibilbide barri bati ekin jako, aldez aurretik Bilboko Arte Eder Museoan egindako lana oinarritzat dauena.
Bilboko Arte Eder Museoko Zinematekea 1983. urtean inaugurau zan, eta ordutik, José Julián Bakedanok, museoaren zuzendariordeak zuzendu izan dau. Bi arrazoiengaitik sortu eben: batetik, zinea ikusizko arte moduan aintzat hartzea (beste museo batzuek aspaldi egin eben legez, berbarako, New Yorkeko MOMAk eta Parisko Louvre edo Pompidou zentroak), eta, bestetik, merkataritzakoa ez dan zinea modu egonkorrean zabaltzeko zerbitzua eskaintzea, gure inguruan ez baitago holakorik.
Hasieran, 56 jarleku zituan areto txiki batean emoten ziran proiekzinoak, eta museoa barriztu ondoren (2001eko abendua), 206 jarleku dituan egungo aretora aldatu ziran. Orduantxe, hain zuzen be, Metro Bilbaok bat egin eban proiektuagaz babesle bakar moduan. Ordutik gaurdaino, ehun mila erabiltzailek baino gehiagok gozau dabe proiekzinoez: ikusleak oro har, zinemazaleak eta Arte Ederretako eta Informazinoaren Zientzietako ikasleak.
Proiektua abian egon dan 28 urteetan, helburua argia izan da: kultura zinematografikoa zabaltzea, zinemagintzearen historiaren barruan euren filmografia dala-eta azpimarratzekoak diran zuzendari klasikoen nahiz egungo zuzendarien lanak proiektatuz. Horretarako, bada, 200 ziklo baino gehiago programau dira, ezinbestekoak diran zuzendarien omenez (John Ford, Orson Welles, François Truffaut, Ingmar Bergman, Jean Cocteau, Alfred Hitchcock, Fritz Lang, Pier Paolo Pasolini, Federico Fellini, Luis García Berlanga, Akira Kurosawa, Stanley Kubrick…) zein aktore mitikoen omenez (Buster Keaton, Humphrey Bogart, Gary Cooper, Charles Chaplin…). Era berean, ziklo monografikoak be programau izan dira: zine dokumentala, egungo zine independentea, zine sobietarra, zinea eta opera, zine mutuko maisulanak, zine afrikarra, anime japoniarra… Jarduera nagusi honegaz batera, era berean, topaketa eta mahai-inguruak be antolatu izan dira, zuzendari ospetsuakaz. Sarri askotan, programazinoak beste filmoteka batzuen lankidetzea izatea eskatu dau eta hainbat ziklo antolatu dira alkarregaz; horrek atzerriko filmoteketako kopiak eskuratzea ahalbidetu dau. Esangura horretan, Zinematekea ospe handiko eragileetako bat izan da, museoaren jardunaren barruan.
Halan da be, AlhóndigaBilbao orain dala gitxi zabaltzeari esker, espazio barria proposatu da Bilbok ikus-entzunezko eskaintza egonkorra izan daian. Horregatik, bada, ibilbide barri bati ekin jako, aldez aurretik Bilboko Arte Eder Museoan egindako lana oinarritzat dauena.
2011ko zezeiletik aurrera, zinematekea dator barriro, baina, hemendik aurrera, AlhóndigaBilbaon izango da John Forden omenez egingo dan ziklo hau. Ondoren, Pedro Almodóvarri buruz egingo dan beste bat proiektauko da. Espazio barria izango da, zinemaren, aisialdiaren eta, oro har, kulturearen zaleentzat foro bat izaten jarraitu nahi dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!