Aurtengo Zinebi sari nagusiak bi irabazle izan ditu
2010-11-29 13:56 BarriakSari nagusia pelikula biren artean banatzea erabagi dau aurten Zinebiko epaimahaiak: garaikurra Banu Akseki belgikarraren Thermes fikzino-lanari eta Jurgis Krasons letoniarraren Norit Krupi animazino-lanari emon deutse, ex aequo.
Sari nagusia pelikula biren artean banatzea erabagi dau aurten Zinebiko epaimahaiak: garaikurra Banu Akseki belgikarraren Thermes fikzinoari eta Jurgis Krasons letoniarraren Norit Krupi animazinoari emon deutse, ex aequo. Ez hori bakarrik. Film bi horreek besteen ganetik dagozala eretxita, ganera, animazino eta fikzino sailetako lehen sariak be emon deutsiez. Hau da, Thermes-ek Fikzinozko Urrezko Mikeldia jaso dau; eta Norit Krupi-k, Animazinozko Urrezko Mikeldia.
Arlo askotako profesionalek osotu dabe 52. Zinebiren epaimahaia. Bakotxa arlo batekoa izanda, eztabaida ugari izan dituela autortu dabe, baita animazinoak eta fikzinoak izan dauela indar handiena be. 'Zine dokumentalaren barruan ez dira horrenbeste lan nabarmendu', autortu dabe.
Elina Talvensaari finlandiarraren Miten marjoja poimitaan eta Ilya Tomaxevitx errusiarraren Blue Sky, Dark Bread saritu ditue, hurranez hurran, Zinema dokumentalaren Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiakaz.
Euskal zinema
Ana Cacopardo epaimahaikideak euskal zinemaren maila ona nabarmendu dau.
Euskal zinemaren sari nagusia Pedro Rivero eta Alberto Vazquezen Birdboy animazinoak irabazi dau eta Espainiako Zinemaren sari nagusia Asier Altunaren Artalde lanak jaso dau. Zinemagileak azaldu dau intuizinoz eginiko lana dala, metafora bidezkoa. Eta epaimahaiak lana ulertzen jakin dauelako pozik dago.
Danetara, 73 film lehiatu dira aurten Zinebin, 33 herrialdetakoak.
Palmaresa
- Zinebi Sari Nagusia (ex aequo): Jurgis Krasonsen Norit Krupi (Letonia) eta Banu Aksekiren Thermes (Belgika).
- Euskal Zinema Sari Nagusia: Predo Rivero eta Alberto Vazquezen Birdboy.
- Espainiako Zinema Sari Nagusia: Asier Altunaren Artalde (Euskal Herria).
- Animazinozko Urrezko Mikeldia: Jurgis Krasonsen Norit Krupi (Letonia).
- Animazinozko Zilarrezko Mikeldia: Hendrick Dusollierren Babel (Frantzia).
- Fikzinozko Urrezko Mikeldia: Banu Aksekiren Thermes (Belgika).
- Fikzinozko Zilarrezko Mikeldia: Fernando Francoren Les variations dielman (Espainia).
- Dokumentalaren Urrezko Mikeldia: Elina Talvensaariren Miten marjoja poimitaan (Finlandia).
- Dokumentalaren Zilarrezko Mikeldia: Ilya Tomaxevitxen Blue Sky, Dark Bread (Errusia).
- Hego Amerikako filmik onenaren Zilarrezko Karabela: Janaina Marques Ribeiroren Los minutos, las horas (Kuba).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!